Begirada baikorra

Zuzendari berria du BC3 klima aldaketaren euskal zentroak. Maria Jose Sanzek begi onez ikusi du COP21 goi bilera. Iruditzen zaio «mugarria» izan dela, «bide baten hasiera».

Maria Jose Sanz Sanchezek barrutik ezagutu ditu klima aldaketaren inguruan egin diren goi bilerak. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2016ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Mehatxua barik, aukera. Horrela ikusi behar da egungo klima aldaketa, Maria Jose Sanz Sanchez Valentziako Unibertsitateko Biologia Zientzietako doktorearen (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1963) arabera. Ostegunetik, BC3 klima aldaketa ikertzeko euskal zentroko zientzia zuzendaria da. Eta uste du pentsaera hori dela arazoari aurre egiteko modua. Iruditzen zaio Parisko COP21 goi bileran parte hartu zuten agintarietako askok ere hala ikusi dutela. Bestelako garapen eredu bat sortzeko aukera izan behar dela deritzo, iraunkorragoa.

Baikortasun hori dauka abenduan mundu osoko estatu eta gobernuburuek lortutako akordioa aztertzen duenean ere: «mugarria» izan zela esan du. «2000. urtetik, gertutik eta barrutik ezagutu ditut horrelako goi bilerak. Porrotak ikusi ditut bata bestearen atzetik. Orain arte, bakoitzak norabide batean jotzen zuen. Egia da akordio horrek ez duela bete beharreko helburu zehatzik, baina denek arazoaren diagnostiko bera egitea lortu du: estreinakoz, bat datoz klima aldaketa zerk eragiten duen eta baretzeko zer egin behar den zehaztean. Sekulako urratsa da; bide baten hasiera».

Orain, herrialde edo administrazio bakoitzak bere buruarekiko konpromiso zehatzak hartu beharko ditu, eta horiek bete beharrekoak izango dira. «Adibidez, Europako Batasunak berotegi efektua eragiten duten gasen isurketak %30 murriztuko dituela iragarri du. Hori bete beharko du, eta hurrengo konpromisoak berrikustean anbizio handiagoa izan beharko da».

Klima aldaketa beti egon dela azaldu du: «Antzinateko zibilizazio asko desagertu dira halako aldaketen ondorioz». Oraingo honek egungo gizarte eredua ipini du arriskuan. Aitortu du klima aldaketak orain arte ekarri dituen ondorioak ezingo direla lehengoratu. «Baina, gutxienez, etorkizunean eragin ditzakeen kalteak gutxitzen saiatu behar dugu. Ezin gara ezer egin gabe geratu».

Agintariek helburu bat lortu nahi dute: planetaren tenperatura gradu eta erdi baino gehiago ez igotzea. «Dagoeneko 0,9 gradu egin du gora. Beraz, ezin dugu ziurtatu helburu hori lortuko dugunik, klima sistemak inertziak ditu eta». Zientzialariak ez dira inertzia horiek neurtzeko gai, oraindik ez dutelako lortu munduko klima osotasunean ulertzea. «Ezin dugu esan egungo isurketek noiz eragingo dituzten ondorioak, edo noiz isuritakoen kalteak sufritzen ari garen orain. Beraz, isurketak gutxitzea besterik ez zaigu geratzen, eta horrekin kalteak apaltzea lortuko dugun itxaropena eduki».

Diziplina arteko lana

Mugarria izan da Pariskoa klima aldaketaren aurkako borrokan, baita BC3n ere. 2008an sortu zenetik, Anil Markandya izan du zuzendari. Orain, erretiroa hartuta, Sanzi pasatu dio COP21 osteko etapa berriaren gidaritza.

Klima aldaketa ikertzeko zentroak bereziki arazoa ulertzen eta konponbideak bilatzen egin du lan. Aurrerantzean ere bide horretatik jarraituko dutela iragarri du zientzia zuzendari berriak. «Zientziaren diziplinak uztartzen ahaleginduko gara, uste dugulako horrek bakarrik lagun dezakeela arazoa benetan ulertzen. Esaterako, fisikari batek askoz hobeto egingo dio aurre klima aldaketari, ekonomialari batekin haren ondorio sozioekonomikoak ulertzea lortzen badu». Iruditzen zaio soilik horrela hartu ahal izango dituztela gobernuek erabaki eraginkorrak.

Eusko Jaurlaritzarekin elkarlan ona dutela azaldu du: «Euskadi eredugarri da garapen iraunkorraren arloan. Nazioarteko lankideek ere hala aitortzen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.