Ez da posible segurtasun distantziak mantentzea. Horregatik, itsasgora baino bi ordu lehenago eta bi ordu geroago, ezingo da hondartzara sartu. Bi metroko segurtasun tartea gordetzeko ere eskatzen dizuegu; zuen laguntza ezinbestekoa da. Eskerrik asko». Donostiako Kontxako hondartzako megafoniaz igortzen ari diren mezua da.
Izan ere, azken egunetan Hego Euskal Herriko hainbat hondartzetan ikusitako irudiak zeresana ematen ari dira. Eusko Jaurlaritzakgomendioak betetzeak duen garrantzia gogoratu zien atzo hondartzak kudeatzen dituzten erakundeei, eta Bizkaiko hondartza batzuetan hasi dira jada debekuak ezartzen.
Donostian, oraingoz, itsasgora denean soilik dago debekatuta hondartzan egotea. Garazik eta Arantxak, ordea, ez dute ikusi oraindik legedi hori aplikatu dutenik. Ostiral goiza da, jende ugari dabil hondartzan, eta handik irteten ari dira bi lagunak. Garazik hartu du hitza: «Aste honetan egunero etorri naiz hondartzara, eta ez dut uste inor bota dutenik; itsasgoran ere ez dute itxi».
16:30ean da itsasbehera, eta 11:30 aldera oraindik ere goian dago itsasoa. Bi lagunek paseatzeko aprobetxatu dute, «uretatik». Hondarretan maskara jantzita ez dute pertsona bakar bat bera ere ikusi.
Etor daitekeena
Arratsaldean egoera «okerragoa» izango dela uste dute, «beti bezala, ostiral goiza izanda asko lanean ari direlako». Asteburuan, zer esanik ez: «Eta hori, Donostian hiru hondartza edukita!», dio Arantxak. Kontxa nola dagoen ikusita, distantziak mantentzea «zaila» dela uste dute.
Iritzi bera du petrilean hankak garbitzen ari den Juan Karlos Gomezek: «Konplikatua iruditzen zait edukiera kontrolatzea; uda ez da iritsi, eta begira nola dagoen hondartza...». Pasaiakoa da, eta gaur bigarren aldiz joan da Kontxara, «paseotxo bat ematera».
«Gertatzen ari denak baino gehiago, gerta daitekeenak» kezkatzen du: «Orain, hemen bizi garenok soilik etortzen gara, baina mugak irekitzen dituztenean...». Argi du ezinezkoa dela behar adinako distantziak mantentzea, kontzientzia handia izan arren: «Erakundeek hartu beharko dute neurriren bat».
Koronabirusa
Behar den tartea uztea, ezinezkoa
Jendetza ibili da ostiral goizean Donostiako Kontxako hondartzan. Oraingoz, itsasgoran soilik dago han egoteko debekua, eta herritarrek uste dute udan «zaila» izango dela hondartzen edukiera kontrolatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu