Sumin Trans kolektiboa: «Behar duzun hori lortzeko bortizkeria jasan behar duzula onartzen duzu»

Gurutzetako ospitaleko genero identitatearen unitatean transek pairatzen duten bortizkeria salatzeko talde bat osatu berri dute: Sumin Trans. Bertzeak bertze, zerbitzuak deszentralizatzeko eskatu dute.

Bryn Hounsell Rio, Jare Prieto, Ira Bengoetxea eta Nils Irigoien, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bryn Hounsell Rio, Jare Prieto, Ira Bengoetxea eta Nils Irigoien, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Isabel Jaurena.
Bilbo
2025eko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Berdin du zein bide hartzen duzun: [Gurutzetako ospitaleko] GIU genero identitatearen unitatera joaten den oro psikiatriara iristen da azkenean». Etsita egin du baieztapena Ira Bengoetxeak. Ongi ezagutzen du zerbitzu hori, 2021ean bertan hasi baitzuen trantsizioa egiteko prozesua. Azaldu duenez, ez du pertsona bakar bat ere ezagutzen zerbitzu horretan bortizkeriarik jasan ez duena: «Ez dira kasu puntualak izan: elkarrekin hitz egiten hasi garenean konturatu gara esperientziak antzekoak direla, eta bakoitzak, modu batera edo bestera, indarkeria jasan duela; kasu oso bortitzak daude».

Egoeraren larritasuna ikusita, antolatzea erabaki dute, eta talde bat sortu dute: Sumin Trans. Bengoetxearekin batera, bertze hiru lagunek osatzen dute taldea, baina ez dute baztertzen taldekide kopurua handitzea. Hilaren 5ean taldearen aurkezpena egin zuten Bilbon, eta bertan hainbat testigantza jaso zituzten. Donostian eta Gasteizen ere batzarrak eginen dituzte —beren Instagram kontuan emanen dute deialdi zehatzen berri—. Izan ere, gaur egun, Gurutzetakoa (Barakaldo, Bizkaia) da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan transak artatzen dituen unitate bakarra, eta, hortaz, lurralde guztietako jendearen testigantzak bildu nahi dituzte. Are, zerbitzuen zentralizazio hori salatu du Bengoetxeak: «Ez dago beste aukerarik: behar duzun hori lortzeko bortizkeria jasan behar duzula onartzen duzu». 

«Ez dira kasu puntualak izan, elkarrekin hitz egiten hasi garenean konturatu gara esperientziak antzekoak direla, eta bakoitzak, modu batera edo bestera, indarkeria jasan duela; kasu oso bortitzak daude»

IRA BENGOETXEASumin Transeko kidea

Jare Prieto ere taldeko kidea da, eta, azaldu duenez, transek egunerokoan «indarkeria izugarria» jasan behar dute, eta osasun sistemara «erabat leher eginda» iristen dira: «Osakidetzara iritsi eta horrelako zerbaitekin aurkitzean, asko konturatzen dira borroka horri ezin diotela aurre egin. Horregatik, talde honen helburua ere bada pertsona horiek laguntzea, inor ez dadila bakarrik egon». Esperientziak erakutsi dio jasotzen duten indarkeria horri aurre egiteko «oso indartsua» izan behar duzula, eta, anitzetan, buruko nahasmenduak garatzen ahal direla. Are, zenbaitetan pertsona horiek beren buruaz bertze egiten dutela gogoratu du: «Hori ere kontuan izan behar da, gertatzen baita. Eta suizidiotzat baino gehiago, hilketa sozialtzat hartu beharko genituzke».

Horraino ez iristeko, ezinbertzekoa zaie indarkeria hori pairatzen dutenek ez ezik gainerakoek ere horren berri izatea. Eta pedagogia lan hori egiten dabiltza sare sozialetan. GIUan jasaten duten patologizazioa da azaldu dituzten ideietako bat: «Patologizazioa da transexualitatea gaixotasun gisa edo diagnostikatu beharreko zerbaiten gisa hartzea, errealitate gisa hartu beharrean». Azpimarratu dute Osasunaren Munduko Erakundeak 2018an utzi ziola transexualitatea «buruko nahasmendutzat» hartzeari, baina, halere, GIUko zerbitzua «patologizatzailea» dela diote. «Legez kanpokoa den arren, psikiatriatik pasatzera behartzen gaituzte ikusteko ea benetan pertsona transak garen edo ez, eta, horretarako, baremo sexista, homofobo eta transfoboak erabiltzen dituzte. Adibidez, galdetzen digute ea txikitan panpinekin edo kamioiekin jolasten ginen».

