Eusko Legebiltzarra

Baztertu egin dute Lurzoruaren Legea aldatzea «espekulazioa» eragozteko

EH Bilduren lege proposamena atzera bota du Eusko Legebiltzarrak, EAJ, PSE-EE, PP+C's eta Voxen botoekin.

Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkidea, gaurko saioan. EUSKO LEGEBILTZARRA
edurne begiristain
2023ko ekainaren 22a
11:17
Entzun

EH Bilduk Lurzoruaren Legea aldatzea proposatu du gaur Eusko Legebiltzarrean, lege proposamen baten bidez. Legea erreformatuta etxebizitzaren prezioan eragin zuzena duen «lurzoruaren espekulazioa» eragotzi ahal dela argudiatu du Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideak. Espekulazioaren aurka indarrean diren tresna legalak aski ez direla iritzita, proposatu du hamabi urteren buruan urbanizatzeko obrak hasi ezean lurzoruak berriro ere urbanizaezin izendatzea. Alta, EAJk, PSE-EEk, PP+C's-k eta Voxek ekinbidearen aurka bozkatu dute, eta ez da onetsi koalizioaren proposamena. EP-IU abstenitu egin da bozketan.

2006akoa da EAEko Lurzoruaren Legea, eta xede du praktika espekulatiboak amaitzea. Haatik, Fernandez de Betoñok kritikatu du errealitateak erakusten duela espekulazioa ohiko praktika dela oraindik, besteak beste, udal gehienei baliabideak falta zaizkielako horren aurka aritzeko, hala nola lurzoruak desjabetzeko. Hori dela eta, legedian espekulazioaren aurkako beste tresna bat txertatze aldera, EH Bilduk legea aldatzea proposatu du, lurzoru urbanizagarriak automatikoki bilakatu daitezen urbanizaezin, baldin eta hamabi urteren buruan obrak hasi ez badira. Era horretan, hirigintza plangintzan zehaztutako epeak betearazi eta lurzoru horiek mobilizatzea lortu nahi zuen koalizioak, etxebizitza eskaintza handitu eta prezioen garestitzea gelditzeko.

Elena Lete jeltzalearen iritziz, ordea, proposamen hori ez da eraginkorra, eta azpimarratu du legearen oinarriek eta printzipioek «aktualitate osoa» dutela. Bide beretik mintzatu da Maria Jesus San Jose sozialista; adierazi du Lurzoruaren Legeak neurri nahikoak dituela EH Bilduk proposatutako arazoak konpontzeko. Iñigo Martinez EP-IUko legebiltzarkidearen iritziz, berriz, lege erreformaren xedea txalogarria da, baina ez du uste oso eraginkorra denik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.