Hamar urte inguru eman ditu Txarly Martinez Bujandak (Kanpezu, Araba, 47 urte) Langraizko (Araba) espetxean sartzen, apaiz lanetan. Baina, berez, azken bi urteotan kartzela maizago bisitatzen ari da. Gainera, gaur egungo apaiz titularra da, aurreko apaizak, Jesus Maraurik, postua utzi ondoren. Kartzelaz kanpoko ekitaldietara irteten diren presoen txango bat antolatzen harrapatu dugu, Gasteizen, Espetxerako Elizak duen bulegoan.
Presoak hiltzen uzten ari dela dirudi kanpotik. Hala al da?
Ez dakit... Ez dut uste hiltzen uzten ari direnik, baina hiltzen ari dira, nahiz eta hori kartzela guztietan gertatu. Arazoa da Langraizko kartzelan asko hiltzen ari direla denbora gutxian. Funtzionarioak gaiztoak al dira? Espetxe guztietan daude. Kartzela oso gaizki dagoela? Bai, baina beste batzuk okerrago daude, Martutenekoa (Donostia) eta Iruñekoa, kasu. Langraizko osasun baldintzak, ordea, okerragoak dira. Hortaz, denetarik dago: preso kopuru handia, asko eta asko gaixo, zigor luzeekin.
Aurrerapauso bakarra ei da Espainiako Gobernuak berak aitortu duela espetxea «zaharkituta» dagoela eta «gabezia nabarmenak» dituela.
Hori onartzen du jende guztiak. Kartzelako zuzendaritzak eta langileek jakin badakite espetxeak ez dituela beharrezko baldintzak. Hirugarren Munduko espetxea da zenbait alorretan: adibidez, modulu batzuetako presoek kanpora irten behar izaten dute dutxara heltzeko...
Zer neurri ezarriko zenuke indarrean zuk oraintxe bertan?
Erizaindegiarena kontua larria da benetan. Lekutan dago, kartzelaz bestaldera: hamaika ate igaro behar dira heldu ahal izateko. Larrialdi bat gertatu eta medikurik ez da topatzen; erizaindegira joan beharra dago.
Kartzela gainezka dago, ezta?
Hori beste arazo larri bat da. 60 presorentzako tokia duen patio batean 200 preso badaude, nahitaez egunen batean talka egin beharko dute.
Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendari Mercedes Gallizok preso batzuk espetxez aldatzeko asmoa agertu du. Hasi al da mugimendua?
Bai. Iragarri eta hurrengo egunean prestatu zituzten 50 espediente, nahiz eta batzuekin arazoak izan ziren hasieran, Araba edo Bizkaian bizi ziren batzuk zeudelako zerrendan, eta epaileak horrela ez egiteko eskatu zuen.
Funtzionarioen eta presoen arteko liskar girorik ba al dago?
Ziur funtzionarioren batek begitan hartuta daukala presoren bat. Argi dago funtzionarioek erabaki batzuk bete behar izaten dituztela. Funtzionarioa ez da presoen laguna; ez dakit etsaia den, baina ziur laguna ez dela. Baina, oro har, ezin da esan liskar girorik dagoenik.
Gallizok iragarritako konponbideetako bat da funtzionario kopurua handitzea. Zer deritzozu?
Kontua da funtzionarioak denak direla, baita psikologoak ere. Funtzionario gehiago tratamenduan? Ados. Garai batean bi psikologo zeuden, eta gaur egun bost dira. Ez dakit noiz arte egongo diren, baina bost dira aurtengo krisia gertatu denetik.
Krisi horren mugarrietako bat izan zen segurtasun buru ohiaren dimisioa. Beharrezkoa zela uste al duzu?
Bai. Nire ustez, beharrezkoa zen segurtasun buruak espetxetik alde egitea. Nik ez diot errugabea edo erruduna dela, baina pertsona bati hori guztia leporatzen bazaio, ezin da kartzelan egon botere esparru bat kudeatzen. Zer pasatuko litzateke irakasle bati sexu jazarpena egotziz gero? Ikastetxean jarraituko al luke?
Segurtasun buru ohiaren aurkako prozesuak aurrera egingo al du?
Antza, zaila dago. Azken deklarazioetan fiskalak ez zuen txintik ere esan. Horrek pentsarazten du babesteko asmoa dagoela, auzia estali nahirik-edo, eta, beraz, akusazioak agertu beharko du zerbait badago.
Eta zuzendaria bera? Auzitan jarri izan da zuzendariaren rola ere.
Nik uste dut ez dela konponbide magikoa zuzendaria-eta joatea. Baina, tira: gauza asko gertatu dira; hamahiru urte eman ditu karguan, eta zaila izaten da ilusioari eustea, horrelako denboraldi luzean egonda. Baina argi daukat zuzendaria joate hutsagatik ez dela dena konponduko.
Baina espetxearentzat ona al litzateke zuzendaria aldatzea?
Ez dakit. Nik uste dut ona izango litzatekeela eredua aldatzea. Ikusten ari da espetxea ez dabilela: kartzelara gizarteratuta egon gabe sartzen denak jai dauka; horregatik, ikaragarri handia izan ohi da berriro delitua egiten dutenen kopurua. Kartzela, bada, aparkaleku hutsa da, eta, behin irten ondoren, delituari ekiten diote berriro, ez dutelako batere tratamendurik jaso.
Kartzelaren garbiketa sakonari ekingo zaio. Larria da hori presoak hil ondoren egitea, ezta?
Kartzela, berez, garbitzen da, baina, begira: nik ez dut inoiz arratoirik ikusi, baina badaudela esaten dute askok, eta egia omen da hori, funtzionario batek esan didalako. Dena den, garbituta ere, ez bada kartzelaren barruko hoditeriaren arazoa konpontzen, hiru hilabetean arazo bera etorriko da. Eta, bai, penagarria da hori guztia sei lagun hil eta gero egitea.
LANGRAIZKO KARTZEL. TXARLY MARTINEZ BUJANDA LANGRAIZKO KARTZELAKO APAIZA
«Beharrezkoa zen segurtasun buruak espetxetik alde egitea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu