Migrazioak. Baionako egoera

Begietara begiratuz geroz

Igarobidean dauden gero eta iheslari gehiago pasatzen dira Baionako autobus geltokitik. Atsedenaldi duina eskaintzeko antolatu dira herritarrak. Herenegundik, leku egokitu bat dute, Atherbeak kudeatua, herriko etxearen laguntzaz.

Pausa. Migratzaileek atseden hartzeko lokala zabalik dago herenegundik Baionan. Gehienez, bi gau eman ditzakete zetroan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun

Frantziara joan nahi dut, Frantziak bainau kolonizatu». Hor migratzaileen korapiloetako bat, Fatima Diallo iheslariak azaldua. 25 urte ditu. Gineatik dator, Konakry hiriburutik. Lau hilabete dira ihes egin zuela.

Duela pare bat aste iritsi zen Baionara, beste hainbat bezala. Azken hilabeteetan, 80-100 iheslari dira igarotzen Baionatik egunero, han baitute autobus geltoki nagusia. Paris, Naoned, Tolosa, Lyon, Bordele, Brusela... Macron autobusen helmugak dira horiek oro. Horrela erraten diete autobus berezi horiei, Emmanuel Macron Frantziako Ekonomia ministro zelarik bozkarazi legearen ondorioz ezarri baitzituzten. Autobusen merkatua liberalizatu zuen, eta, ordutik, autobus konpainia andana batek ematen du merke bidaiatzeko parada. Pariserako txartela 20-50 euroan eros daiteke. Orain arte, Euskaldunen plazan egoten ziren autobus horiek oro. Herenegundik, Lesseps kaian dute geltokia, Baionako tren geltokitik gertu, Aturri ibaiari begira, gaztetxearen auzo berean. Hurbil dago migratzaileentzako egonleku berria, Pausa izenekoa.

Igarobidean diren iheslariek, izan ere, Euskaldunen plaza zuten autobusaren zain egoteko lekua. Kanpoa. Gau eta egun. Gosea eta hotza. Bidaia segitu nahian, autobusaren zain. Batzuetan, autobus txartelaren zain, senideek-edo noiz bidaliko Internet bidez; besteetan, dirurik gehiago ez zutela. Gehienetan, ez zekiten non ziren ere.

Herenegundik, Pausa aterpean dute, beraz, atsedena. Atherbea elkarteak koordinatzen du lekua, eta zazpi langile enplegatzekoak ditu. Baina bada elkarte eta laguntzaile andana bat sarea sendotzen ari dena. Diakite elkartea dago guztiaren oinarrian: hark abiatu zuen Euskaldunen plazako elkartasun lana.

Leku berriaren aurrekontua Baionako Herriko Etxeak du hartua bere gain. Euskal Elkargoak laguntzekoa du, eta negoziatzekoa dute Pirinio Atlantikoetako Departamenduak ere esku hartzea. Oraingoz, sei hilabeterako ditu ireki ateak.

Bazkaria herriko etxeak ordaintzen du; arratsekoa elkarteen esku da. Jantziak ere bai. Laguntza guziak ongi etorriak dira. Orain arte bezala, ororen buru.

Gau bat edo bi gehienez pasatzen ahalko dituzte iheslariek: jatekoa, lo egitekoa, jantziak eta gomendio juridikoak dituzte aterpean. Autobus txartela erosten ere laguntzen ahal diete: ez diruz, baizik eta erraztuz Interneteko bidea, loturak eginez autobus gidariekin.

Migratzaile batzuk, autobusa hartzen. Euskaldunen plazako geltokia Lesseps kaira eraman dute. / Bob Edme.

Laguntzaileen sarea ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere, Jean-Daniel Elixiri Atherbeako zuzendariak ohartarazi duenez. Argi du sareek dutela segurtatuko ekinbidearen sendotasuna. Laguntzaileen sareak du laguntzen «begiradak aldatzen». Azaldu du hori ikusia dutela jada Baionan eta Baigorrin (Nafarroa Beherea), iheslarientzat antolatu behin-behineko harrera zentroekin. Atherbea zen koordinatzaile Baigorrin ere. Orain, badago alde bat: Baionakoa ez da behin-behineko harreragune bat iheslari kopuru finko batentzat. Hemen ez da leku mugaturik; denbora da mugatua.

Esperientziatik

Oraindik ez da dena pikoan, baina egunez egun gauzak argituz doaz. Eguneroko esperientziarekin ikasten ari dira, eta badute jadanik bidea eginik. Badu bost bat hilabete kopuru handietan igarotzen ari direla iheslariak. Kontua da luzaz ez zirela ageri: kukutzen ziren, Poliziak ez harrapatzeko gisan. Autobusa iristean ikus zitezkeen sasietatik ateratzen azken puntan. Ikusi nahi ez zituenarentzat, erraza zen.

