Aintzane Ezenarro. Gogora Memoriaren Institutuko zuzendaria

«Beharrezkoa da borondatea izatea memoriak partekatzeko»

Nork bere memoria duela uste du Ezenarrok, baina «memorien arteko elkarrizketarako gune bat» sortzea beharrezkoa dela deritzo, guztientzat baliagarri diren irakaspenak ateratzeko.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Gasteiz
2015eko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Joan den asteazkenetik, ofizialki abian da Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua, Jaurlaritzak sortua. Hala ere, oraindik badute zeregin franko azaroaren 10ean institutuaren inaugurazioa egin aurretik. Batetik, zuzendaritza batzordea osatu behar dute, eta prozesu horretan buru-belarri sartuta dabiltza. Eudelek eta diputazioek, esaterako, izango dute ordezkaritza batzordean; hauteskundeen ostean udal eta aldundi berriak osatu ostean, bidea libre dute ordezkariak aukeratzeko. Bilboko Artxibategi Historikoan izango du egoitza Gogora-k, eta hori atondu eta hornitzeko lanek ere denbora behar dute. Hala, egunotan, Gasteiztik Bilbora eta Bilbotik Gasteizera dabil institutuko zuzendaria: Aintzane Ezenarro (Getaria. Gipuzkoa, 1971). Ilusioz ekin dio zeregin berriari. Ez du uste iraganeko bere ibilbide politikoa oztopo izango duenik ardurarako —«ez dut inolako kritikarik entzun», dio Elkarri, Aralar eta Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza saileko kide ohiak—, eta argi du helburua: iraganaren «azterketa kritikotik» abiatuta, «giza eskubideen errespetuan» oinarritutako etorkizuna eraikitzea.

Zelan doaz Gogora abian jartzeko lanak?

Lehenengo pausoak eman dira. Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak dekretuak onartu zituen, eta, ofizialki, uztailaren 1ean hasi gara. Orain, administrazio izapideak bete, langileak hartzeko prozesuari ekin, eta horrelako lanak egitea dagokigu.

Zuzendaritza batzorde osoa aukeratzea ere falta da, ezta?

Bai, udalerriek eta diputazioek haien ordezkariak izendatu behar dituztelako. Hori egin ondoren, nik uste dut irail aldera Zuzendaritza Batzordeak lehenengo bilera egingo duela eta estatutuak onartuko dituela. Guk estatutuetan proposatuko dugu institutuak hiru zerbitzu edukitzea: kudeaketa; artxibo eta ikerketa zerbitzua; eta hedapen eta hezkuntzakoa. Izan ere, gure helburua ez da soilki memoria jasotzea, nahiz eta hori ere garrantzitsua den; memoria horretatik ikastea ere bada helburua, gertatu denaz balorazio kritiko bat egitea eta hortik irakaspenak ateratzea.

Institutuaren eginkizun nagusia memoriaren inguruko politikak koordinatzea izango al da?

Nik uste dut aldi historiko honetan beharrezkoa dela Jaurlaritzaz eta gainerako erakunde publikoez gain gizarte zibilak ere parte hartuko duen erakunde bat, modu bateratu batean atzera begiratu eta gertatutakoaren balorazio kritiko bat egiteko.

Eta nolako lan zehatzak hartuko ditu bere gain?

Adibidez, bukatua daukagu herri bakoitzean bizitzeko eskubidearen kontra izandako urraketak jaso dituen proiektu bat [bihar aurkeztuko dute hedabideen aurrean, Gasteizen]. Herri bakoitzaren argazkia egin nahi izan dugu, azken 50 urteotan izandako indarkerien ondorioz hil diren pertsonen memoria jasotzeko. Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza aritu da lan hori egiten, baina aurrera begira institutuak hartuko du, gero udalerrietan memoriaren gaia lantzeko.

Zein da helburua?

Izen-abizenak dituen memoria egin nahi dugu. Biktimak hartu nahi ditugu aintzat, eta adierazi herri bakoitzean pertsona haiek falta direla eta gogoan ditugula. Nik uste dut hor badagoela aldaketa bat: orain arte, denok zentratu gara batez ere indarkeriaren egileetan, eta uste dut biktimen duintasuna berreskuratzeko beharrezkoa dela biktimetan zentratzea eta pertsona bera gogoratzea, nor zen, zein zen haren bizi proiektua, ilusioak eta abar.

Gerta daiteke biktima hori frankismoaren garaiko guardia zibil bat izatea, edo ETAko kide bat, eta sektore batzuk deseroso sentitzea haien aldeko omenaldietan. Nola gaindituko dituzue zailtasun horiek?

Hasteko, nik uste dut ondo zehaztu behar dela zein den biktima: giza eskubideen urraketa pairatu duen pertsona. Gero, pertsona horrek ere izan ditzake bere biografian giza eskubideen urraketak. Biktima haiei ere egia, justizia eta ordaina zor zaie, baina beharbada omenaldia egitean tentu handiagoz ibili beharko da, desberdina baita pertsona bat gogoratzea eta pertsona horrek egindakoa goraipatzea.

