Elbarritasuna duten pertsonak. Ikerketa

Bazterketa sozialera kondenatuak

Diru sarrera duinak ez jasotzeak independente izatea eragozten die desgaitasunen bat dutenei. Elbarritasunak, gainera, gainkostua dakarkie. Elkartean-en ustez, gaitasunei erreparatu behar zaie, ez mugei.

BERRIA.
Olatz Silva Rodrigo.
Donostia
2023ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun

Etxebizitza duina, egokia eta irisgarria. Laguntza pertsonal bermatua. Laguntza produktuak. Gizarte zerbitzuak. Eta diru sarrera duinak. Bost elementu horiek behar dituzte desgaitasunen bat dutenek bizitza independentea izateko. Hala dio Elkartean Desgaitasun Fisikoa Duten Pertsonen Euskadiko Elkarteak sortutako gidak. Eta hala berretsi du Elkartean-eko lehendakari Mikel Malkorrak: «Guk aukeratu behar dugu gure bizitza: guk erabaki behar dugu non, nola eta zeinekin bizi». Azaldu duenez, diru sarrera duinak ez jasotzeak independente izatea eragozten die elbarritasunen bat dutenei. Duela gutxi, SIIS Gizarte Informazio eta Ikerketarako Zerbitzuarekin batera, azterlan bat argitaratu dute, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pertsona horien egoera ekonomikoa zer-nolakoa den aletzen duena. Ondorioztatu dutenez, desgaitasunen bat dutenen eta ez dutenen diru sarreren arteko aldea 4.700 eurokoa da.

Ikusi gehiago:«Kafe bat hartzea gastu gehigarri bat da niretzat»

Malkorraren irudiko, datua «esanguratsua» da. Gainera, kontuan hartu behar da egunerokoan elbarriek kostu gehiago dituztela. «Desgaitasunaren gainkostua» da hori. Adibide batzuk aipatu ditu Malkorrak: «Etxebizitza bat erosten dugunean, egokitu egin behar dugu; autorik merkeena erosi beharrean, agian furgoneta handi bat hartu behar dugu egokitzeko; oporretan goazenean, lau izarreko hotel batera joan behar dugu, ez kapritxo batengatik, baizik eta gela egokituak halakoetan bakarrik daudelako». Gehitu duenez, hotel horietan, gainera, laguntzaile pertsonal bat kontratatu behar dute maiz, edo bestelako laguntza produktuak alokatu; hala nola gurpil aulkiak. Elkartean-eko koordinatzaile Lexuri Badiolak esan duenez, laguntza produktuak «oso garestiak» dira. Eta diru laguntzak jaso arren, ez dira nahikoak izaten beharrizan guztiak asetzeko.

Gainkostua ez da berdina guztientzat. «Zenbat eta diru sarrera handiagoak izan, gainkostua orduan eta handiagoa da», azaldu du Peru Dominguez SIISeko ikerlariak. Baina horrek azalpen argia dauka: diru sarrera apalagoak dituztenek ez dute behar besteko ahalmen ekonomiko beharrizan guztiei aurre egiteko. Era berean, gazteek kostu gehiago izaten dituzte. «Esaterako, eskolara joan behar badute, agian gailu espezifiko bat beharko dute». Helduaroan, gainkostua murriztu egiten da; eta «bizitzaren azken etapan» berriro egiten du gora, mendekotasuna larriagotu egiten baita askotan.

«Gure ikuspuntutik ari gara gainkostuaz hitz egiten, baina senideen egoera ere kontuan hartu behar da», adierazi du Malkorrak. Izan ere, zuzenekoak ez diren kostuak ere aztertu dituzte ikerketan. «Desgaitasunen bat duen seme edo alaba bat edukitzea oso garestia da». Etxea egokitu behar izaten da, oporretan gastu gehiago egin, eta laguntza produktuak erosi, adibidez. «Badago irudi sozial bat: gizarteak uste du diru laguntza pila bat ematen digutela eta administrazioek gure bizitza konpontzen dutela». Ez da horrela; laguntzak ez dira nahikoak beharrizan guztiak asetzeko. Adibidez, osasun sistemak ez du gaixo kronikoen errehabilitazioa bere gain hartzen; pertsonak berak edo familiak ordaindu behar ditu tratamendu horiek. Are, askotan, senideek lana utzi edo lanaldia murriztu behar dute, familiako kideak zaintzeko. «Horrek esan nahi du gero eta diru sarrera gutxiago dituztela gastuei aurre egiteko».

