EUSKAL PRESOAK

Bederatzi senideri administrazio espedienteak ireki dizkiete presoak bisitatzera joateagatik

Puerto I, Puerto III eta Avilako espetxeetara joandako senideei ezarri dizkiete administrazio espedienteak, «perimetroa itxita daukaten lurraldeak zeharkatzeagatik». Teruelgo espetxera joandako senide batek bisita galdu zuen. Sarek eta Etxerat-ek salatu dute egoera «jasanezina» dela.

Puerto I eta II espetxeetako sarrera, joan den urrian. NAGORE ARIN
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 3a
11:50
Entzun

COVID-19aren eta alarma egoeraren ondorioz ezarritako neurri murriztaileek bete-betean eragin diete euskal presoen senideei. Etxerat-ek eta Sarek eman dute asteburuko bisiten egoeraren argazkia: bederatzi senideri espedienteak ireki dizkiete «perimetroa itxita daukaten lurraldeak zeharkatzeagatik», eta bertze senide bat bisitarik gabe gelditu da, alarma egoeraren ondorioz. Espedienteak jaso dituztenak Cadizko Puerto I, Puerto III espetxeetara (Andaluzia, Espainia, 1.010 kilometro) eta Avilara (Espainia, 455 kilometro) joandako senideak dira. Teruelen dagoen preso baten senidea (Espainia, 430 kilometro) da bisitarik gabe gelditu dena.

Sarek eta Etxerat-ek ohartarazi dute «inork» ez duela «konfinamendurik hautsi»: «Senideek bidaia egiteko arrazoi justifikatuak frogatzen zituzten agiriak eraman dituzte: bisita baimenduen egiaztagiria eta, gainera, ondoren, bisita egin izanaren egiaztagiria, ia espetxe guztietan emana». Presoen senideen elkarteak eta presoen aldeko mugimenduak oroitarazi dute Espainiako Estatuan dauden euskal presoak Euskal Herriko kartzeletan baleude ez litzatekeela horrelakorik gertatuko: «Gaur egun, 187 presotik 170 baino gehiago EAEtik eta Nafarroatik kanpoko espetxeetan daude. Euskal presoen senide eta hurbilekoak egoera hau bizitzera behartzen dituzte».

Egoera «jasanezina»

Sarek eta Etxerat-ek gogoratu dutenez, hamar hilabete igaro dira jada Espainiako Estatuko kartzeletan komunikazioak «eten edo murriztu» zituztenetik. Frantziako Espetxeetan gertatzen dena ere «zaila» dela salatu dute, eta, orokorrean, «jasanezina» dela egoera, «euskal presoek eta haien senideek etengabe ziurgabetasuna jasaten baitute».

Presoak «lehenbailehen» Euskal Herrira ekartzeko eskatu dute, «gero eta handiagoak baitira kartzelatutako pertsonek eta haien familiek jasaten dituzten urruntzearen ondorio konponezinak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.