Kukutza eraitsi bazuten ere, haren gerizpean lau urte igaro dituzte istiluetan atxilotutako hemeretzi lagunek. Irailean izan zen bi egun «luze» iraun zuen epaiketa, eta atzo iritsi zen auziaren epaia. Erruduntzat jo dituzte. Denentzat zigor berdina: desordena publikoengatik bederatzi hilabeteko espetxe kondena, eta sortutako kalteengatik 84.000 euroko kalte-ordaina guztira. «Badirudi epaiketan igarotako bi egun horiek ez zutela ezertarako balio izan; gazteak lurrera erori eta atxilotu zituztenean bertan hartu zuten erabakia. Kontraesanez beterik badaude ere, ertzainen deklarazioak itsu-itsuan sinetsi dituzte». Haserre hartu du epaia Iñaki Carro auzipetuen abokatuetako batek. Helegitea jarriko dute, «oinarri juridikorik gabeko» epaia deuseztatzeko asmoz.
2011ko irailaren 23a. Bilboko Errekalde auzoa. Kukutza gaztetxea husteko eta eraisteko eguna eta tokia. Zigortu batzuentzat, ausazko momentua eta lekua; besteentzat, Kukutzari elkartasuna adierazteko unea. Carro: «Han zeudelako dira errudunak. Soilik horregatik. Ertzainei berdin izan zitzaien zer egiten zuten. Areago, polizia batek argi utzi zuen agindua jendea atxilotzea zela. Berdin zuen nor».
Aitziber Ibaibarriaga Bilboko EH Bilduko bozeramaileak eta Kukutzarekin Elkartasun Taldeko kideek argi dute gaztetxearekiko elkartasunaren aurkako epaia izan dela. «Ulertezina da gehiegikeria haren arduradun politikoek inolako erantzukizunik beren gain ez hartzea. Elkartasuna, berriz, gaitzetsi egiten dute», esan du Ibaibarriagak.
Horrez gain, atxiloketak istilu nabarmenenak baino lehenago izan baziren ere, hemeretzi gazteek 84.000 euroko isuna ordaindu beharko diote Bilboko Udalari, sortutako kalteak ordaintzeko. Hori da, Carroren aburuz, «izugarriena»: «Ez dauka inolako funts juridikorik. Ez dago inon frogatuta gastu horiek nondik atera diren. Areago, dirudienez kopuru hori gastatu zuten hilabete horietan edukiontziak konpontzeko, baina ez dute inon esaten gau hartan hondatu zirenik».
Akats juridiko bat ere aipatu du abokatuak. Izan ere, Bilboko Udalak eskatu zuen kalte-ordain hori, baina udaleko abokatua ez zen epaiketara azaldu. «Fiskaltzak ezin du azken momentuan udalaren lekua hartu. Espero dezagun helegitearen ondorioz probintzia auzitegiak hori kentzea, besterik ez bada». Era berean, kritikatu du epaileak«ahalegin txikiena ere» egin ez izana liskarreko bideoak ikusteko eta «egia argitzeko». Ildo beretik mintzatu da Kukutzarekin Elkartasun Taldea: «Epaileak datu guztiak soka berera josi ditu, auzipetu guztiak gisa berean kondenatuz, delituari izaera publikoa —hau da, kolektibo eta politikoa— emateko».
Txanponaren alde «pozgarriena» inor espetxera ez joatea da, Carroren ustez. Fiskaltzak gutxienez 18 hilabete eskatu zituen, baina epaileak erdira gutxitu du zigorra. Halere, guztiak erruduntzat jo izanak harritu du gehien abokatua: «Justizia existitzen dela sinetsarazteko, gutxienez hiruzpalau absolbituko zituztela uste genuen, baina ez. 'Zu izan ez bazinen, zure lagunen bat izango zen' esan, eta kito! Horrela argudiatu dute zigorra».
Kukutzarekin Elkartasun Taldeko kideek adierazi dutenez, horrelako epaiek ez dute okupazioa eta autogestioa geldiaraziko. «Horren isla dira Errekalden bertan mehatxupean dirauten Etxarri eta OihuK guneak. Kukutzaren defentsan egon ginen, eta horien defentsan ere egongo gara».
Bederatzi hileko kartzela zigorra, Kukutzaren eraisketako istiluengatik
Desordena publikoa egotzita zigortu dituzte irailean epaitutako hemeretzi lagunak, eta 84.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko diote Bilboko Udalari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu