Medikuarengana joan, eta oinazea ezin euskaraz adierazi; poliziari euskaraz egin, eta isuna; erdara hutsean idatzitako seinaleak eta testuak. Askotarikoak dira Euskal Herriko euskaldunek jasaten dituzten hizkuntz eskubideen urraketak, eta, urtero bezala, txosten batean bildu ditu Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. 2019an, 737 kexa jaso zituen guztira, hau da, egunean bi kexa.
Arlo publikoan, Eusko Jaurlaritzari zuzendutakoak izan dira kexarik gehienak: 138, guztira. Nafarroako Gobernuak ere ugari jaso ditu: 71. Bizkaiko udalek, paretsu: 73. Sektore pribatuan, berriz, kexarik gehienak saltoki handiei buruzkoak dira: 73 guztira. Arloka begiratuta, lau nabarmendu ditu Behatokiak: osasuna, segurtasuna, turismoa eta hezkuntza. Koronabirusarekin lotuta, zehazki, lehendik zeuden hutsuneak azaleratu direla azaldu du Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak, eta areagotu egin direla: «Orain arte egon diren hutsune eta neurri ezegokiek urraketen larritzea eragin dute oraingoa bezalako egoeretan». Osasunaren arloan, erraterako, langile euskaldunen gabezia dagoela azpimarratu dute. Gaubekak azaldu duenez, Osakidetzako hiru langiletik batek soilik du ziurtatua bere lanpostuari dagokion hizkuntz eskakizuna, eta Osasunbidean langile euskaldunen kopurua ez da %0,5era ere iristen. Ipar Euskal Herrian are okerragoa da egoera.
Egoeraren adierazgarri da, adibidez, ume baten gurasoek egindako kexua: gaixotasun larri batekin ospitaleratu behar izan zuten alaba Donostia Ospitaleko umeen psikiatrikoan, baina mediku guztiak erdaldunak ziren, eta alabak zailtasunak zituen gazteleraz egiteko. «Negargarria da hau jasan behar izatea, alabak jasaten duen gaixotasunaren sufrimenduaz gain», dio lekukotasunak.
Euskaraz eginda, zigorra
Segurtasunaren alorrekoak dira Behatokiak bildu dituen kexa anitz, eta ohartarazi dute herritarrek «beldurra» dutela poliziaren aurrean hizkuntz eskubideak betearazteko. Ertzaintzari, Foruzaingoari, Espainiako zein Frantziako poliziei eta udaltzainei zuzenduta egin dute kexa herritarrek. Gaubekaren hitzetan, «oztopo gehien duen sektorea» da poliziena. Bada euskaraz egiteagatik isunik jasan duenik ere. Bilboko Aste Nagusian udaltzainei euskaraz egiteko eskatzeagatik gizon bat epaitu zuten abenduan, erraterako. Polizien artean anitzek ez dute hizkuntz eskakizunik, Behatokiak dioenez.
Behatokiak 737 kexa jaso zituen iaz hizkuntz eskubideen urraketengatik
Arlo publikoan, Eusko Jaurlaritzak eragin ditu gehien; pribatuan, saltoki handiek. Koronabirusak agerian utzi ditu lehendik zeuden arazoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu