Azkenekoz, Badaiako mendilerroan eraiki zuten parke eoliko bat Araban, 2005ean. Bi hamarkadaren ostean eraikiko dute hurrengoa: Oiongo Labraza herrian egingo dute. Izan ere, gogoz kontra bada ere, Oiongo Udalak gaur arratsaldeko osoko bilkuran emango dio baimena parke eoliko hori eraikitzeari. Zortzi haize errota izango ditu, bost megawatteko potentziakoak; beraz, parkeak 40 megawatteko potentzia izango du. Hau da, urtean ia 100.000 megawatt-ordu ekoitzi ahal izango ditu —ia 30.000 etxe hornitzeko adina energia da hori—.
Labrazako parke eolikoa eraikitzeko proiektua ez da eztabaidetatik at egon, ordea. Aixeindar enpresa da proiektuaren bultzatzailea, Iberdrolak eta EEE Energiaren Euskal Erakundeak sortutako enpresa bat —%60ko parte hartzea du Iberdrolak, eta %40koa EEEk—, eta Eusko Jaurlaritzak eraikitzeko baimen administratiboa eman zion iazko azaroan. Oiongo Udala eta mugimendu ekologista, baina, proiektuaren kontra daude. Udalak alegazioak aurkeztu zizkion proiektuari, baina Jaurlaritzak atzera bota ditu guztiak.
Are, udalak —EH Bildu dago agintean— txosten juridiko bat eskatu zuen jakiteko ea zer ondorio juridiko izango lituzkeen proiektua udal batzarrean baztertuko balu. Ondorioa: Labrazako parke eolikoaren proiektua behin betiko onartzera behartuta daude, legez. Izan ere, eraikitzen hasteko behar diren baldintza guztiak betetzen ditu proiektuak: ingurumen inpaktuari buruzko adierazpena, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena. «Badakigu Eusko Jaurlaritzak espediente guztiak aldekotzat jo dituela, eta badakigu hirigintzari dagokionez espediente guztiak behar bezala badaude lizentzia ematera behartuta gaudela», adierazi du Jose Manuel Villanueva alkateak, ohar baten bidez.
Oiongo Udalean EAJ eta PSE-EE nagusi zirenean bultzatu zuten parkearen proiektua. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren ustez, behin betiko onarpena «albiste ezin hobea da», eta «eskerrak» eman dizkio Villanuevari, «egindako lanagatik».
«Kontraesana»
Arabako Errioxa Bizirik talde ekologistak gaitzetsi egin du Oiongo Udalaren erabakia. Taldearen ustez, «kontraesana» da batetik proiektu horren alde egitea eta bestetik lurraldea eta natur ondarea defendatzea. Oiongo landa eremuari eta mendi inguruei «eraso» egingo die parke eoliko horrek, eta, hori ez ezik, Labrazako 75 bizilagunei «bizkarra» ematea da: «Beren lurren inguruan erabakitzeko duten eskubidea usurpatu diete».
Labraza eta hango ekosistema «arriskuan» daudela ohartarazi du Arabako Errioxa Bizirik-ek, eta gogorarazi du bide juridiko bat irekita dagoela oraindik, prozesu burokratikoan egondako ustezko irregulartasunen ondorioz: «Helegite bat ebatzi gabe dago oraindik».
Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarrien ekoizpena handitzeko azpiegiturak sustatuko dituela esana du. Ia hogei urtez ez da parke eolikorik eraiki Araban, Bizkaian eta Nafarroan —Bilboko Portukoa izan zen martxan jarri zen azkena, 2006an—, baina proiektu olde bat aztertzen ari da gobernua, 30 egitasmotik gora, berriztagarrien ekoizpena handitzeko. Eusko Legebiltzarrak iaz onartu zuen Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legeak jasotzen duenez, energia kontsumoaren %32 estali behar dute energia berriztagarriek 2030. urtean. Gaur-gaurkoz, kontsumoaren %9 estaltzen dute —Nafarroan, %27—.
Labrazakoa Araban abian jarriko den hirugarren parke eolikoa izango da. Horietako bat Gipuzkoarekin partekatzen du. Bizkaiak bi dauzka martxan, eta Nafarroak 60 inguru.