Zortzi ordu iraun zuen larunbatean Ezkaba mendian (Nafarroa) piztu zen suteak. Polizia iturrien arabera, sutea nahita piztua zen, eta Ezkabako gazteluaren barruan hasi zen. Hain zuzen, bederatzi gazte identifikatu ditu Foruzaingoak, gaztelu horretan suziriak pizteagatik. Polizia iturrien arabera, baliteke haiek piztu izana sutea, eta ikerketapean daude orain. Hala ere, ez dute hipotesirik baztertzen.
Igandeko ordu txikietan izan zuten suhiltzaileek sutearen berri, eta atzo bertan amatatzea lortu zuten, 09:30ean. Haizeak gogor astintzen zuen sua, eta horrek lana zaildu zien suhiltzaileei. 05:00etan sutea kontrolpean bazuten ere, militarren laguntza behar izan zuten gazteluan sartu ahal izateko.
Inguruetan bizi ziren auzokideak biziki kezkatu ziren. Izan ere, Foruzaingoak eta larrialdietarako zerbitzuek egoeraz ohartarazteko mila dei baino gehiago jaso zituzten gau osoan.