«Ez da nahikoa». Iragan ostiralean, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen administrazioko 246 lanpostu gehiagori ezarriko diela profil elebiduna eta, hortaz, euskara eskakizun izanen dela postu horietan aritzeko. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, ordea, ez du begi onez ikusi proposamena: «Ez da nahikoa, inondik inora ere. Kopuru horrekin, ezinezkoa da euskarazko informazioa eta zerbitzuak emateko legez ezarria dagoen gutxienekoa bermatzea ere», adierazi du erakundeak, ohar batean. Gaur egun, Hezkuntzako langileak kenduta, euskarazko zerbitzua emateko gai dira langile publikoen %3,27, eta, gobernuak eginiko proposamena onartuko balitz, %4,7 lirateke. 757 behargin, guztira.
Behatokiak uste du proposamen hori «iruzurra» dela, hurrengo hamarkadetan euskararen alorrean egin litezkeen aurrerapausoak «mugatzeko». Izan ere, Behatokiak salatu du gobernuak ez dituela kontuan hartu euskarazko arreta bermatzeko beharrezkoak diren zenbait parametro: «Departamentuetako lanpostu gehienak eremu mistoan egon arren, zerbitzu zentralak eskaintzen dituzte; beraz, euskara ofiziala den eremuko herritarrentzat ere lan egiten duten heinean, lanpostu horietan guztietan nahitaezkoa beharko luke euskaraz jakiteak, ez gutxi batzuetan bakarrik, herritarrek bermatua izan dezaten euskara erabiltzeko edo zerbitzuak euskaraz jasotzeko aukera».
Ikusi gehiago
Aurrez aurreko edo telefono bidezko arretaz harago, «euskaraz lan egiteko gaitasuna duten profesionalak» galdegin ditu Behatokiak: «Batez ere, komunikazioko ataletan, osasungintza edo segurtasunari lotutakoetan, unibertsitate edo eraldaketa digitalekoan, kulturan, kirolean, gazterian eta abar». Hori bermatzeak «Nafarroako sistema publikoaren oinarrietako bat» izan beharko luke, erakundearen iritziz: «Lanpostu elebidun bakan batzuk izateak ez die behar bezala erantzungo egun dauden ezintasunei». Orain hartutako erabakiak, bestalde, «etorkizuneko zerbitzuak» ere baldintzatuko dituela uste du Behatokiak: «Euskararen berreskurapenerako galga izan daiteke, Nafarroako hainbat eremutan».
Azkenik, Behatokiak larritzat jo du hizkuntza eskubideen bermea «eskaintzaren eta eskariaren parametroetan» kokatzea: «Giza eskubideen aitortzak, babesak, erreparazioak eta bermeak gizartearen berezko oinarri izan beharko lukete, eta herritarrek ez lukete behin eta berriro eskean ibili behar, horiek bete daitezen». Arreta gaztelaniaz jasotzeko aukera erabat bermatua dagoen bezala, horixe bera eskatu dute euskararentzat ere, «normaltasunez».
Udaltzain elebakarrak Donostian
LAB sindikatuak salatu du Donostiako Udalak martxoaren 15era arte luzatu duela Udaltzaingoa indartzeko programa eta, hortaz, hirugarrenez kontratatu dituela euskaraz ez dakiten udaltzainak: «Asko eta asko erdaldun elebakarrak dira, udaltzainen kontrataziorako oinarrietan jasota dagoen arren hautagaiek hizkuntza eskakizunak bete behar dituztela». Horiek horrela, LABek Donostiako Udaleko Euskara zerbitzuari eskatu dio egin dezala erabaki horren gaineko txosten juridikoa, «jakiteko udalaren jokabidea legezkoa den ala ez»
Sindikatuak salatu duenez, auzia ez da berria, eta urtero errepikatzen da egoera hau: «Udako udaltzainak kontratatzeko oinarri, deialdi publiko eta lan poltsa propioak egin beharrean, Donostiako Udalak Arkautiko polizia akademiari eskatzen dio udaltzainak bidal ditzala; era horretan, euskaraz ez dakiten udaltzain elebakar mordoa kontratatzen dituzte, oinarrietan jasota dauden hizkuntza eskakizunak betetzen ez dituzten arren», azaldu dute ohar batean. Udako hilabeteak igarota, gainera, udalak kontratua luzatzen die polizia horiei.
LABen irudiko, jokabide horrek hiru faktore utzi ditu agerian: «Lehena, Donostiako Udaltzaingoa ez dela gai esku artean dituen beharrei behar den moduan erantzuteko. Bigarrena, Donostiako Udalak, beste hainbat udalek egin duten moduan, lan eskaintza publiko bat egin beharko lukeela udaltzain euskaldunak kontratatzeko, Arkautiko bidea baztertuz. Eta hirugarrena, udala gai dela kontratuak programa bidez egiteko, horretarako beharra duenean, baina ez duela gauza bera egiten, adibidez, Gizarte Ongizatean, bertan ere langile premia gorria den arren».