Iraganaren inguruko azterketa bakarra egin behar da, ala askotariko azterketak?

Bakoitzak bere memoria du, ez daude berdinak diren bi memoria. Baina beharrezkoa da memoria desberdinak partekatzeko borondatea izatea. Denok dakigu pertzepzio desberdinak daudela baina, horren jakitun izanik ere, xedea da memorien arteko guda ez egitea eta partekatzeko borondatea edukitzea; hau da, memorien arteko elkarrizketa ahalbidetzeko gune bat eraikitzea.

Gogora institutuaren aurkezpenean esan zenuen memoriak muga batzuk izan behar dituela.

Biktima guztiek eskubide berdinak dituzte, salbuespenik gabe, eta horixe da, hain zuzen, memoria demokratikoaren mugetako bat: inor ez baztertzea. Baina, aldi berean, argudio horrek ez gaitu eraman behar esatera gertaera guztiak berdinak direla. Gertaera bakoitzak bere ezaugarri bereziak ditu, desberdinak dira, eta ezaugarri desberdin horiek aztertu behar dira. Gertaera bakoitzak bere azterketa berezia behar du eta ezin dira berdindu, batik bat, berdintzeko saiakeraren atzean egon ohi delako indarkeria mota batzuen larritasuna gutxiesteko nahia. Ez baztertu eta gertaerak ez berdindu, horiek dira memoria demokratikoaren mugak.

Beste bat ere aipatu zenuen aurkezpenean.

Bai, oinarri-oinarrizkoa delako: memoria ezin da erabili beste indarkeria bat justifikatzeko. Dena dela, muga haiek ez ditugu guk jarri: legedian agertzen dira, baina nazioarteko irizpideetan oinarrituta daude.

Esan duzunez, Gogora institutuak abiapuntu «sendoa» izan du, adostasun zabala lortu baitzuen Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdien artean. Zaila izango da adostasun horri eustea?

Ezarritako mugen barruan, ni nahiko baikorra naiz. Horrekin ez dut esan nahi ez denik zailtasunik egongo, orain arte egon direlako, baina lurzoru sendoa jarri dugu: batetik, aipatu duzun adostasun horregatik, eta, bestetik, kontzeptualki oso zaila delako ezarri dugun esparruaren kontra argudiatzea. Fedea eta konfiantza badut aurrera egingo dugula. Presarik gabe eta adostasunak landuz; poliki joan behar bada, poliki joango gara.

«Autokritika» da hitzetik hortzera erabiltzen den beste berba bat memoriaz ari garelarik. Zergatik da garrantzitsua, zure ustez?

Autokritika da bizitzan izan ditugun esperientzietatik ikastea. Batzuetan iraganean izan ditugun jarrerak, zuzentzearen balio gizatiarra gauza ezkor gisa planteatzen da, baina nik ez dut horrela ikusten. Bizitzaren beste zenbait esparrutan egiten dugu; hori da gizakia izatea. Zergatik ezin da hori esan politikan? Autokritika egin duten pertsonen ausardia nabarmendu nahiko nuke nik. Ez dut izenik emango, baina haietako batek esan zidan askoz errazagoa suertatu zitzaiola ETAn sartzea, ETAtik irtetea baino. Baina bere garaian pentsatzen zuenagatik erabaki hori hartu zuen moduan, orain pentsatzen duenarekin koherentziaz jokatuz beste erabaki hori hartu nahi izan du. Autokritika eta umiliazioa ez dira parekideak; alderantziz, autokritikak erakusten du pertsonaren baliorik handiena.

Jesus Loza PSE-EEko kidea independente gisa Gogora-ko zuzendaritza batzordeko kide aukeratu izana ez du ongi hartu EH Bilduk. Nola ikusi duzu polemika hori?

Halakoak normal hartu behar dira, horrelako izendapenetan beti egon daitezkeelako desadostasunak. Kontua da Eusko Legebiltzarrak aukeratu behar zituen zazpi pertsonak hor daudela, eta zuzendaritza batzorde egoki bat osatzen ari garela.

Bi urte eman dituzu Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzan lanean. Nolakoa izan da esperientzia?

Nik Jonanekin [Fernandez] betidanik egin dut lan, eta beti izan dugu adostasun maila handia. Nire prestakuntza politikoa Elkarri izan da, eta, alde horretatik, sintonia erabatekoa izan da. Bestalde, jendearen aurrean ez egoteak aukera ematen du beste eremu batzuetan lan egiteko, jendearekin harremanetan zuzenean izateko, eta hori asko gustatu zait, bereziki eskoletako lana: irakasle eta ikasleekin lan egitea, haiekin giza eskubideez hitz egitea, ikustea gai honek sortzen zituen beldurrak hitz eginez gainditu egiten zirela, eta abar, oso pozgarria suertatu zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.