Baina begiratzen dakienarentzat, zaila ez ikusi egitea. Hori izan zuen abiapuntua Diakite elkarteak. Herritar bakan batzuen ekimenez abiatu zen guztia. Laster, ehun bat bildu dira. Facebookeko mezu bat izan zen hasiera, biziki zehatza: estalkiak, jatekoa, jantzi beroak; gizon, emazte eta ñiñientzat. Trumilka iristen hasi ziren jantziak. Lokalak beharrezkoak ziren metatzeko, eta lau lokalen gakoak lortu zituzten ziztu bizian. Bi kamioi ere laster. Jatekoa, aski eta sobera, eguerdiro eta gauero. Medikuak eta erizainak ere prest. Erizainen ordenak dei egin zien Ipar Euskal Herriko erizain guztiei, aldizkatze bat antolatzeko.

Eta halako batean, Euskaldunen plazan hasieran eta Pausan orain, gorpuzten dira geopolitika orokor guztiak eta horri begira eman daitezkeen erantzunak, eztabaidak. Halako batean, Fati, Mustafa, Tierno, Mariama, Amanita, Mohammed, Balio eta Diakite bilakatu dira Baionatik igarotzen ari diren iheslariak. Hortik dator Diakite elkartearen izena: lagundu duten lehen iheslaria da Diakite. Teoriak urtzen dira segituan. Iheslariekin mintzatzen hasiz geroz, laster ohartu daiteke zaurien heinaz. Traumen amildegia. Joseba Sarrionandiaren poema hura oihartzun: «Nekez uzten du bere sorterria/sustraiak han dituenak./Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak/ez bada abaildu eta oholetan/ Ez du niniak begia uzten/ez bada erroi edo arrubioen mokoetan» (Izuen gordelekuetan barrena).

Itxura guztien arabera, horrek partez esplika dezake instituzioak ere hasi izana inplikatzen azken aste honetan. Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapeza eta Euskal Elkargoko presidentea plazara joaten hasi zen duela hamar bat egun, eta, orduz geroztik, aldatu du diskurtsoa. Bada bulta bat eskatzen zitzaiola inplikatzea. Gutunak idatziak izan zitzaizkion, elkarretaratzeak antolatuak. Baina erantzunik ez. Lehenago zergatik ez den mugitu galdetzean, erantzun du «espero» zuela estatua inplikatzea. «Baina ikustean ez zela deus heldu alde horretatik, orduan iruditu zait hiriari zela sostengu humanitarioa ekartzea. Hor dira, ahul dira, eta erantzun humanitario bat eman behar zaie. Hiriari doakion erantzuna».

Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapeza, migratzaileekin ari diren boluntarioekin. / Bob Edme.

Aldaketa hori izan dela baieztatu du Atherbeako zuzendariak: «Horrelako egoeretan dauden pertsonekin hitz egiten hasteak berak eragiten du aldaketa. Ni horren lekukoa izan naiz. Auzapeza hunki dute, usu gertatzen den bezala migratzaileari, terrorista potentzialari, atzerritarrari bisaiak jartzen dizkiogularik. Izenak jartzen hasten garelarik. Trukatzen hasten garelarik».

Oraino gogoan du ostegun gau berezi hura Fatima Diallok. Duela pare bat aste izan zen. Baionako autobus geltokira iritsi berria zen, eta pentsatu zuen kaleko jantzitako poliziak zirela laguntza eskaintzera joandako gazte haiek. Gauaren erdia zen. Taxiz iritsi berria Irundik, beste bidaiakide batzuekin. Ezetz, ez zirela poliziak ihardetsi zion beste iheslari batek: jantzi, eta estalki beroak eman zizkiotela. «Laguntza eskaini ziguten, baina gehitu zuten ez ginela onartzera behartuak. Horrek lasaitu ninduen», gogoratu du Diallok. Lasaitu zuen laguntza juridikoa izango zutela entzuteak.

Funtsezko laguntza

Laguntzaileek aholkatu zieten poliziak atxilotuz gero abokatu baten eskatzeko, eta mediku bat ere galdegin zezaketela. Polizien galderei ez erantzuteko, eta, zerbait izenpetzera behartua izanez geroz, asile idazteko. Isilik egoteko eskubidea zutela, eskubideak zituztela. Hor izan zuen segurtamena Diallok. Ez ziren poliziak. Hori da iheslariei laguntza ematera joan direnen lehentasunetako bat: laguntza juridikoa ematea, eskubideak badituztela jabetu daitezen. Funtsezkoa da, eta eraginkorra ere bai: atxiloketa bat baino gehiago saihesten lagundu dute, nahiz eta ez duen beti funtzionatu.

