Atxiloketak

Bederatzi lagun atxilotu ditu Frantziako Poliziak Lapurdin

Zigor Goieaskoetxea, Ortzi Idoate, Luis Barriola, Jeronimo Prieto, Gorka Haritzaga, Karmele Torre, Matias Urretxu, Stephane Blondel eta Ion Irazola dira. Atxilotuetako bati agertu diotenez, Baiona Ttipiko Xilko ostatuarekin du zerikusia atxiloketak. Mugimendu abertzalearen bilgune da taberna hori eta lehenago ere miatu izan dute. Urriaren 18an hilabeterako itxi zuten Baionako festetan gertatutako istiluengatik.

2008ko azaroaren 4a
21:13
Entzun
Frantziako Poliziak bederatzi lagun atxilotu ditu gaur goizetik Lapurdin. Honakoak:

Zigor Goieaskoetxea, Miarritzen.

Ortzi Idoate, Lekuinen.

Luis Barriola, Angelun.

Jeronimo Prieto, Lekornen.

Gorka Haritzaga, Azkainen.

Karmele Torre, Hazparnen.

Matias Urretxu, Hazparnen.

Stephane Blondel, Hendaian.

Ion Irazola, Hazparnen.

Hasiera batean, Luis Barriolaren bikotekide Vivian Barriola ere atxilotu egin dutela zabaldu du aurrena Askatasunak, baina haien etxea miatu badute ere emakume hori ez legoke atxilotuta.

Atxilotuen etxeak miatu ditu Poliziak, eta Aministiaren Adeko Mugimenduak agertu duenez, arakatze horiek lasaiak eta laburrak izan dira. Diru kontuen agiriak-eta eraman dituzte, batik bat. Parisko Laurence Levert epaileak agindu du operazioa.

Atxilotzerakoan Ortzi Idoateri poliziek esan diotenez Baionako Xilko ostatuarekin du zerikusia atxiloketak. Mugimendu abertzalearen bilguneetako bat da Xilko ostatua, eta lehenago ere izan da Poliziaren jomuga: batetik, herriko tabernen kontrako operazioaren baitan miatu egin zuten; bestetik, urriaren 18an hilabeterako ixteko agindu zuten Frantziako auzitegiek Baionako festetan ostatu horren inguruan gertatu ziren istiluak zirela eta. Ixteko orduaren inguruan sortu ziren iskanbilak ostatu horren inguruan festan zebiltzanen eta Poliziaren artean.

Luis Barriola eta Vivian Barriola Baiona Ttipiko Aita-Seme tabernako nagusiak dira.

Mobilizazioak gaur

Aministiaren Aldeko Mugimenduak gogor salatu ditu atxiloketak, eta Frantziak hartutako bide errepresiboan beste urrats bat dela iritzi dio.

Atxiloketak salatzeko mobilizazioak eginen dituzte gaur: Miarritzen eta Hazparnen 18:30ean ohiko lekuetan, Baiona San Andres plazan ordu berean, eta 19:00etan Azkainen eta Hendaian ohiko tokietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.