Beharrek eta nahiek betetako agenda

Elkarrizketaren alde egiteko asmoz ekin zion Pradalesek legealdiari: itun etikoa, Osakidetza... Urtebete igaro den honetan, baina, ez da adostasunik lortu oraindik alor horietan, eta bazkideen arteko xextrak ere sortu dira beste gai batzuetan.

Pradalesen gobernuak ateratako lehen familia argazkia, iazko ekainaren 25ean. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE
Pradalesen gobernuak ateratako lehen familia argazkia, iazko ekainaren 25ean. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko ekainaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iazko ekainaren 19an sinatu zuten Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak, Andoni Ortuzar EBBko orduko presidenteak eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Pradales bera Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatzeko akordioa, eta hilaren 21eko inbestidura saioan berretsi zen. Begirada Osakidetzan eta etxebizitzan jarrita ekin zion legealdiari, eta Gernikako Estatutua gainditzeko «ausardia» eskatuz. Horiek izan dira legealdiaren lehen urtea markatu duten gaietako batzuk, baina beste zenbait ere izan ditu gobernuak. Batzuk Iñigo Urkulluren gobernuak oinordetzan utzitakoak izan dira; beste zenbait, egoerak berak behartuta hizpide bihurtutakoak; eta Jaurlaritza osatzen duten alderdietako ordezkarien arteko xextrek eragindakoak ere izan dira. «Ez dugu guztian asmatu. Baina hori bezain argi esango dut aurrera goazela», esan zuen joan den astean, lehen urteko balorazioa egitean. Eta hala da, Jaurlaritza ez da geldirik egon hilabete hauetan, baina gai gehientsuenen erantzunak uda iristear dela hasi dira forma hartzen.

Itun etikoa

Urkulluren hamabi urteko agintaldiaren ostean, Pradalesek aldaketa bat irudikatu nahi izan zuen gobernatzeko ereduari dagokionez. Elkarrizketarako deia egin zuen kargua hartu berritan, eta instituzio eta alderdi politikoetako ordezkariez gain, sindikatuak ere gonbidatu zituen Ajuriaenera; 11 urte ziren ELA ez zela Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin biltzen.

Bi eremu nagusi zituen jomugan: Osakidetza eta politikagintzan «gizalegez» aritzea. Hain zuzen, bigarrenari heldu zion urte politikoaren hasieran Miramarren egindako hitzaldian, itun etiko baterako dekalogo bat aurkeztuta. Hark ez zuen esperotako erantzunik izan, baina Pradalesen hitzaldietan gerora ere presentzia izan du demokraziaren kalitatea hobetzeko eta herritarrek politikarekin duten atxikimendu faltari erantzuteko beharrak. Horixe azpimarratu zuen martxoan ere, Eusko Legebiltzarrean, batzorde txostengile bat sortzearen alde eginda. Oraingoz, baina, ez du alderdien erantzun argirik izan.

Aurrekontuak

Aurrekontuak babestearen aldeko erantzunik ez zen izan horri buruzko negoziazioetan. Nahiz eta ziurra zen onartuko zirela, Pradalesek adierazi zuen aurrekontu «parte hartzaileak» nahi zituela, eta Noel D’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuari (EAJ) agindu zion ekin ziezaiela elkarrizketei oposizioa engaiatzeko. EAJk eta PSE-EEk EH Bildu izan zuten makulu Araban eta Bizkaian, eta PP Gipuzkoan, baina Eusko Legebiltzarrean ez zen akordiorik izan, eta bazkideek bien arteko gehiengoa baliatu zuten.

Osakidetza

Osasun ituna. Horixe izan da Pradalesek legealdi hasieran egindako apustu nagusia. Instituzioak, alderdiak, sindikatuak, osasungintzako eragileak. Denak mahai beraren bueltan bildu ditu Alberto Martinez Osasun sailburuak (EAJ), etorkizuneko Osakidetzaren zumeen inguruan ados jartzeko helburuarekin.