Dena egina baita ez daitezen existi, ez paperetan, ez pertsona gisa. Eskubiderik gabekoak balira bezala. Autobus konpainiekin, adibidez, gertatu dira gehiegikeria bat baino gehiago. Erraterako, nortasun agiriak eskatu dizkiete: zenbait gidarik, autobus txartelaz gain, nortasun agiriak erakusteko exijitzen zieten. Alta, eskaera hori ez da legezkoa, baina jakin behar; batek baino gehiagok jaitsi behar izan du autobusetik. Orain, iduriz, ez da halakorik gertatzen, baina ez da behin betiko segurtamenik.

Eurolines autobusetako gidariekin, adibidez, ez da konpondu arazoa. Batek baino gehiagok ezin izan dira autobusera igan, nahiz eta txartela erosia izan. Elkarteko kideek gogoan dute nola behin autobus gidari batek ateak ireki zituen, hatzarekin zuri bat seinalatu zuen, eta igaiten ahal zela erran zion; aldiz, ondoan zuen beltza ezin zela igan. Gau batez elkarteko kideak asaldatu ziren, autobusa geldiarazi zuten, eta lortu txartela zuten guztiak igotzea. Baina beste gau batean, ez: kide batzuei eraso egin zien gidariak. Salaketa jarri dute.

Izan dira autobus txartelen trafikatzaileak ere. Autobus txartelak bereziki Interneten bidez dira erosten ahal. Afera da Interneten erosteko kreditu txartela behar dela. Trafikatzaile batzuek iheslariei aukera ematen diete sosez pagatzeko; erosten diete txartela Interneten, baina bitartekari lana garesti ordainaraziz. Emazteen kasuan, txartela merkeago egiten diete sexu harreman behartu baten bidez ordainduz geroz.

Oro har, emazte eta ume andana bat lagundu dute Diakite elkarteko kideek. Gehienak taxiz iristen dira gauaren erdian. Egunero bospasei azken aste honetan. Pausaleku berria ukan aitzin, herritarren etxeetan lo egitea proposatzen zieten iheslariei. Denentzat lekurik ez eta, gizonak kanpoan utzi behar izaten zituzten askotan. Hautuak egitera behartuak ziren. «Kanpoan lo egitea dramatikoa da gizonentzat; emazteentzat, dramatikoa izateaz gain, lanjerosa da», dio Diakiteren sortzaileetako batek, Kloe Etxamendik. Horri buruz ukan dituzte eztabaidak elkartean.

Izan dituzte arazoak. Proxenetismoagatik kondenatutako gizon bat bildu zitzaien plazara gauez, laguntzaile bat balitz bezala. Laster ohartu ziren elkarteko kideak, eta alde egitera behartu zuten. Etxamendi ez zen hainbeste harritu horrelako jendeak itzulika ikustean. Entzuna zuen horrelakoak gertatu zirela duela hogei urte Parisko La Chapelle elizan iheslariek sortu protesta mugimenduan. «Erasotzaileen logika segituz geroz, egokiak dira horrelako lekuak. Ez dute arriskurik hartzen. Igarobidean diren pertsona horiek babesik gabe dira: Nor ohartuko da desagertzen badira? Nor arranguratuko da?».

Arrazoi bat gehiago, elkartasun sarea sendotzeaz batera, erantzukizunaz jabetzeko. «Denek, inkontzienteki ere, huts egin dezakegu. Beharrezkoa da enpatia etengabe galdekatzea», ohartarazi du Etxamendik. Horrelakoentzat ere balio izan du eta balio du Baionako esperientziak.

Datu berezi bat bada, hala ere. Lagundu dituzten gehienek, ondotik, mezu bat bidaltzen diete, ongi iritsi direla errateko. Berriro ere eskerrak emateko. Gehienetan gizonen mezuak dira horiek. Emazteen kasuan, ordea, biziki mezu gutxi; harremanetan jartzen saiatu, eta biziki mezu iheskor eta lausoak jasotzen dituzte.

Fatima Diallok Paris zuen helmuga. Bazuen kontaktu bat Parisen, eta autobus txartela ere bai. Ez zen Baionan gelditzekoa. Baina, halako batean, kontaktuak ez zion gehiago erantzun. Parisera joateko arrazoik ez zuen gehiago ikusi, eta Baionan gelditzea erabaki zuen. Gau hartan ezagututakoengana jo zuen. Kloe Etxamendik konfiantza erakutsi zion, eta erran zion hemen geldi nahi zuela. Etxamendik baietz, justuki Noka-Noka elkartea hor zegoela, emazte iheslarien eskariei erantzuteko xedez sortua. Eratu berria, oraindik antolatzekoa, baina segituan aurkitu zioten babesa. Noka-Nokako kide egin da Diallo. Eta iheslarien laguntzen hasi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.