Prietok gehitu duenez, nabarmena da zerbitzu horren helburuetako bat dela erabiltzaileek cispassing —gizarteak trans bat zis gisa hautematea— delakoa izatea. «Onartzen dute pertsona transa izatea benetako gizon edo emakume bihurtzen bazara, generoa oso modu estereotipatuan performatu behar da ezer lortzeko». Histerektomien —ebakuntza bidez umetokia kentzea— adibidea jarri du taldeko bertze kideetako batek, Bryn Hounsell Riok: «Jaso ditugu testigantza batzuk esanez osasun langileek presioa egiten dutela histerektomia egiteko. Ez dago hori egiteko inolako justifikazio medikorik, hori ideologikoa da: pentsatzen da gizon batek ezin duela umetokirik izan. Zergatik? Horrek sexu-genero binomioa haustea dakarrelako». 

«Jaso ditugu testigantzak esanez osasun langileek presioa egiten dutela histerektomia egiteko»

BRYN HOUNSELL RIOSumin Transeko kidea

Performance beharra

Horregatik guztiagatik, zerbitzu horretara joaten direnek performance bat egin behar dutela salatu du Bengoetxeak, eta bere esperientzia kontatu: «GIUn hastea erabaki nuenean, Madrilen bizi nintzen, eta hango kasuen berri baino ez nuen. Militatzen nuen taldeko kideei esan nien ez-binarioa nintzela, eta denek aholkatu zidaten performancea egiteko, ez esateko egia. Nik uste nuen gure osasun sisteman ez nuela horrelakorik egin beharko, eta egia esan nuen. Baina esan zidaten hori arazo bat izango zela, zerbitzuan ez delako aurreikusten ez-binarioei arreta ematea». 

Jasandakoak jasan eta gero, ezagutzen duen orori performancea egiteko aholkatzen dio Bengoetxeak. Artatu zuen osasun langileari eskatu zion txostenean ez jartzeko ez-binarioa zela, hartara arreta jaso ahalko zuela; zera erantzun zion: «Zuk niri gezurra esaten ahal didazu, baina nik ez dut gezurrik jarriko txostenean». Jarraian, langileak psikiatriara bideratu zuen Bengoetxea, «tramite bat» bertzerik ez zela izanen argudiatuta. Bertan, baina, patologia bat bilatzen saiatzen direla azaldu du Bengoetxeak: «Baina ez dago patologiarik; ez gaude gaixorik».

Hounsellek ere zailtasun andana izan du ez-binarioa izateagatik. Hormonazioa ez zuen Osakidetzaren bidez egin: lehen, CatSalut zerbitzuak Kataluniatik kanpoko transak artatzen zituen, eta haren bidez egin zuen. Kirurgia egiteko, berriz, bere medikuarekin jarri zen harremanetan, eta Gurutzetara bideratzeko eskatu zion. Han galdetu zioten nola lortu zuen prozesua hastea, eta gibelerat bota zuten: «Endokrinora bideratu ninduten, eta hark psikiatrara. Han galdetu zidaten zergatik ez nuen hasieratik Osakidetzara jo, eta zergatik ez nintzen Osakidetzaz fio». Zirujauek esan zioten ez ziotela ebakuntzarik eginen. 

Sumin Trans kolektiboko kideak: Bryn Hounsell Rio, Ira Bengoetxea, Jare Prieto eta Nils Irigoien, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Sumin Trans kolektiboko kideak: Bryn Hounsell Rio, Ira Bengoetxea, Jare Prieto eta Nils Irigoien, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Hounsellek esaldia akitu bezala mintzatu da Bengoetxea: «Pertsona transon eskubide erreproduktiboez ere hitz egin nahi dut, ez baitira errespetatzen». Erran duenez, testosterona hartzen zeramatzan sei hilabete, eta endokrinologoari galdetu zion zenbat denbora pasatuko zen bere obuluek ugalkortasuna galdu aurretik. Zera erantzun zion: «Ez duzue ugalkortasunik galtzen. Hormonak uzten dituzunean, berriz ere obulatzen hasiko zara; gertatzen dena da obuluen kalitatea okerragoa izango dela». Zur eta lur gelditu zen Bengoetxea: «Niri inork ez zidan ezer esan; jakin izan banu, agian erabakiko nuen obuluak izoztea. Inguruan galdetu nuen, eta nire lagunek ere ez zuten horren berri; gugan jartzen dute karga osoa».

