Udal eta foru hauteskundeak. Elkarrizketa. Maria del Rio. EH Bilduren Bilboko alkategaia

«Beharrezkoa da hurbileko polizia eredu bat, duda barik»

Bilboko udal gobernuaren eredua «zaharkitua» dela deritzo del Riok, eta «herritarrei bizkarra ematen diela». Alokairu igoerak mugatzeko asmoa adierazi du, baita pisu turistikoak erregulatzeko bulego bat sortzekoa ere.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun

«Alternatibakoa bai, baina bereziki EH Bildukoa» da Maria del Rio (Bilbo, 1982). Doktorea da Zuzenbidean, eta EHUko irakaslea; hamarkada bat baino gehiago darama politika lanetan.

Zer iritzi daukazu amaitzear dagoen legegintzaldiaz?

Berezia izan da. Pandemia dela eta, erronka berriak egon dira. Asko egon da ikasteko: konturatu ginen zeinen garrantzitsuak diren zerbitzu publikoak, eremu berdeak izatea hirian... baina ikasketa horietako asko galdu egin dira. Imajinazio eta energia handiagoa falta izan dela igarri dut.

Bilboko auzoen desberdintasunez aritu zara kanpainaurrean. Zeintzuk dira?

Zoritxarrez, ez da gauza bera auzo batean edo bestean bizitzea. Auzo batzuetan langabezian egoteko aukera zazpi aldiz handiagoa da beste batzuetan baino. Otxarkoagako bizi itxaropena sei urte txikiagoa da Bilboko erdigunean baino. Datuak oso adierazgarriak dira. Auzo pobretuenetan, errenta ez da heltzen auzo aberatsenetakoen herenera ere.

Zer egin dezake EH Bilduk alkatetzan arazo horiek zuzentzeko?

Bilbo orain arte ezaguna izan da kanpokoagatik, «zelako eraikin ederrak eta abar», eta ondo dago, baina uste dut utzi egin behar diogula bertikalean eraikitzeari, eta horizontalean eraikitzen hasi behar dugula. Herriarekin eta elkarteekin. Nahi dugu Bilbo ezaguna izatea edukiengatik: berrikuntza soziala indartu, eta horretan aritu.

Eta etxebizitza arazoari aurre egiteko?

Etxebizitzarena arazo larria da Bilbon, dudarik gabe. Aurrekoan gazteekin aritu ginen hitz egiten. Badakigu emantzipatzeko batez besteko adina 30 urtekoa dela. Horrek atzeratu egiten ditu bizitza proiektu denak.

Batez besteko hori Bilbokoa da?

Bai, Bilboko datuak ditugu. 5.000 etxebizitza hutsik daude hirian. Garai interesgarri batean gaude. Etxebizitza Legea onartu da [Espainiako] Kongresuan. Orain, Senatutik pasatu behar da, baina EH Bilduren akordioa funtsezkoa izan da, eta udalek eskumen askoz handiagoak izango dituzte etxebizitzen alokairu prezioak mugatzeko. Horrez gain, bulego bat sortu nahi dugu legez kanpoko pisu turistikoak erregulatzeko. Beharrezkoa da alokairuko etxe publikoak ugaritzea.

Etxebizitza Legea aipatu duzu. EH Bilduk tentsio eremu izendatuko luke Bilbo alokairu igoerak mugatzeko? Bilbo osoa ala zati bat?

Patxadaz aztertu beharko genuke. Etxebizitzaren arazoa Bilbo osoan dago. Turistifikazioak hainbat arazo dakartza. Airbnb plataforman, Frantziako Tourra hasi aurreko egunean, gaua ia 700 euroan dago batez beste. Gau batean lor badezakezu besteek hilabetean lortzen dutena... Horrek eragina dauka,eta ez bakarrik Alde Zaharrean.

Zein da EH Bilduren mugikortasun plana?

Bilbo deszentralizatu baina ondo komunikatu bat nahi dugu guk. Deszentralizatua, beharrezkoa baita guztiok osasun zentroa izatea auzoan, gizarte etxea... Baina behar dugu Bilbo ondo komunikatuta egotea, eta irisgarritasuna bada arazo bat Bilbon. Datorren legegintzaldiaren hasieran egin behar da autobusen berrantolaketa, eta bilbotarrekin eta auzotarrekin egin behar da. Espero dugu modu parte hartzailean izatea. Hegoaldeko auzoekin, Errekalderekin esaterako, zor bat dago. Urteetan egon dira proiektuak, eta ikusten da ez direla egikaritzen. Horri heltzeko garaia da.

