EUSKARA

BBC News Mundo kateak euskarari buruzko bideo bat argitaratu du

Iruzkin andana ekarri du bideoak, eta latinoamerikar askok beren euskal abizenak azaleratu dituzte ikus-entzunezkoaren harira.

jone arruabarrena
2021eko abuztuaren 31
11:34
Entzun

Ze hizkuntza da euskara? Nondik dator? Nortzuk hitz egiten dute? Horrelako galderak argitu dizkie BBC News Mundo kateak mundu osoko ikusleei. Kateak sareetan argitaratutako bideo labur batean, euskara eta haren ezaugarriak aurkeztu ditu. Leire Ventas kazetaria da ikus-entzunezkoan azalpenak emateko arduraduna, BERRIAn eta Urola Kostako Hitza-n ere kazetari izandakoa.

Bideoak harrera arrakastatsua izan du, batez ere latinoamerikarren artean. Kazetariak bideoaren amaieran azaltzen du euskaldun asko herrialde horretara joan zirela XX. mendean, eta, horren ondorioz, bertan euskal izen ugari daudela. Horri jarraituz, iruzkin zaparrada hasi da: Hego Amerikan geratu diren euskal abizenez aritu dira bertako biztanle asko, eta hizkuntzari buruzko informazio gehiago eskatu dute beste hainbestek. Momentuz, 49.000 ikustaldi izan ditu bideoak.

«Kaixo eta ongi etorri guztioi», euskaraz agurtzen ditu Ventasek ikusleak BBCko kanalean. Euskararen jatorriaren misterioa aipatu ondoren, gaztelaniak ere euskaratik hartu dituen 95 hitzetako batzuk aurkeztu ditu: izquierda, chatarra, chabola, mochila... Euskaldunak ere aipatzen ditu bideoan. Ventasen arabera, 700.000 dira gaur egun, eta «erregioko» biztanleen %35ek erabiltzen dute hizkuntza. Hala ere, badira akats txiki batzuk: erakusten duen mapa zaharra da, eta, besteak beste, eremu euskaldunetik kanpo uzten ditu Gasteiz eta baita beste herri batzuk ere.

Hiztunez gain, hizkuntza galzorian egon den momentuez ere jardun da, Frantziako Iraultza edo Frankismoaren mehatxua kasu. Euskalkiak ere ez ditu ahazten; haien arteko ezberdintasunak azaltzeko, esaldi berdina azaltzen da bideoan, batean bizkaieraz eta bestean gipuzkeraz. Azkenik, batuaren eta alfabetoaren erabilerari ere jarri die arreta.

Baina ikus-entzunezkoa behin eta berriz bueltatzen da hasierako galderara: nondik dator euskara? Orain arte azaleratu diren hainbat teoria ekarri ditu kazetariak: euskararen eta iberieraren ahaidetasuna aldezten duen eusko-iberismoaren teoria, euskara hizkuntza berbereen amazig hizkuntzarekin lotzen duena,baita Kaukasotik datorrela azaltzen duen ustea ere.

Bestelako bitxikeriak aipatu ditu Ventasek. Esaterako, hizkuntzaren jatorriari lotzen zaizkion erlijio kutsuko mitoak. Noeren iloba zen Tubal Bibliako pertsonaiak Babeletik ekarri zuela esaten omen dute batzuek, eta bada Adam eta Ebak euskaraz hitz egiten zutela esaten duenik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.