Lodifobia

GIUn transfobiak bertze indarkeria batzuekin bat egiten duela ere salatu dute: lodifobiarekin, erraterako. Prietok azaldu du hormonatzen hasi nahi zuela, eta endokrinoarengana igorri zutela. Hark erran zion lodi egoteagatik zenbait arrisku bere gain hartu beharko zituela: «Esan zidan ezin zidala botikarik ukatu, ez dagoelako hori dioen araurik. Halere, psikiatriatik pasatu beharko nuela. Nik ezetz erantzutean, tramite hutsa izango zela erantzun zidan». «Ikusten da psikiatriaren patroia, ezta?», galdetu du Bengoetxeak. 

Errealitatea bertzelakoa izan zela gogoratu du Prietok: «Indarkeriaz betetako ordu bat izan zen. Gaixo bat izango banintz bezala tratatu ninduen, baina pertsona lodi bat ez dago gaixorik. Gainera, pertsona bat lodia edo argala izateak ez du zerikusirik bere identitatearekin». Gogoan du «gizentasun morbidoa» duen pertsona gisa izendatu zuela psikiatrak, eta erran ziola horrek lotura duela bere identitatearekin, Prietok kontrakoa erran arren. Are, langileak erran zion mehetu ezean ez ziola hormonarik emanen. «Etengabe zalantzan jartzen zaituzte, beraiek ezartzen duten gizon eta emakume kanonetan sartzen zarela ikusten duten arte».

«Etengabe zalantzan jartzen zaituzte, beraiek ezartzen duten gizon eta emakume kanonetan sartzen zarela ikusten duten arte»

JARE PRIETOSumin Transeko kidea

Lehen arretara

Jasandako bortizkeria horrengatik guztiagatik, zerbitzuak deszentralizatzeko eskatzen dute, eta lehen mailako arretan kalitatea  bermatzeko. Argi mintzatu da Hounsell: «Gure osasun etxeetan artatu gaitzatela, eta baimen informatuan oinarritutako arta izan dadila: paternalismorik gabea, indarkeriarik gabea eta psikiatriatik pasatu beharrik gabea. Bakoitzaren beharren arabera artatu behar gaituzte, eta ez aipatutako kanonetan oinarrituta». Izan ere, azaldu duenez, jarrera horien ondorioz «beldurrez» joaten dira kontsultara; «edo ez dira joaten», Bengoetxeak gehitu duenez. 

Are, esplikatu du berak bi urte daramatzala endokrinologiako kontsultara joan gabe eta analisirik egin gabe, ez duelako GIUra joan nahi. «Ondorioz, ez dakit nola nagoen: ez dut inolako kontrolik».

Prietok azaldu duenez, lehen mailako arretan zerbitzua egokia izan dadin, bertan lan egiten dutenek formakuntza izan behar dute. Are, berriki Osakidetzak iragarri du tLMAZ transen lehen mailako arretako zerbitzuak eratuko dituztela. Eta zerbitzu horiek martxan jarri aitzinetik, transei arreta emateko osasun gida bat argitaratuko dute, 4/2024 legeari jarraituta. Gida osasun zerbitzuetako langileek eta transen familien elkarteek egin dutela azaldu dute, baina Loratuz Lotu, Anitzak eta Lumagorri HAT kolektiboek salatu zuten Osakidetza ez dela trans kolektiboekin bildu gida hori egiteko

Antzera mintzo dira Sumin Trans plataformako kideak: Hounsellek azaldu du Osakidetzak erran duela zerbitzu berri horietan psikologia arloko profesionalak egonen direla, baina horrek ez die balio. «Ez dira kontuan izan trans kolektiboak, eta horiek bakarrik dira gai pertsona transok jasaten dugun indarkeriaz hitz egiteko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.