Bederatzi urte eta erdiko zigorra ezarri diote gizon bati, bi emakume aihozkadaka hiltzen saiatzeagatik

Emazte ohia eta amaginarreba ohia hiltzen saiatzeagatik zigortu du epaileak gizonezkoa. 44.650 euro ordaindu beharko dizkio emazte ohiari, eta zigorra bete eta hurrengo hamar urteetan zaintzapeko askatasuna izango du.

Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko elkarretaratze bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko elkarretaratze bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
nerea intxausti
2025eko otsailaren 17a
14:45
Entzun

Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Atalak bederatzi urte eta erdiko espetxe zigorra jarri dio gizon bati, 36 urteko bere emazte ohia eta bere amaginarreba ohia aihozkadaka hiltzen saiatzeagatik. Giza hilketa saiakera delituagatik zigortu du. 2023ko urrian Iruñeko Arrotxapea auzoan egin zien erasoa; behin-behineko espetxealdian dago ordutik. Zigortuak Fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin adostu du zigorra.

Zazpi urteko espetxe zigorra ezarri dio epaileak giza hilketa egiten saiatzeagatik, eta astungarria gehitu diote senidea izateagatik. Gainontzeko bi urteak amaginarreba ohiari egindako lesioengatik erantsi dizkiote, baita lau urteko urruntze agindua eta harekin harremanetan jartzeko debekua ere. Guraso ahala ere kendu diote. Kartzela zigorra amaitutakoan zaintzapeko askatasuna izango du beste hamar urtez, baita bikotekide ohiarekiko eta semearekiko urruntze agindua ere, eta haiekin harremanetan jartzeko debekua. Espetxe zigorra betetzeaz gain, gizonak 40.000 euro eman beharko dizkio lesioengatik eta utzitako ondorioengatik, eta beste 4.650 euro kalte moralengatik. 

Aihotz kolpeak eman zizkien

Epaiaren arabera, 2023ko urriaren 4an, gaueko bederatziak aldean, zigortua amaginarreba ohiaren etxe atarira joan zen, jakinda bere emazte ohia ere bertan zela. Etxetik atera zirenean, gizonak aihotz batekin egin zien eraso: lehenik, emazte ohiari eman zizkion aihoz kolpeak, bereziki buruan eta hanketan; gero, amaginarreba ohia alabari laguntzera gerturatu zen, eta hari ere ebaki batzuk egin zizkion. Etxe barruan beste pertsona bat ere bazegoen, eta, hura laguntzera atera zenean, zigortuak amaginarreba ohia eskaileretan behera bultzatu, eta ihes egin zuen. 

Emazte ohiari hamar zentimetrorainoko zauriak eragin zizkion buruan, besoetan eta bizkarrean; 42 egun behar izan zituen sendatzeko. Amaginarreba ohiak, berriz, zauriak zituen eskuetan, besoetan eta hanketan, baita garezurreko lesio traumatiko bat ere; 21 egun behar izan zituen sendatzeko. 

Erasotzaileak aurrekariak zituen. Epaiaren arabera, biktima zigortuarengandik banandu bazen ere, behartu egin zuen emakumea berriro bikote harremana izatera: deiak eta mezuak bidaltzen zizkion, eta bere etxera joaten zen. Halaber, 2023ko martxoan, gizonak aurpegian jo zuen emakumea, eztabaida bat zela medio: masailalbo hezurrean eritema bat eragin zion. Eraso horiengatik ere zigortu zuten: sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten harremana izatera behartzeagatik, eta 60 eguneko lan komunitarioa lesio delitu arin batengatik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.