Bederatzi urteko espetxe zigorra, konortea galdu zuen emakume bati sexu abusuak egiteagatik

Zigortuak erasoa grabatzen utzi zion bertze pertsona bati, baina hura ezin izan dute epaitu, ihes eginda dagoelako.

Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko otsailaren 14a
14:20
Entzun

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, konortea galdu zuen emakume bati sexu abusuak egiteagatik, eta bertze pertsona bati erasoa grabatzen uzteagatik. Gainera, biktimari 4.900 euro ordaindu beharko dizkio lesioengatik, eta bertze 10.000 euro kalte moralengatik. Epaia ez da irmoa, eta errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Auzitegi Nagusian.

Biktimaren emakumezko lagun baten bikotekidea zen erasotzailea, eta andre hura izan zen, hain zuzen ere, erasoa grabatu zuena; ezin izan dute epaitu, auzi ihesean dagoelako. 

Erasoa 2019ko ekainean gertatu zen, Bilboko etxebizitza batean. Biktima, haren laguna eta horren bikotekidea —erasotzailea— bertan zeuden, eta, halako batean, biktimak konortea galdu zuen; «ziurrenik, akusatuak eta haren neska lagunak eman zioten substantziaren baten ondorioz», auzitegiaren oharrak dioenez. Emakumeak konortea galdu zuela ikusita, gizonak eraso egin zion, eta haren bikotekideak guztia grabatu. Irudiak bertze pertsona batzuei erakutsi zizkieten. 

Gizonak uko egin zion epaiketan deklaratzeari, baina bideoa eskuratu zuten, eta biktimaren zein bertze hainbat lagunen lekukotzak jaso. «[Bideoan] Salatzailea lo sakonean edo konorterik gabe dagoela ikusten da, eta ikusten da hainbat minutu irauten duen sekuentzia batean hainbat sexu ekintza egiten zaizkiola, bera inoiz esnatu gabe, eta inolako mugimendurik egin gabe», dio epaiak. 

Atxilotu bat Iruñean

Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean, bikotekide ohiarengandik urruntzeko ezarria zuen agindua urratu eta hura jotzea egotzita.

Poliziak erran duenez, 25 urte ditu atxilotuak, eta Donibane auzoan atzeman dute. Indarkeria matxistari dagozkion aurrekariak ditu, bikotekide ohiari eraso egiteagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.