Zenbait gorputz eta izate baztertuta daude gizartean: gorrak, itsuak, etorkinak, LGTBI kolektiboko kideak... Zailagoa izan dute euskarara hurbiltzea ere. Egoeraz ohartuta, euskaltegietako jarduna eta egitekoak aztertze aldera, Euskalduntze-alfabetatzea intersekzionalitatearen ikuspegitik jardunaldia egin zuten atzo Bilbon, UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta. UEUko Glotodidaktika taldeko kideak dira Marga Ibañez (Bilbo, 1964) eta Gari Ibargutxi (Gasteiz, 1974), eta euskaltegien ateak gehiago zabaltzeko eta eskolak pertsona horien ezaugarrietara egokitzeko beharraz aritu dira.
Zein behar identifikatu dituzue jardunaldia antolatzeko?
Gari Ibargutxi: Agertu diren hainbat zapalkuntza guk ez ditugu bizi, baina euskara hizkuntza zapaldua eta gutxitua den aldetik, bigarren mailako herritar bihurtzen gara, eta hitz egin nahi izan dugu euskalduntze-alfabetatzean gurutzatzen diren beste zapalkuntza batzuez ere. Jardunaldiaren helburua da konturatzea identitate eta izate batzuk bazterrean daudela; horiei lekua egin behar diegu ikasgeletan ere. Hurrengo pausoa izango da kontuan hartzetik praktikara pasatzea, eskoletan praktika didaktiko justuagoak, abegitsuagoak… planteatzea. Euskararen didaktika oso aitzindaria izan da beti gau eskoletatik-eta hasita, erreferente oso interesgarriak izan ditugu, eta gu ere erreferente izan gara, baina susmoa dugu zenbaitetan atzean geratzen ari garela, eta errealitate berri horiek —pertsona gorrak, Euskal Herrira etorri berriak, itsuak, neurodibergenteak...— kontuan hartzeko garaia da eskolak programatzerakoan.
Euskalduntzea zailago dute zenbait kolektibok. Zergatik?
Marga Ibañez: Hizkuntza hegemonikoek ere ez dituzte kontuan hartzen, ezta hezkuntza sistemak ere. Guk ere ez ditugu kontuan hartu, baliabiderik ez daukagulako, ez ekonomikorik, ezta ezagutza espezializaturik ere, edo ez dakigulako nola heldu horri. Apurka-apurka ibilbide bat urratzen ari gara.
Ibargutxi: Oro har, gizartearen parte baten isla izan daiteke ikasgela. Jendartean zapalkuntzak bizi dituzten zenbaitek, eta uste dugu ikasgelan, euskalduntze-alfabetatzean, zapalkuntza horiek erreproduzitzen ditugula. Entzun nahi izan diegu, ikasgelak leku seguruak eta ez-bortitzak izatea nahi dugulako.
Aztertu duzue kartzeletako egoera, gaitasunkeria, genero disidenteen egoera... Badira bereizgarriak pertsona horiek euskarari buruz dituzten ikuskeretan?
Ibañez: Denetarik. Adibidez, guk ez dugu ezagutzarik gorrei irakasteko, ez gara inoiz haiekin kontaktuan jarri, eta ez dakigu zein diren haien beharrak. Itsuekin berdin. LGTBI mugimenduari dagokionez, euskaltegiak espazio nahiko seguruak dira, baina erreferente gehiago jarri behar genituzke, adibidez, materialetan.
Zein zailtasun izan dituzte euskara ikasteko edo euskaraz bizitzeko?
Ibañez: Euskaldunak izateagatik denok ditugu zailtasun pilo bat euskaraz bizitzeko eta euskaraz ikasteko, baina beraiek despribilegiatu bihurtzen dituzten ezaugarriak dituzte erantsiak: ez dute entzuten, ez dute ikusten, itsuak, gorrak eta itsuak, etorkinak...
Ibargutxi: Hitzaldi gehienetan aipatu den kontu bat izan da ikasle bakoitzak bere ezaugarriak dituela eta horrek ekartzen duela beste denbora batzuk, ikasteko beste estrategia batzuk, beste arreta bat, beste zuzentzeko modu bat behar izatea. Ikaslearen errealitatea kontuan hartu beharko litzateke. Horrek eramaten gaitu ondorioztatzera oraindik ere talde homogeneoei, normatiboei, zuzendutako eskolak prestatzen ari garela, ikaslearen denborak, beharrak… kontuan hartu barik.
Zer egin behar dute euskaltegiek eta, oro har, euskalgintzak pertsona horiek euskarara hurbiltzeko pausoa eman dezaten?
Ibañez: Orain arte, ez ditugu kontuan hartu. Guk haiengana joan beharko genuke, haiekin hitz egin, beharrak identifikatu eta lanean hasi.
Aipatzen dute badirela euskara ikasi duten gorrak, itsuak... Urra daiteke bide bat.
Ibañez: Bai, argi eta garbi. Hasi behar gara lanean, eta euskaltegiak sortu ziren bezala eta herri ekimen garrantzitsua izan zen bezala, beste hauek ere, aldaxka hauek ere, etorriko dira.
Gero eta zabalduago dagoen diskurtsoa da euskara elite batentzat dela. Erakutsi duzue euskararen ateak edonorentzat daudela zabalik.
Ibañez: Ateak zabalik daude, baina ezin dugu nahi genukeen bezala irakatsi; baliabideak jarri behar dira mundu guztiak ikasi ahal izateko.
Euskara izan daiteke askatasunerako edo integraziorako hizkuntza. Garrantzitsua da diskurtso hori zabaltzea?
Ibañez: Euskara dudarik gabe izan behar da askatasunerako hizkuntza eta lekua.