Erronka ez da makala, mahaiaren bilakaerak berak erakutsi duenez. Pradalesek martxorako aurkeztu nahi zituen prozesuaren emaitzak, baina ikusi da baikorregi jokatu zuela. Zenbait alorretan ados jarri diren arren, beste batzuetan agerikoak dira aldeen arteko ezberdintasunak, eta, hiru hilabete geroago, bilerak egiten dabiltza oraindik. Aste honetan, lankidetza publiko-pribatua izan dute hizpide. Gai «korapilatsua», Martinezek berak aitortu zuenez. Beraz, ikusteko dago zer emaitza izango diren hilabetea amaitzerako. Hori baita epemuga orain.

Etxebizitza krisia

Inkesta guztien arabera, osasungintzarekin batera, etxebizitza da herritarren kezka iturri nagusia, eta badaude hala izateko arrazoiak: besteak beste, prezioen gorakada etengabea. Horrek zuzenean eragin izan du Eusko Jaurlaritzaren agendan, EAJk eta PSE-EEk «ardatz estrategikotzat» jo baitzuten etxebizitza euren gobernu akordioan. Hala, Pradalesek berak behin eta berriz izan du hizpide gai hori, eta Denis Itxaso Etxebizitzako eta Hiri Agendako sailburuak (PSE-EE) ere agenda betea izan du hilabeteotan. Besteak beste, Jaurlaritzak maiatzaren amaieran onartu zuen 2025etik 2027rako etxebizitza plan zuzentzailea.

Halere, gobernuak ez du bere gain hartu nahi izan azken hilabeteetan berak proposatutako neurriak Eusko Legebiltzarrera eramateko ardura, eta Anduezak eta EAJren EBBko presidente Aitor Estebanek aurkeztu dituzte lege proposamen gisa. Horiek onartzeko gehiengoa badute, baina ikusi beharko da oposizioak nola erantzuten duen. Izan ere, ez da EH Bilduren gustukoa izan Itxasok eta Pradalesek hirigintza irizpideak «malgutzearen» alde egin izana.

Migrazioa

Hain zuzen, premiazko etxebizitza neurriekin emandako batasun irudia EAJko eta PSE-EEko arduradun politikoen arteko xextra baten ostean iritsi zen. Migrazioa izan zen gatazka horren arrazoia. «Zer-nolako migrazioa behar dugu, eta zer-nolakoa hartzen ari gara?», galdetu zuen Pradalesek, eta sozialistak haren aurka atera ziren, jeltzaleei egozteraino PPren eta Voxen ikuspegiarekin bat etortzea. Zurrunbilo horretan, Anduezak «arrazista samartzat» jo zituen EAJko eledun Joseba Diez Antxustegiren esan batzuk. Zehazki, esan zuen migrazioak «selektiboa, ordenatua, erregularra eta segurua» izan behar duela.

AHTa

Migrazioaren inguruko afera ez da gobernuko bazkideak bereizi dituen bakarra. Espainiako Gobernuaren unibertsitateetarako dekretua ere izan da bereizketarako motibo, baina, dudarik gabe, gehien iraun duena euskal Y-aren Nafarroako lotunearen auzia da. Espainiako Garraio Ministerioaren txostenen esperoan, Gasteiz edo Ezkio (Gipuzkoa) aukeratu beharrak buruhauste ugari sortu dizkie, baita lehendakariari ere. 

Jarrera ofiziala txostenen zain egotea bada ere, Pradales hala mintzatu zen elkarrizketa batean: «Gure jarrera 2018ko txosteneko bera da». Orduan, Jaurlaritzak Ezkio lehenetsi zuen. Horren ostean, Anduezak esan zuen lehendakariari «belarritik tira» egin ziola, «Gipuzkoako EAJren eledun» gisa aritzeagatik. Era berean, alderdi barruan ere egin behar izan zuen errieta, Pradales baino dezente argiago mintzatu baitzen Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua (PSE-EE): «Gasteiz da aukerarik onena».

