Begirada holistiko bat osasunari

Estuki lotuta daude gizakion osasuna, animaliena eta ingurumenarena, eta 'osasun bakarra' deituriko ikuskera funtsezkoa da datozen erronkei erantzuteko. Begirada zabaltzeko deia egin dute 'Salud global' liburuaren egileek.

CC0.
edurne begiristain
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun
«Gizadiaren historia epidemiaz eta pandemiaz josita egon da. Bagenekien pandemia bat iritsiko zela, eta badakigu COVID-19arena ez dela azkena izango, ezta okerrena ere. Badakigu beste pandemia bat egon egongo dela, baina ez dakigu noiz gertatuko den eta zerk eragingo duen». Gogoetarako esaldi hori hautatu dute Elisa Perez-Ramirez albaitari birologoak (Burgos, Espainia, 1981), Ignacio Lopez-Goñi mikrobiologoak (Iruñea, 1962) eta Gorka Oribe farmaziako doktoreak (Gasteiz, 1976) sei eskutara idatzitako Salud Global liburuaren azken atalean bildutako ondorioak laburbiltzeko.

Esaldiak, bere gordinean, balio dezake gizakien, animalien eta ekosistemen harreman estuari neurria hartzeko. Edo osasunaren ikuskera hertsiaren mugak gainditu eta begirada «zabal eta osoa» lehenesteko. Balio dezake osasunaren ikuspegi antropozentrista alboratzeko, eta gaia ikuspegi global eta holistiko batetik lantzen hasteko. «Umiltasun ariketa bat egiteko deia ere bada», zehaztu du Perez-Ramirezek. «Nork bere talaiatik ez ditu tamaina horretako arazo konplexuak konponduko: premiazkoa da denok modu koordinatuan lan egitea», erantsi du.

Klima aldaketak eta ingurumenak osasunean eragiten dutela ez da gauza berria, baina azken urteotan are estuagoa bilakatu da harreman hori. Errealitateari neurria hartzeko datu batean du abiapuntua liburuak: gizakiei eragiten dieten gaitzen %75 zoonotikoak dira. Eta gogoeta bat, jarraian: «Ekosistemak zenbat eta asaldatuago egon, bidea orduan eta samurragoa dute patogenoek».

COVID-19aren pandemiak alarmak piztu zituen, baina aurretik —eta ondoren— izan dira beste birus batzuk: Zika, Ebola, A gripea, hegazti gripea, MERSa... Kezkatzeko moduko zerrenda luzea jasota dago lanaren lehenengo orrialde eta erdian. Zergatia azaldu du Lopez-Goñik: «Azken 50 urteotan pilatu egin direlako agerraldiak, suspertzen ari diren gaitxotasunak, eritasun berriak,gaitzak... Birusak beti egon dira hor, baina bidea errazten ari gatzaizkie». Alarma pizteko baino gehiago, «adi egoteko» abisu bat dela aitortu dute liburuaren egileek. Eta lanaren izenburuan ere islatu nahi izan dute ideia hori: Ingurumen mehatxuari aurre egiteko estrategia berri bat azpilerroa paratu dute, letra xeheagoarekin, azalean.

Ez dago pertsonen eta animalien osasunaren arteko banalerrorik: osasun bakarra dago. Ideia horretan jarri dute indarra hiru adituek. «Dena elkarri lotuta dago. Liburua irakurtzen dutenak ondorio horretara iristea nahiko genuke». Oribek azaldu du interkonexio konplexu horren erradiografia egiteko saioa dela Salud global liburua. Perez-Ramirezek zera gaineratu du: «Zorroztasun zientifikoa gidari hartuta eta denek ulertzeko hizkuntza bat erabilita, osasun bakarra zertan den azaltzen saiatu gara. Eta ohartarazpen bat ere egin dugu: arazo handi bat daukagu, eta premiazkoa da konponbide koordinatu bat ematea». Norberaren kontzientzian eragitea ere bada liburuaren asmoa, Lopez-Goñik azpimarratu duenez: «Ohartu behar dugu tenperatura edota hezetasun aldaketa txikienek ere erraztu egiten dutela mikroorganismo patogenoak, bakteriak eta birusak animalietatik gizakietara igarotzea».

Animaliak eta gizakiak

Albaitariek aspalditik dute barneratua osasun bakarraren kontzeptua. Mende hasieran hasi ziren osasunari buruzko ikuspegi bateratu hori lantzen, ingurumena, animaliak eta pertsonak barne hartuta, eta prebentzio estrategiak ideia horretan oinarrituta garatu zituzten. «Higa pecoris salud populi. Aziendaren higienea herriaren osasuna da. Horixe da albaitarion leloa». Albaitaritzan bezala, bestelako esparru batzuetan ere bere egin beharko lukete premisa hori, Perez-Ramirezen ustez. Osasunaren ikuspegi antropozentrista baztertzea eta «elkarrekin» lan egitea; horrek behar du gakoa izan, haren iritziz:«Animaliek gaixotasunak transmititzen dizkigute, bai, baina guk ere, gure ekintzekin, kalte egiten diogu animalien eta ingurumenaren osasunari».

Ikuspegi zabal eta konplexu horren adibide bat COVID-19aren pandemia izan da. Urteotan mundua antzaldatu duen izurriak balio izan du, neurri batean, osasun bakarraren kontzeptua erdigunean jartzeko. Agerian geratu da, argiki, ekosistemen osasuna funtsezkoa dela animalia osasuntsuak izateko; eta baita alderantziz ere.

