Beaumont espiatu izana txarretsi du Nafarroako Parlamentuak

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako adierazpen bat onartu du Bozeramaileen Batzordeak.

Nafarroako Parlamentua, artxiboko irudi batean. IñIGO URIZ / FOKU
2023ko martxoaren 6a
16:42
Entzun

Nafarroako Parlamentuak adierazi du «oso larria» dela Espainiako Barne Ministerioko eta Poliziako ordezkariek Nafarroako Gobernuko Presidentetza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilari ohi Maria Jose Beamont «espiatu ahal izatea». Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Izquierda-Ezkerrak gertatutakoa salatzeko adierazpena aurkeztu dute, eta parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak onartu egin du.

Ikusi gehiago:Madrilek Maria Jose Beaumont espiatu zuela salatu dute, hura Nafarroako kontseilari zenean

Adierazpenaren arabera, «zuzenbide estatu bati ez dagokion» zerbait da halako espioitza kasu bat eman ahal izatea. Hala, afera ikertzeko eskatu du, Nafarroako Gobernuko kide gehiagok egoera bera pairatu ote zuten zehazteko. Era berean, halakorik berriz ez gertatzeko bermeak ezartzeko eskatu du.

Geroa Baiko Maria Solanak adierazpenaren garrantzia nabarmendu du, esanez ezin zitekeela gaia tratatu gabe utzi. EH Bilduko Adolfo Araizek gehitu du Beaumonten bizitza pribatuaren kontrako «eraso larria» dela kasua, eta aferak argi uzten duela «botere faktikoek eta estatuko estoldek Euskal Herriko ezker subiranistaren kontra duen obsesioa».

Ainhoa Aznarez Ahal Dugu-ko parlamentariak ere «jazarpen politiko, polizial eta mediatikoa» txarretsi du, eta gehitu halakorik ezin dela onartu bere burua «demokratatzat» jotzen duen gobernu baten partetik. I-Eko eledun Marisa de Simonek, berriz, «zuzenbide estatuko arauak» hautsi izana kritikatu du, eta gehitu aferaz galdetuko dutela Espainiako Kongresuan.

Navarra Sumako eta PSNko eledunek ere txarretsi egin dute Beaumont espiatu izana. Era berean, baina, ETAren jarduna ekarri dute gogora. Navarra Sumako Javier Esparzak adierazi du UPNko kideak ere espiatu zituztela, «haiek hiltzeko», eta barkamena eskatzeko exijitu dio EH Bilduri. PSNko Ramon Alzorrizek, berriz, salatu du «zenbaitek» ez zutela «hainbesteko konpromisoa» erakutsi alderdi sozialistako kideen inguruko txostenak «ETAri pasatzen zitzaizkionean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.