Eusko Ikaskuntzaren XIX. kongresuko Jendartea ataleko koordinatzailea eta hezkuntza proiektuko arduraduna

Beatriz Akizu: «Beharrezkoa da Euskal Herri mailako hezkuntza sarea osatzea»

Eusko Ikaskuntzak gidatuta, Euskal Herriko gizartearen eta lurraldearen kohesioari hezkuntzatik nola bide eman aztertu dute. Akizuk esan du praktikara jauzi egiteko garaia dela.

GORKA RUBIO / FOKU
GORKA RUBIO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2024ko urriaren 4a
05:00
Entzun

Eusko Ikaskuntza XIX. kongresua egiten ari da asteon, eta hezkuntzaren inguruko gogoetak ere izan du lekua. Beatriz Akizu (Soraluze, Gipuzkoa, 1969) Eusko Ikaskuntzaren XIX. kongresuko Jendartea ataleko koordinatzaileak eta hezkuntza proiektuko arduradunakaletu du orain arteko prozesua eta kongresuan aurkeztutakoa.

Etorkizuneko euskal hezkuntza sistemaren inguruko herri gogoeta egitea izan da zuen asmoa. Nolako prozesua izan da?

Prozesu oso-oso konplexua izan da, luzea ere bai. Konplexua izatea hautatu dugu, Euskal Herriko hezkuntza sare horri begirako bideak ondo identifikatzeko. 2019an hasi genuen prozesua, eta gure asmoa izan da hezkuntzarekin lotutako herri gogoeta zabal bat egitea, eta ibilbidean poliki-poliki galdera honi erantzuna bilatzen ibili gara: hezkuntzatik nola bila daiteke jendartearen eta lurraldearen kohesioa? Konturatu gara gauza komun asko ditugula lurraldeok, baina ezagutzen ez duguna ere asko da. Horren ezagutzan sakontzen jarraitu behar dugu, baina sakontze horrek izan behar du praktikara eramaten gaituen zerbait, egituratzen laguntzen digun zerbait. 

«Euskal Herriko lurraldearen eta jendartearen kohesioari nola eman bide hezkuntzatik?». Hori izan da planteatu duzuen galdera nagusia. Lortu al duzue erantzunik?

Bai. Erantzunetako bat hau izan da: gure hasierako helburuari heldu behar diogula, zubigintzan eta elkarlana eta lankidetza sustatzen jarraitzekoa. Baina, batez ere, konturatu gara zeintzuk diren elementu kritikoak kohesioari begira, bai jendartearen kohesioaren perspektibatik, bai lurraldearen kohesioaren perspektibatik. Eta kohesioa praktika kontziente bihurtu behar dugu. Hezkuntzatik Euskal Herri mailako kohesioaz ari bagara, nahitaez aztertu behar dugu sistema bere osotasunean: etapa bakoitzak dituen egiteko erak, kulturak, premiak... horiek aztertu, baina solasean jarriz gainontzeko etapekin. Gainera, hezkuntza sistema bakoitza errealitate soziolinguistiko eta soziopolitiko oso desberdinetan dago, eta horrek behartzen gaitu egituratze eta lankidetza esparruak modu desberdinetan planteatzera. Eta politikaren pedagogiaren eta pedagogiaren politikaren garaia da.

Euskal Herriaren luze-zabaleko profesionalekin aritu zarete solasean. Zein ondorio nagusi atera dituzue prozesutik?

Oraindik konpondu beharreko erronka bat badago: zer toki eman behar diogun euskarari. Lurralde bakoitzak egoera eta aukera desberdinak ditu; ikusi behar da zer egin dezakegun elkarrekin. Gainera, beharrezkoa ikusten da Euskal Herri mailako hezkuntza sarea osatzea, eta sakondu behar dugu elkarren ezagutzan, errealitatearen jabekuntzan: ez dugu datuak jasotzeko irizpide komunik eta ez dago Euskal Herri mailako perspektibarik; espazio hori osatu behar dugu. Ezin dugu abstrakzioan oinarritutako etengabeko prozesua abian jarri: egituratze bide batean jarri behar gara. Bi konstruktu kontzeptual eskaintzen ditugu. Bat: lankidetza bektoreak. Anbiziotsuak, estrategikoak, egituratzen laguntzen digutenak dira. Hiru identifikatu ditugu: mugikortasuna, egituratzea eta lankidetza. Eta bi: proiektu izarrak; lankidetza, egituratzeko bideak eta saretze estrategikorako bide horiek gorpuzteko behar ditugu.

Zein dira?

Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan autobus ibiltaria deitu zaio. Zer bilatzen duen? Elkarren ezagutzan sakontzen hastea. Herriz herri eta lurraldez lurralde joango lirateke esperientzia kohesionatzaileak ezagutzera eta ezagutaraztera. Derrigorrezko hezkuntzan, oso lotuta dago egituratzearekin eta euskalduntzearekin. Behar da profesionalek modu kontziente batean lan egitea, eta proiektu izarra da Euskal Herri mailako profesionalen bilgune bat. Lanbide Heziketa euskalduntzean eta inklusioan zentratu da; horrekin lotuta dago proiektu izarra. Goi maila, unibertsitatea, oso mundu konplexua da, baina posible da euskal goi mailako eremu bateratu bat eraikitzea.

Euskara eta euskal kultura izan daitezke aipatzen duzun kohesio horretarako tresna, ezta?

Lurraldetasunaren perspektibatik, hau esaten da: «Euskara da batzen gaituena». Baina ba al dira euskara eta euskal kultura kohesiorako tresna? Ondorioztatu dugu izan behar direla, baina izateko, oraindik baldintza asko landu behar ditugu. Kohesiorako espazioak landu behar ditugu, benetan euskara eta euskal kultura kohesiorako tresnak izateko. Hor daukagu erronka.

Zer aurkeztu duzue kongresuan?

Kohesioari hezkuntzatik bide emateko non eta nola jarri begirada, non bilatu behar ditugun kohesiorako espazio horiek, egin dugun ibilbidea ondo aztertu... 

Zeintzuk izan behar dira hurrengo pausoak?

Praktika kontzienteetan jarriko nuke indarra, ikusi zer-nolako lankidetzak osa ditzakegun. Deia zabaldu diegu eragileei, erakundeei, agintariei, alderdiei, sindikatuei, herritarrei... Inplikazioa beharko da. Identifikatuta zeintzuk diren lankidetzarako ibilbideak eta bektoreak, indarrak batu beharko ditugu. Lankidetzan eta lurraldetasunaren perspektiba batetik lan egitea eskatzen digute egungo erronkek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.