Interkonexio horrek eragindako «arrisku berriez» ohartarazi du Perez-Ramirezek: «Arrisku berezia dago animalia bizien merkatuetan edo bisoi haztegietan. Hegazti gripearen agerraldi asko ari dira agertzen bisoi haztegietan, eta lehen gertatzen ez ziren gauzak ikusten ari gara: hegaztien birus bat ugaztunetara egokitu da, eta haien artean transmititzen ari da. Halako egoerak eragozteko modukoak dira, baina ez gara eragozten ari».

Klima aldaketak gaixotasun infekziosoetan duen eraginari buruzko hainbat azterlan aipatzen dituzte liburuan. Horien arabera,gizakiari eragiten dioten hamar eritasun infekziosoetatik sei larriagotu egin dira klima aldaketaren ondorioz. Gaixotasun horietako gehienak birusek eta bakterioek eragiten dituzte —horietako asko bektoreek transmitituta—. Gainera, ugaritzen ari dira uraren, airearen edota elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunak ere.

Hala, mundu globalizatu honetako ibilerek eta klima aldaketak eltxoen bitartez hedatzen diren eritasunak areagotzea ekar dezaketela ohartarazi du Perez-Ramirezek. Eltxo tigrearen kasua aipatu du, adibide bat jartzeko. Berez, eltxo tigrea Asia hego-ekialdeko espeziea da, baina gizakien joan-etorriek eta salgaien garraioak munduko ia leku guztietara zabaldu dute. 2014an atzeman zituzten lehenengoak, Irunen (Gipuzkoa), eta geroztik beste hainbat lekutan daudela ikusi dute. Dengea eta chikungunya kutsatu ditzake. «Arriskua hortxe dugula onartu behar dugu. Ez dakigu pandemia berri bat izango den, baina adi egon behar dugu».

Klima aldaketa

Datu ugari jaso dituzte liburuan,horietako asko klima aldaketaren ondorioei lotutakoak. Hona horietako bat: Munduko Bankuaren kalkuluen arabera, 2030erako ehun milioi pertsona baino gehiago pobrezian geratuko dira klima aldaketaren ondorioz, eta, horren harira, 2050ean 140 milioi pertsonak baino gehiagok migratu beharko dute Saharaz hegoaldeko Afrikako, Asiako hegoaldeko eta Hego Amerikako eskualdeetatik. «Lekualdatutako pertsona horiek, askotan, ez dute arreta medikorako sarbide handirik, ez jatorrizko herrialdeetan, ez harrera herrialdeetan, eta atzeratu egiten dira haien diagnostikoak, tratamenduak, txertoak eta abar», ohartarazi dute liburuan.

Minbiziaren intzidentzia, neurri batean, klima aldaketarekin ere lotzen dela nabarmendu du Oribek. Liburuan ere zenbait adibide eman dituzte hori erakusteko. Adibidez, azaldu dute sute handien arriskua areagotu egin dela, besteak beste uholdeen, tenperaturen igoeraren eta prezipitazio aldaketen ondorioz, eta sute horietan sortzen den keak, hedadura handiei eragiten dietenak, substantzia kimiko lurrunkor toxikoak izateaz gain, kantzerigeno indartsuak direla. «Kausa-efektu lotura egitea zaila da oraindik, baina agerikoa da harreman bat badela», adierazi du Oribek.

Bi erronka nagusi

Liburuaren hiru egileen ustez, garaiotako erronka handienak bi dira: hegazti gripea eta antibiotikoekiko erresistentzia. Perez-Ramirezek kezka handiz begiratzendio hegazti gripearen H5N1 azpimotarekin munduan gertatzen ari denari: «Hegazti gripeari buruz aurretik ezagutzen genituen eskema guztiak hausten ari dira: eskala ia globalean eragiten ari da, tradizionalki gaixotasuna pairatzen ez zuten espezieetan, inoiz ez bezalako hilgarritasunez eta urte osoan luzatzen diren agerraldiak eraginez. Bi urte pasatxoan izan dituen aldaketa epidemiologiko handiek ziurgabetasun oso handia sortzen dute. Eta birusak eta ziurgabetasuna elkartzea beti da apur bat arriskutsua».

Bestetik, antibiotikoekiko erresistentzia mende honetako «pandemia isila» dela argi du albaitariak. Antibiotikoak modu desegokian eta gehiegi erabiltzeak, eta ingurumeneko kutsatzaileen presentziak arriskuan jartzen dute antibiotikoen eraginkortasuna tresna terapeutiko gisa, eta kalkulatzen da 2050erako 10.000 milioi heriotza eragingo dituela. Arazo «ikaragarria» dela aitortu du Oribek, eta beharrezkoa dela aurrea hartzea.

Liburuari erreparatuta, ba al da kezkarako eta alarmarako motiborik? «Kontua ez da denok izuak jota egotea, baina bai adi egotea», erantzun du Lopez-Goñik. «Natura gai da etengabeko mehatxuak sortzeko, eta guk gai izan behar dugu prebentzioan indarra jartzeko. Hitz gutxitan: zientziaren aldeko apustua egin behar dugu». Osasun bakarraren kontzeptua eremu guztietara zabaltzearen alde egin dute hiru adituek, orobat. «Giza osasuna eremu itxitzat jotzen da oraindik. Interkonexio ariketa hori egin behar da, baita arlo akademikoan ere, ikasketa planetan ez baitago halakorik», laburbildu du Perez-Ramirezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.