Urte politikoaren hasiera. Nafarroako gobernua.

«Beharrezko esperantzaz»

Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek azaldu du Nafarroa «suspertze eta berraktibatze ekonomiko eta sozialean» dela

Maria Txibite, atzoko agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak gogoz zabaldu dizkio ateak urte politiko berriari, irekierak argia sarrarazi eta joan diren hilabeteetako iluna atzean utziko duen itxaropenez.Maria Txibite presidenteak prentsaurrekoa egin zuen atzo, eta hitzez aletu zituen gobernuak parean dituen hainbat asmo eta erronka. Aitortu zuen joandakoa «urte oso gogorra» izan dela, batik bat izurriagatik, baina irmoki esan zuen Nafarroa «suspertze eta berraktibatze sozial eta ekonomikoan» dela. Horregatik, haren hitzetan, «beharrezko esperantzaz begiratu behar da aitzina».

Izurriak korapilatu dituen sektoreen egoera hobetzea da gobernuaren erronketako bat, Txibiteren arabera. Besteak beste, eta batez ere osasun sistemari so, gobernuak urratsak egin nahi ditu lehen arretako zentroetan aurrez aurreko arta berreskuratzeko, itxaron zerrendak murrizteko eta «aurretik ere baziren hutsuneak betetzeko»: profesionalen eskasiari kontra egiteko, adibidez. Halaber, osasun mentalari erreparatu beharra nabarmendu zuen Txibitek: «Izurritea erretiratutakoan agerian geldituko da pandemiak buru osasunean eragindako ajea».

Osasun arlorako bakarrik ez, esparru ekonomikorako eta sozialerako asmoak ere zehaztu zituzten atzo. Esaterako, presidenteak azaldu zuen urtea bukatzerako eginak izanen direla Nafarroako trafiko eskuduntzen transferentziak, eta, era berean, urtarrila baino lehenagorako espero dute Nafarroako ubidea handitzeko lanen bigarren faseko proiektua osatzen bukatzea. Datozen hilabeteetan jarriko dute martxan herrialdeko errepideen kudeaketaz arduratuko den Nafarbide enpresa publikoa, eta, horrez gainera, Txibitek jakinarazi zuen orain arte Nafarroan inoiz egin den Lan Eskaintza Publikorako deialdirik handiena eginen dutela, batik bat behin-behinekotasunari aurre egiteko. «Esku artean ditugun datuekin, egonkortasuna bultzatzea premiazkoa da».

Gainera, Nafarroako Gobernuadagoeneko hasia da 2022ko aurrekonturako akordioa lortzeko proposamen bat ontzen; lehentasunetako bat dute hori ere. Horiei buruz, gobernuak adierazi zuen ez dutela zergak igotzeko asmorik: «Ez da garaia». Gastu muga zehazteko lanean ari dira orain; irailean onartuko dute, eta orduan hasiko dira gainerako talde politikoekin hitz egiten.

Txibitek argitu zuen «talde guztiekin» izanen direla harremanetan: «Diskurtso batzuek liskarra eta gorrotoa pizteko balio dute, eta gu ez gara politikaren pozoitze horretan eroriko», adierazi zuen presidenteak. Ordea, negoziazio horiei dagokienez, UPNko presidente eta bozeramaile Javier Esparzak dagoeneko erantzun die Txibiteren adierazpenei, kritiko: «Inork ez du sinesten gobernuak oposizioko talde guztiekin hitz egiteko asmoa duenik. Eskutik heldua du EH Bildu, eta EH Bilduren eskutan dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.