Talaia Feministak begirada feminista batetik 2024a aztertu ostean, dosier batean bildu dituzte haien ustez iaz izandako gertakari nagusien azterketa. Elkarrizketa ireki, gogoeta egin eta ekarpenak jaso nahi dituzte larunbatean, Bilbon egingo duten topaketan. «Abiapuntu bat izan nahi du», Amaia Perez Orozco ekonomialariaren esanetan. Dosierra ondu dutenen lantaldean aritu da.
Talaia Feminista 2022an sortu zuten, Euskal Herriaren eraldaketa feministarako prozesua bultzatzeko. Hain zuzen, dosierra tresna bat da, Euskal Herriari buruzko ikuspegia izateko begirada feminista batetik. Aurtengoa bigarrena da.
2024ari betaurreko moreekin begiratu, eta iruditu zitzaien lau ardatz nagusi zeudela azpimarragarri. Lehenik, indarkeria matxista areagotu izana; nahiz eta mobilizazio feministak indartu diren eta aurrerapenak egin diren erakundeetan, «oraindik ere indarkeria matxistaren datuak jasanezinak dira», Perezen esanetan. Bigarren ardatzari dagokionez, ondorioztatu dute trantsizio energetikoa edo krisi ekologikoa modu jakin batean ulertzeko modua finkatu zela iaz, eta megaproiektuetan oinarritua dagoela; «gure ustez, lurraren kontrako indarkeria mota bat da hori». Gerra eta gatazka armatuen gorakada jo dute hirugarren gai nagusitzat, eta Gazaren aurkako genozidioa azpimarratu dute. Laugarren ardatz moduan, kezkagarria iruditu zaie eskuin muturraren gorakada, eta ez bakarrik hauteskunde garaiei lotuta.
Haien ustez, lau ardatz horiek puntu amankomun bat dute: indarkeria sistemikoa. Hau da, sistemak erabiltzen duen indarkeria erreproduzitzeko.
Uste dute iaz indarkeria horiek denak «berrantolatu» egin zirela, modu inplizituak eta esplizituak elkar hartuta. «Trantsizio digital berdea» deitutakoa jarri dute adibide gisa. Haien ustez, banatu egiten dute gorputza eta lurraldea, eta elite ekonomikoek inposatu dute hori hala ulertzea. Indarkeria inplizituaren adibidetzat jo dute ulertzeko modu hori kontakizunean txertatzea, horrek gero indarkeria esplizituari bidea irekitzeko, hala nola erresistentziak eta mobilizazioak kriminalizatuz. Horren adibide gisa aipatu du Lekarozen Aroztegiko proiektuaren aurkako borroka dela-eta egin den kriminalizazioa.
Indarkeriak politizatzea
Garrantzitsuena indarkeria horiek politizatzea dela diote, eta, horretarako, hiru pauso zehaztu dituzte. Lehenik, ikusezintasuna apurtzea: «Indarkeria forma guztiak izendatu behar dira, eta indarkeria jasaten duten subjektuak ere bai». Bigarrenik, indarkeriaren izaera sistemikoa erakustea. Eta, hirugarrenik, perspektiba sistemiko horretatik identifikatzen diren indarkeria guztiak mugimendu feministaren eta erakundeetako politiken agendetan txertatzea.
Dosierrak beste bi hizpide nagusi ere baditu: buru osasunari buruzko kezka, eta mugimendu feminista eta erakundeen arteko harremanak eta bilakaera.
«Buru osasunarekin arazo sozial handi bat daukagu, eta ez da funtzionatzen ari horri heltzeko modua. Indibidualizatua eta medikalizatua dago». Gainera, arazo hori aztertzeko modua ere problematikoa dela deritzote. «Mundu zauritu baten sintoma garela diogu, uste baitugu sufrimendu eta ezinegon maila handi hori bizi garen sistemaren porrotarekin lotua dagoela».
Haien iritziz, sufrimenduaren patologizazioa eta medikalizazioa osasun sistema prekarizatu batean gertatzen ari da; sistema bat «pribatizatua dagoena eta ustelkeria farmazeutiko kopuru handia duena». Hortik aldarrikapena: baliabide gehiago eskatu dituzte osasun sistema publikorako; eta buru osasunaren arazoari aurre egiteko modua berriz aztertu behar delakoan daude, «gaur egungo begiradak ez diolako arazoari erantzuten, okertu baizik».
«Mundu zauritu baten sintoma garela diogu, uste baitugu sufrimendu eta ezinegon maila handi hori bizi garen sistemaren porrotarekin lotua dagoela»
AMAIA PEREZ OROZCOEkonomialaria
Mapa baten beharra
Horrez gainera, mugimendu feministan eta erakundeetan berdintasunaren alorrean izan den bilakaera aztertu dute. Ondorioztatu dute oparoa eta askotarikoa dela, baina ikuspegi komun baterako mapa bat falta dela. «Diagnostiko komun bat falta zaigu, Iparraldean eta Hegoaldean garapena oso dibertsoa izan baita». Horregatik, proposatu dute berdintasunaren alorrean Euskal Herrian eratutako estrategien eta baliabide publikoen bilduma bat egitea, baita behatoki autonomo bat sortzea ere, erakundeen eta mugimenduen arteko elkarlana gidatzeko.
Gogoeta, aldarrikapen eta proposamenen artean ere zenbait galdera egin dituzte: «Komeni da mugimendu feminista finantzatzea beste gobernuz kanpoko erakunde batzuk finantzatzen diren moduan?». Orain arte mugimendu feminista eta erakundeen arteko elkarlana berdintasun kontseiluen bidez egin da, baina ondorioztatu dute bide horrek eman duela eman beharrekoa, eta ez duela funtzionatzen.
Horiek guztiek hizpide izango dituzte larunbatean. Dosierra egin dutenek laburpena azaldu ostean, lantaldetan elkartuko dira, gehienez ere hogei lagunekoak, gai jakin bati buruz aritzeko, edukiei buruz eztabaidatzeko eta ekarpenak jasotzeko.