Pedrosa: «Akordio on bat lortzeko zorian gaude»

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sindikatuei ziurtatu die negoziatzeko prest daudela, eta, bitartean, grebak bertan behera uzteko eskatu die. Oraingoz, ez dute mahai negoziatzailea berriz biltzeko datarik eman.

Hezkuntza Saileko ordezkarien prentsaurrekoa, gaur, Bilbon. BERRIA
Hezkuntza Saileko ordezkarien prentsaurrekoa, gaur, Bilbon. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
Bilbo
2025eko martxoaren 28a
13:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Hiru greba egun egin dituzte asteon Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek; beste bi daude begien bistan datorren asterako: astearterako eta asteazkenerako. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak agerraldia egin du Bilbon, sailaren jokamoldea eta iritziak azaltzeko. Ziurtatu du ekinean ari direla, eta uste du badutela aukera sindikatuekin ados jartzeko: «Benetan hezkuntza publikoa indartu nahi badugu, akordio arduratsuak eta eraginkorrak lortu behar ditugu; akordio on bat lortzeko zorian gaude».

Horretarako, Hezkuntza Saila negoziatzeko prest egon da eta dago. Hala ziurtatu du sailburuak: «Urritik, irakasleen mahai negoziatzailearen 30 bilera baino gehiago egin dira. Eta, orain arte, gai izan gara hiru mahai negoziatzailetan ados jartzeko: abenduan, hezkuntza bereziko mahaian akordioa lortu genuen; otsailean, Haurreskolak partzuergoan; eta, aurreko astean, sukaldeetan eta garbiketan».

Alta, berriz ere ados jartzeko «alde guztien inplikazioa» behar-beharrezkoa dela dio: «Funtsezkoa da alde guztiak benetan garrantzitsua dena erdigunean jartzea: sistema hobetzea, ikasleak zaintzea eta kalitatezko hezkuntza zerbitzua bermatzea». Horregatik, negoziatu bitartean, grebak bertan behera uztea nahi dute: «Gu prest gaude negoziatzeko, baina guretzat oso garrantzitsua da koherentzia, greba deialdiak albo batera uztea, gure ustez horrek ez baitu laguntzean bidea egiten». Kazetariek galdetu diote ea ba al dagoen mahai negoziatzailea biltzeko datarik zehaztuta, eta zera erantzun du: «Mahaia beti dago irekita». Eta gehitu du: «Benetan lehentasun berberak baditugu —sistema hobetzea, ikasleak zaintzea eta publikoa indartzea— astelehenean aukera paregabea daukagu greba bertan behera uzteko, mahaira itzultzeko eta hitz egiten jarraitzeko; horixe da bidea, eta hor egongo gara».

Akordioa lortzeko bide horretan, astelehenean bildu zen azkenengoz irakasleen negoziazio mahaia; bertan izan ziren sindikatuen eta Hezkuntza Sailaren ordezkariak. Sindikatuen arabera, gertu egon zen ituna, baina mahai gainean zehaztasunik gabeko proposamenak jartzea egotzi zioten sailari. Pedrosa ez dago ados: «Astelehenean, neurri zehatzak, argiak, berritzaileak eta eraginkorrak jarri genituen mahai gainean». Adibide batzuk eman ditu: proposatu zuten Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan irakaskuntza orduak murriztea; baliabide gehiago jartzea, besteak beste, ongizate emozionalerako, orientatzaileen eta aholkularien arloan eta hizkuntzak indartzeko; eta burokrazia murrizteko «proiektu berritzaile bat» martxan jartzea. Horietaz gain, ziurtatu du aspalditik ari direla lanean lantaldea gaztetzeko plan bat ontzeko. «Hor akordio bat lortu genuen». Eta dio behin-behineko langileen lan baldintzak hobetzeari buruz ere hitz egin dutela.

«Astelehenean, neurri zehatzak, argiak, berritzaileak eta eraginkorrak jarri genituen mahai gainean»

BEGOÑA PEDROSAEusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

Aurrerantzean ere horri eusteko asmoa dute, eta sindikatuei ere bidea erraztea galdegin die: «Gure borondatea negoziatzen jarraitzea da, elkarrizketa berrartzea, eta akordio bat lortzea, betiere gure ikastetxeetan zerbitzua berreskuratzen badugu eta grebak bertan behera uzten baditugu; gure iritziz, negoziatzen ari garen bitartean, elkarrizketa zaindu egin behar da». Uste dute horrek mesede egingo diola hezkuntzari: «Oraintxe bertan, ez gaude lan gatazka batean; jokoan dagoena askoz ere garrantzitsuagoa da: gure hezkuntza sistemaren etorkizuna».

Hobetzeko bidean

Hezkuntza Sailak ziurtatu du hezkuntza sistema hobetzea dutela begiz joa, eta orain arte egindako lana bistaratzeko ere probestu dute prentsaurrekoa. Pedrosak nabarmendu du, ildo horretan, «neurri eraginkorrak» jarri dituztela martxan. Besteak beste, matematika eta irakurketa indartzeko «programa zabal bat» abiatu dute, eta dagoeneko 24.000 ikaslek baino gehiagok baliatzen dute; 12 eta 16 urte bitarteko ikasleentzako ikaskuntza sozioemozionalerako programa bat jarri dute martxan; eta ikastetxe publiko guztietara zabaldu dute Haur Hezkuntzan ikasteko zailtasunak azkar atzemateko programa. «Jaurlaritza garen aldetik, baliabide publikoak ondo kudeatu behar ditugu, eta hezkuntza sistema hobetzea beti jarri behar dugu aurretik; horretan ari gara».

Sindikatuak ere solastatu dira negoziazioen inguruan. LABek esan du egunotako «indar erakustaldiaren ostean» espero duela Hezkuntza Sailak aurrerabideak egitea ekar dezaketen proposamenak aurkeztea. Azkena egin zituzten elkarrizketetan «zehaztasuna» falta izan zela gogoratu du, eta jarrera argiagoa nahi dutela hemendik aurrera. Steilaseko ordezkariek, beren aldetik, gogora ekarri dute akordioa nahi dutela, eta beharrezkoa bada asteburuan ere negoziatzeko prest daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.