Lepo daukagu erdigunea. Zaintzak. Denon bizitzak. Umeak. Euskara. Erabakitzeko gaitasuna eta burujabetza. Ikasleak. Pintxo onenak. Lurra. Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak. Pertsonak. Elikadura. Erdigunean jarri ditugun zera horien guztien inbentarioa ez dut neronek egin, neure apeta, interes edo lehentasunen arabera. Bilaketarik azalekoenak ekarri dizkidan hurrenkeran jaso ditut, besterik gabe. Bila nenbilela, iazko martxoan Ainhoa Azpirotz Eizmendik Noaua-n argitaratu zuen artikulu bat aurkitu dut. Biziki interesgarria iruditu zait, eta hitz berri bat gehitu diot mundua ulertzeko hiztegiari: logomakia. Esaldi bat mailegatuko dut, ondo hartuko duelakoan, argi azaltzen baitu guztiz erabilgarria iruditu zaidan terminoa: «Esango nuke erdigunea logomakia bihurtzen ari dela, hau da, behin eta berriz erabiltzen da hitza, hitzari garrantzi emanez, baina mamiari heldu gabe». Gaitz berak jota ikusten zituen beste hitz batzuk. Inklusioa, Demokrazia. Jasangarritasuna.
Dirudienez, jabetu dira hautagaiak erdigunean pilatuta dauden kontzeptuak ahitzearen arriskuaz. Baliabideak zuhurtziaz ustiatu behar direlakoan-edo, kanpainak iraun bitartean bazterrean utzi dituzte horietako zenbait, atseden har dezaten, eta sorta bat aukeratu dute, erdigune efimero bat sortu, haien inguruan aritzeko. Baliteke oker ibiltzea, ez naizelako hautagaiek ekitaldi guztietan esandako den-dena jasotzeko gauza —egin dut saioa adimen artifizialarekin, ni bezain pattal ibili da— baina deigarria iruditu zait zein bazterrean ari diren gelditzen zenbait gai potolo, lehian dabiltzan eredu horien arteko aldeak nabarmentzeko oso lagungarriak izan litezkeenak.
Espero baino arreta txikiagoa jaso dutenen artean, bi nabarmenduko nituzke, zerrenda osoa ez baita kabitzen erdigunea bezain elastikoa ez den hitz-biltegi honetan. Euskara eta bere zirkunstantziak, batetik. Zaintzaren ingurukoak, bestetik. Denon bizitzak, azken batean. Bigarren horrek egunen batean aintzat hartzen hasi beharko den beste bazterketa mota bat islatzen du, zaintza sistemari baldintza ez oso erosoetan eusten dioten askok eta askok ez baitute hautagai zein hautesle izateko eskubiderik. Baldintza dezente betez gero, udal hauteskundeetan bai zenbaitek. Legebiltzarrerakoetan ez, nazionalitate espainiarra izan ezean. Talde handi samarra da, gero eta handiagoa, bazterrean jarraitzeko, gutarrez betetako erdigunera jausi egin ezinik. Nahi ere ez, agian. Ez harritu orduan.