BDS mugimenduak ekintza bat egin du Iruñeko katedralean, Israeli su eten iraunkorra exijitzeko

'Israel genozida' dioen pankarta bat eskegi dute kanpandorretik, eta Espainiako Eliza katolikoaren «isiltasun izugarria» eta erakunde publikoen pasibotasuna kritikatu dituzte irmo.

(ID_17102453907025) BDS mugimendua
BDS mugimenduko kideen pankartak goian eta behean. JOXERRA SENAR / BERRIA
joxerra senar
2024ko martxoaren 12a
13:30
Entzun

Ekintza sinboliko eta esanguratsua egin du Nafarroako BDS mugimenduak —Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra Israelentzat—. Iruñeko katedraleko kanpandorretik Israel genozida zioen pankarta bat eskegi dute. Hiruzpalau minutuz izan dute pankarta eskegia. Israelgo Armadak berehalako su eten iraunkorra ezar dezala eskatu dute.

Behean, BDS mugimenduko kideek beste pankarta bat zabaldu dute, su eten iraunkorra oraintxe bertan, Euskal Herria Palestinarekin zioena. Aldi berean hainbat mezu oihukatu dituzte: hala nola «Palestina askatu», «hildako haurrak gure haurrak dira», «ez da gerra, genozidioa da», «lapurtutako lurrak berreskuratuak izango dira», «Gaza, eutsi, mundua altxatuko da», eta abar.

Kanpandorrean Maria kanpaia dago, eta hura behin jotzea lortu dute. Ernest Hemingway idazle estatubatuarraren eleberri ezaguna gogoan —For Whom the Bell Tolls (Norengatik jo du kanpaiak)adierazpen publiko bat egin dute gogorarazteko Gazako herritarren aurkako bonbardaketaren ondorioz 40.000 pertsona hil dituela Israeleko Armadak, horietako gehienak haurrak eta emakumeak. «Ez diegu utziko erakunde publikoei eta enpresei Palestinako genozidioarekin elkarlanean aritzen».

Ekintzaren bidez salatu nahi izan dute erakunde publikoek ez dutela ezer egin «zuzenbide humanitarioaren eta zibilizazioaren beraren aurkako eraso horri amaiera emateko». Gose direnen aurkako sarraskiak egin dituela salatu dute, eta hori ikusita hitz hutsetan geratzea aurpegiratu diete gobernuei: «Madrilgo gobernuak harreman diplomatikoak ditu, eta Israelera armak bidaltzen jarraitzen du».

Horrez gain, euskal enpresa askoren jarrera ere gaitzetsi dute, Israeli armak salerosten jarraitzen dutelako. «Ez diote kasurik egiten Hagako Auzitegiari, eta Palestinako herriaren genozidioa gure begien aurrean gertatzen ari ez balitz bezala egiten dute».

Azkenik, Espainiako Eliza katolikoaren «isiltasun izugarria» salatu dute. «Ez zaie axola biktimen artean munduko kristau komunitate zaharrenetako bateko kideak egotea ere».

BDS mugimenduko kidea bat Iruñeko katedralean
BDS mugimenduko kide bat Iruñeko katedralean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.