Bilbo euskal hiztun gehien daukan hiria da. Zein politika zehatz sustatu behar da Bilbon euskara zabaltzeko?

Udalak badu euskararen zuzendaritza bat, baina ez da modu zeharkakoan ikusten den gai bat, beste sailetara zabaltzen dena. Udala bera oso erdalduna da beste erakundeen aldean. Horrek jada adierazten du zein den lehentasuna bertan. Beharrezkoa da atal bat euskara bultzatuko duena, baina udalaren eta gainerako sailen indarrik gabe ez dago helburua lortzerik.

Juan Mari Aburtok segurtasunean ipini du arreta. Ezkerrak zelan erantzun diezaioke kezka horri?

Egia da segurtasuna kezka handia dela, eta lehen mailara ekarri nahi izan dela. Ulertzen dut segurtasunik ezaren sentsazioak bizitza asko mugatu ahal dizula. Leku batzuetatik edo berandu ibili nahi ez izatea... Beharrezkoa da neurriak hartzea epe ertain eta luzerako, eta beharrezkoa da polizia eredu bat hurbilekoa, dudarik gabe. Bilbok badauka segurtasun hitzarmen bat, alderdi guztien babesa lortu zuena, eta gure apustua bide horretatik doa, ez Aburtok aipatutako «gaizkileari makila » kontzeptutik. Aurreko alkate batzuen bideari jarraitu dio, Azkunarenari adibidez, eta, urte hauetan dinamika bera errepikatzeak ez badu emaitzarik izan, ez dakit zentzua daukan.

Aurreko legegintzaldiko EH Bilduren lau zinegotziak ez dira berriz aurkeztuko. Are gehiago, aurreko hauteskundeetako zerrendako 29 pertsonetatik pare bat bakarrik daude oraingoan. Zergatik eraberritze hau?

Oraingo lau zinegotzietatik bik bazeramatzaten jada bi legegintzaldi. Normala da bakoitzak bere proiektuekin jarraitu nahi izatea. Zerrendan gaudenok ez gara berriak EH Bildun. Ia denok gaude hasieratik, eta ibilbidea daukagu.

Hobeto funtzionatuko du Alternatibaren profilak ezker abertzale historikoarenak baino?

EH Bilduk gero eta gehiago funtzionatzen du alderdi bakar baten moduan. Urteak pasatu dira, eta EH Bilduk badu bere harrobia. Ni neu Gipuzkoako Foru Aldundian egon nintzen EH Bilduren agintean, 2011tik 2015era, Gizarte Politiketako Sailean zuzendari; Bizkaiko Batzar Nagusietan ere, EH Bilduren taldean izan nintzen, eta hainbat barne prozesu eta ekinalditan parte hartu dut. Bai, ni Alternatibakoa naiz, baina bereziki EH Bildukoa naiz.

EH Bilduk lau jesarleku lortu zituen 2019an, 2015ean eta 2011n. Zailtasuna daukazue sabai hori gainditzeko?

Espero dugu emaitza ahalik eta onenak lortzea. Inkesta guztiek bosgarrena ematen digute. Hori lortutzat ematen dugu; orain, hortik gora dago jokoa. EH Bildu indarra hartuz doa gero eta herri gehiagotan. Lehen indar munizipalista gara orain, eta Bilbon gero eta argiago geratuko da bigarren indar sakona izango garela, lidergoa hartuko duena.

Eta EH Bilduren, PSE-EEren eta Podemosen batura EAJrena baino handiagoa bada, badago aukerarik EAJren ezkerrera dauden horiek akordio bat egiteko?

Aztertu beharko da. Akordioak ez dira Bilbo mailan egiten: beste gauza batzuek baldintzatzen dituzte. Adostasunetara heltzeko prest gaude, noski, orain udalean dagoen eredu zaharkitua —herritarrei bizkarra ematen diena, oposizioaren gainetik gobernatzen duena— eraldatzeko prest daudenekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.