Datu pertsonalen ikerketa

Beste arazo bat ikusi dio horri Dominguezek: «Metatze prozesu bat da: egoera horretan denbora igaro ahala, diru sarreren perspektibak galduz joaten dira». Zeharkako kostu horiek aztertuta, Dominguezek uste du desgaitasunen bat dutenen eta ez dutenen diru sarreren arteko aldeak badituela ñabardura batzuk. Ikerketa egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailak emandako zerga datuak aztertu dituzte. Datu horiek «pertsonalak» dira: «Ez dituzte kontuan hartzen gainerako senideen diru sarrerak; eta frogatuta dago etxe horietako diru sarrerak apalagoak direla».

Ikerketaren arabera, bost elbarritik batek soilik jasotzen ditu lan eta ekonomia jarduera baten ondoriozko diru sarrerak. Elbarritasunik ez dutenen artean, berriz, %60k. Diru sarrera horiek, gainera, ez dira oso handiak. «Askok enpresa berezietan egiten dute lan, enplegu babestuetan», azaldu du Malkorrak. Lanpostu horiei dagozkien soldatak ez dira «hain handiak» eta ez dira «oso inklusiboak»; eragileon hitzetan, «bazterketa soziala» sustatzen dute. «Enplegu arrunta babesten dugu», zehaztu du Badiolak. Era berean, Malkorrak gogoratu du jende askok ez duela lanik egiten eta ez duela inoiz lanik egingo, «oso zaila baita».

Diru sarrerak aztertuta, sexu arrakala ere badagoela ohartarazi dute: gizonek emakumeek baino 6.000 euro gehiago jasotzen dituzte. Era berean, datuek adierazten dute elbarriek pobreziarako eta gizarte bazterketarako arrisku handiagoa dutela.

Egoitzen ereduaren aurka

Hiru entitate dira Elkartean-en parte: Arabako Eginaren Ekinez, Bizkaiko Fekoor eta Gipuzkoako Elkartu. Oro har, 16.000 pertsona baino gehiago ordezkatzen dituzte, ikuspegi inklusiboa izanik betiere. «Ez ditugu pertsona berezientzako gune bereziak nahi», nabarmendu du lehendakariak. Hau da, ez dute hezkuntza «segregatua» defendatzen, eta enplegu babestua ere ez. Alde horretatik, egoitzen ereduaren ordez, bizimodu independentearen eredua hobesten dute. «Egoitza batean ez dugu erabakitzen zer ordutan jaiki, zeinekin lo egin eta zer jarduera egin; besteek erabakitzen dute gure bizitzari buruz».

«Larria» da egoitzetan daudenen egoera, Malkorrak azaldu duenez: «Han egoteko, diru sarreren %70 kentzen dizkiete». Normalean, diru sarrera ez-kontributiboak jasotzen dituzten herritarrak egoten dira egoitzetan. «Hilean 500 euro inguru dira», adierazi du Malkorrak. Beraz, 500 euroren %70 kenduta, hilean 100 euro ingururekin geratzen dira. «Baliteke egoitzan bizitzeko kopuru hori ondo egotea, baina, herritarrak izateko, kalera atera behar dute: arropa erosi, taberna batera joan edo noizean behin kanpoan afaldu». Eta hori ezin da egin 100 eurorekin. «Oinarrizko beharrei aurre egiten diete, baina beste jarduera horiek guztiak behar ditugu herritar oso izateko».

Hau da, «parte soziala» ez da garatzen, Badiolak azaldu duenez: «Badirudi asistentziarekin dena dagoela ondo, baina beste guztia falta da». Besteak beste, aisialdia ez dute bermatzen. Era berean, nabarmendu du garrantzitsua dela gizartean ikuspegia zuzentzea: «Desgaitasunen bat dugun pertsonok muga batzuk ditugu, eta gu ohartzen gara: ez ditugu ukatzen». Baina begirada aldatu behar da, eta mugetan baino gehiago, gaitasunetan arreta jarri. «Gizarteak gaitasunei erreparatu behar die». Badiolaren arabera, begirada oraindik ez da aldatu: «Bide horretan gabiltza, baina oraindik ere asko geratzen da egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.