Autogobernua

Autogobernuari dagokionez, Pradalesek adierazi zuen 2025a «giltzarri» izango zela. Halere, alor horretan ere gobernuko bi bazkideak ez dira iritzi berekoak, eta horregatik utzi zuten estatus politiko berriaren inguruko eztabaida akordiotik kanpo. Horiek hala, Pradalesek adierazi izan du  Gernikako Estatutua osorik betetzea dutela lehentasun. EAJk eta PSOEk bi urteko epea ezarri zuten horretarako, hau da, urtea amaitu baino lehen bete beharko litzateke helburua. Maria Ubarretxena Autogobernu sailburuak (EAJ) adierazi du «sukalde lanetan» ari direla hala izan dadin. Martxa areagotzea beste aukerarik ez dago, ordea, epemuga hori bete nahi bada: legealdia hasi zenetik lau transferentzia egin dira, eta beste 25 geratzen dira egiteko. Gainera, horietako batzuek ez dirudite negoziatzen errazak; batez ere, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketak.

Ez dirudi hor arazo handirik dagoenik jeltzaleen eta sozialisten artean, baina beste afera bat da estatusarena. Izan ere, akordiotik kanpo geratu zen arren, Pradalesek zenbait agerraldi publiko baliatu ditu bere iritzia emateko. Forum Europak antolatutakoan mintzatu zen argien, irailean. «Aldebiko harreman berri» bat nahi du, «errealitate nazionalaren aitortzan» oinarritua, eta «berme sistema batekin». Hori ez da Anduezaren gustukoa izan.

Industria

Industria sektore estrategikoa da; hari dagokio EAEko BPGaren %24. Hori agerian utzi nahi izan du Pradalesek, arlo horren etorkizunaren gaineko eztabaida piztu den bakoitzean, hala nola AEBetako presidente Donald Trumpek iragarritako muga zergak, itzalaldia eta Europako Batasunaren berrindustrializazio eta berrarmatze planak direla eta. Hain zuzen, afera zentroan jarri du bai Bruselara egindako bi bidaietan bai New Yorkera eta Washingtonera egindakoan ere. «Europako finantzaketa esparru berria diseinatzeko garaia da, eta negoziatzera etorri gara», esan zuen Belgikan, urtarrilean.

Sektorearen etorkizunera begirako zenbait neurri ere hartu ditu gobernuak azken hilabeteetan: Industriaren Defentsarako Taldearen lehen bilera egin zuten otsailean, Euskal Finantza Aliantza osatu du bederatzi finantza erakunderekin batera, eta estrategikotzat jotzen dituen enpresetan inbertitzeari ekin dio. Bide horri forma emateko, aste honetan aurkeztu du Industria Plana; Zabala Innovation enpresak egin du, azpikontratatuta.

Energia berriztagarriak

Industriaren geroari estuki lotua dago energia sektorea ere, joan den astean Eusko Legebiltzarrean egindako bilkura monografikoan azaleratu zen moduan. Aurrez ere mahai gainean zen auzia, baina, itzalaldiaren ostean, leku nabarmenagoa hartu du agendan. Pradalesek berak hartu du gidaritza, eta «kupo energetiko bat» adostu nahi du. Espainiako Gobernuarekin  Zehazki, argindar sarearen gaitasuna handitzea du xede, trantsizio energetikoari eta deskarbonizazioari aurre egiteko.

Bada, baina, energia alorrari lotutako beste eztabaida bat: parke eoliko eta fotovoltaikoen auzia. Urkulluren gobernuak 2023an onartu bazuen ere Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialerako lehen zirriborroa, Pradalesena oraindik ez da gai izan behin betiko testu bat ontzeko. Gainera, prozesua alegazioz eta kritikaz betea izaten ari da. Eta bien bitartean, Jaurlaritzak parkeak ezartzeko emandako ingurumen baimenek protesta ugari eragin dituzte herritarren eta udalen artean; esaterako, Labrazako parke eolikoaren eta Azazetakoaren harira, Araban.

