Emakumez osatutako talde sustatzaile batek landu du Talaia Feministaren lehen dosierra, eta horietako asko elkartu dira gaur, Andoainen (Gipuzkoa), aurkezpenean, hainbat eragilerekin batera. Errealitateari buruz egin duten azterketa da, baina Maider Barañano taldeko kideak gaineratu du «feministen artean eztabaidak sortzeko tresna» ere badela.
Dosierraren bidez, eragile konkretu batzuk interpelatu nahi dituztela azaldu du Idoia Zengotitabengoa talde sustatzaileko kideak: «Egunero ari dira gure bizitzetan eragina duten erabakiak hartzen, unibertsaltasun batean izenean; agente horiek interpelatu nahi ditugu». Gehitu du dosierra aitzakia ere badela, eremu eta borroka ezberdinetan —kulturgintzan, sindikalgintzan, arlo instituzional-politikoan, unibertsitatean— dauden emakumeak eta begirada feministadunak elkartzeko.
«Jakintsuaren paperik ez dugu izan; bai, ordea, ideiak partekatzeko nahia eta adostasunera heltzeko gogoa».
AMAIA ANDRIEU Talaia Feministako talde sustatzaileko kidea
«Elkartu eta egoeraren azterketa egin ahal izan dugu», esan du Aiora Epelde talde sustatzaileko kideak: «Errealitatearen irakurketa oso beltza egiten da, errealitatea bera latza delako. Aldi berean, arrazoiak ere baditugu alternatibak badaudela eta eraiki ditzakegula nabarmentzeko». Hala, iaz izan ziren gertakariak bildu, eta horiek emakumeengan eta herrian izan duten eragina aztertu dute. «Ez da soilik alarma gorriak detektatzea, itsasargiak bilatzea ere bada. Sinisten dugu alda daitekeela, eta errotik aldatu nahi dugu», zehaztu du Epeldek.
Kide bakoitzak bere pentsaera eta kultura duela nabarmendu dute, baina etsitzen eta elkar errespetatzen sortu dutela lehen dosier hau; hala dio Amaia Andrieu talde sustatzaileko kideak: «Gure arteko harremana indartu da, zaindu egin dugu elkar. Jakintsuaren paperik ez dugu izan; bai, ordea, ideiak partekatzeko nahia eta adostasunera heltzeko gogoa».
Su txikian egositako lana izan dela adierazi dute, poliki doana, baina urrutira. Bidea hasi dute jada, eta helburua argi dute: «Euskal Herria independente eta feminista bat».
«Tentsioa mantentzea»
Andrieuren esanetan, urtero txostena argitaratzearen zentzua «eragile sozial, sindikal eta politikoengan tentsioa mantentzea» da. Urteak joan eta urteak etorri lantzeko gertaerak izango direla ziur dakite, eta betaurreko moreekin begiratu nahi dituzte: «Begirada feminista urtero pil-pilean egotea nahi dugu».
2023ko azterketa honen ondoren gehiago etorriko direla jakinarazi du Talaia Feministak: urtero txosten bat argitaratuko dute. Dena dela, bakoitzak izango duen forma edo metodologia aurrerago zehaztuko dute: gai gehiago ala gutxiago jaso dezakete. Adibidez, aipatu dute, hurrengo dosierren batean berdintasun politiken auziari heldu nahiko lioketela, jabetu baitira lurralde ikuspegitik ikertzekoa den tendentzia bat hartu dutela.
Errenterian (Gipuzkoa), otsailaren 17an egingo duten Talaia Feminista Gunean sei ardatzei buruz jardungo dira mahai inguru, lantalde eta plenario irekietan. Aurreratu dutenez, jada egindako azterketaz gain, txostenaren inguruan eztabaidatutakoa ere jasoko ditu behin betiko dosierrak.