Immigrazioa. Errefuxiatuen egoera. Patricia Barcena. CEAR Euskadiko zuzendaria

«Behartutako immigrazio orok izan behar luke babesa»

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Hogei urte betetzear zela jaso zuen CEAR Euskadik Eusko Jaurlaritzaren Rene Cassin saria abenduan. Elkartea jaio zenean abiatu zuen Patricia Barcenak (Bilbo, 1971) errefuxiatuen eskubideen aldeko borroka; zuzendari lanetan dabil 2007tik.

Zenbat asilo eskaera egoten da urtean Hego Euskal Herrian, eta zenbat onartzen dira?

%6-7 inguru onartzen dira, baina eskaera kopuruek gorabehera handiak izan dituzte Hegoaldean: urtero ehun eskaera inguru egoten dira, baina 2011n beherakada handia izan zen: ez ginen 70era iritsi. Joera orokortua izan zen estatu osoan, mugak kanporatzeko politiken ondorioz: mugak babesteko zirkuitua sortzen ari da Europa, eta jendea ezin da heldu.

Hau da, ez dira heltzen asiloa fisikoki eskatu behar duten tokira.

Hori da. Asiloa eskatzeko, herrialde seguru batera heldu behar dute. Baina Espainia, Grezia eta Italia, Europa hegoaldeko mugak izaki, etorkinak hel ez daitezen arduratzen dira; Europako Batasunak hor indartzen ditu zaintza sistemak, esaterako, pertsonak itsasoz hel ez daitezen. Gainera, beste herrialdeekiko akordioak ere sinatzen ari dira, hango biztanleak irten daitezen saihesteko. Adibidez: Espainiak atxikitze zentro bat ireki du Mauritanian, handik atera edo ustez atera nahi dutenentzat, kostaldera hurbiltzen den oro atxikitzen baitute, baita arrantzara doazenak ere. Ofizialki, gobernuak errefuxiatuen egoera gaitzesten duen arren, ez die sartzen uzten.

Zein argudio ematen dute eskaerak atzera botatzeko?

Kontakizunek sinesgarritasunik ez dutela argudiatzea da ohikoena, ez dagoelako froga nahikorik esandakoa egiaztatzeko. Baina hori ere borondate politikoaren araberakoa da. Azken batean, estatuek asiloarekin duten konpromisoak berekin dakar errefuxiatua duintasunez bizitzea ahalbidetzea, gizarteratzeko prozesuan lagunduz, hizkuntza irakatsiz, lana eta etxebizitza bilatuz... Horrek inbertsio esanguratsua eskatzen du; hortik datoz oztopo asko.

Babesa eskatzeko kausen artean, zeinetan dago errefuxiatu estatutua emateko joera?

Denak dira konplexuak, baina batzuk errazago egiazta daitezke. Iritzi politikoagatiko jazarpenak froga asko uzten ditu; esaterako, Kolonbian, giza eskubideen aldeko ekintzaileek iritzia publikoki adierazten dute, eta arrastoa uzten dute prentsan, eztabaida guneetan... Talde sozial bateko kide izateagatiko jazarpena konplexuagoa izaten da. Sexu joera egiaztatzea zaila da, LGTB elkarteetan jardun ez direnentzat, adibidez; herrialde bakoitzean homosexualitatea nola zigortzen den adieraz daiteke, baina hori bakarrik ez da nahikoa froga.

Gatazka egoeran dauden herrietatik datozenek urteak eman ditzakete behin betiko ebazpenaren zain. Zer gertatzen da haiekin epe horretan?

Ebazpena heldu arte lasai egon daitezke, egoitza baimena dutelako, eta sei hilabetera, lan egitekoa ere bai. Ezustekoa dator bizpahiru urteren buruan, hemen bizimodua egina dutenean, asiloa ukatu eta egoera irregularrean egotera pasatzen direnean: sorterrira bidal ditzakete, ezin dute lan egin, enpleguari lotutako baimenak galtzen dituzte... Paperik gabekoen egoerari gehitu behar zaio jaioterrira itzultzea arriskutsua dela. CEARen diogu errefuxiatu kopurua ez dela neurtzen aitortutako kasuekin, eskaerekin baizik: araudi irekiagoa izango bagenu, gehiagok lortuko lukete babesa.

Borondatezkoak ez diren migrazio mota asko dagoela ikusarazten dute errefuxiatuek?

Bai. Behartutako eta borondatezko migrazioak banatzen dituen lerroa oso mehea eta lausoa da. Areago, borondatez migratu dutela uste duten asko ez dira borondatezko migranteak, zerbaitek behartu dituelako lekualdatzera. Eta behartutako migrazio orok eduki beharko luke babes motaren bat; ez du zertan asiloa izan. Orain, krisiaren harira, hemengo gazteen erbesteratzeaz hitz egiten dutenek kontzeptu bera erabili beharko lukete hona datozenekin, baina legez kanpoko immigrante esaten diete. Etorkinei buruzko mezuek immigrazioarekiko beldurra eragitea lortu dute: kriminalizatu egin dituzte, eta pertsona bakoitzaren errealitatea ikustea oztopatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.