Ertzaintza

Pradalesen gobernuak Urkullurenetik jaso zituen sektore publikoko zenbait lan gatazka, eta lehendakariari berari baino gehiago, sailburuei tokatu zaie babak eltzetik ateratzea. Oraingoz behintzat, Bingen Zupiria sailburuak lortu du Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzako sindikatuen arteko gatazkari amaiera ematea. Horretarako ertzain bakoitzaren soldata urteko gutxienez 4.200 euro gordin areagotzea onartu zuen, eta men egin zion beste eskakizun bati ere: legeak onartzen duen gehienezko ertzain kopurura ailegatzea. Zehazki, Jaurlaritzak xede du 2030erako 8.000 agente izatea.

Hezkuntza greba

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren jarduna ere hezkuntza publikoko irakasleen grebak markatu du. ELAk ez beste sindikatu guztiek maiatzean egin zuten ituna sailarekin, baina ordura arteko bidea malkartsua izan zen: bederatzi greba egun eta dozenaka bilera. Tartean, ordu txikitan amaitutako bat; milaka irakasle, ikasle eta guraso ohera joan ziren jakin gabe biharamunean eskolara joan edo ez. Eta horren ostean, beste greba baten atarian, abisu bat lehendakaritzatik. «Asteleheneko goizeko zortziak arte posible da akordioa egitea. Hobe gaur lortzea bihar baino, baina arazoa ez dadila izan azken ordura arte ez saiatu izana», esan zuen Pradalesek maiatzaren 9an. Orduan egin zen ituna, baina protestak ez dira eten, sindikatuek salatu baitute Jaurlaritza ez dela itundutakoa betetzen ari. 

Euskara

Pradalesek lehendakaritzan lehen urtea betetzear zela iragarri zuen Jaurlaritzak Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra antolatuko duela 2027an. Hala berreskuratu du urte politikoaren hasieran aipatutako «jauzi kualitatiboaren» ideia. Hain zuzen, biltzarraren aurretik abiatuko duten dinamikak izen hori du: Jauzia gara. Halere, azken hilabeteetan euskarari lotutako beste auzi batzuk nagusitu dira. Lanpostu publikoetarako euskara eskakizunena da bat. EH Bilduk «nahitaezko hizkuntza eskakizun orokorra» nahi du, eta PSE-EEk iragarri du lan eskubideak lehenetsiko dituela hizkuntza eskubideen aurretik. Hala, Jaurlaritzak eta EAJk aztertu beharko dute zein norabide hartu nahi duten. Eztabaida piztu duen beste auzia lotua dago euskara Europako Batasuneko hizkuntza ofizial bihurtzearekin. Mugimenduak izan dira azken hilabeteetan, Jaurlaritzarenak barne, baina oraingoz ez dute emaitzarik izan.

Memoria

EAJren eta PSE-EEren arteko akordioaren barruan, Justizia eta Giza Eskubideen Saila sozialisten esku geratu izana izan zen ezustekoetako bat, batez ere kontuan hartuta EAJk eta PSE-EEk ez dutela iritzi bera Gogora-k aurreko legealdietan egindako lanaren inguruan. Pradalesen hitzetan, aurrera egin zen «bizikidetzarako memoriaren eraikuntzan»; Anduezaren ustez, berriz, Gogora-k «lerratuta» jardun zuen. Hala, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen Sailera iritsita, «ziklo aldaketa» bat irudikatu nahi izan dute. BECen egindako ekitaldia izan zen horren erakusgarri nagusia: Gogora-k 450 ikasle batu zituen, 30 urte 'sufrimenduaren sozializazioa' hasi zenetikizenburupean, ezker abertzalearen Oldartzen txostena zentroan jarrita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.