Urteak dira alderdi politiko eta erakunde batzuetako ordezkariak esaten hasi zirela Irungo eta Hondarribiko alardeak «ulertzeko bi modu» zeudela eta biak zirela «errespetatzekoak». Hasieran, ia-ia aitortza bat ziruditen hitzok, urteak egin baitzituzten desfile parekideei ez ikusiarena egiten eta haren zilegitasuna eta legezkotasuna ukatzen. Orain, diskurtso hori guztiz finkatuta dago, besteak beste Gipuzkoako Foru Aldundian, eta haren arriskuaz ohartarazi zutenen tesia baieztatzen ari da. Izan ere, kontakizuna da alardeen gatazkako borroka zelaietako bat, eta «alardeak ulertzeko bi moduen» diskurtsoak trabarik gabe hedatzen du kontakizun bat, giza eskubideen urraketak ezkutuan uzten dituena, eta horrekin batera, jarrera bat, emakumeen eskubideen eta berdintasunaren urraketekin akritikoa dena.
Iaz, hogei urtetik gorako alkate ibilbidean lehen aldiz, Jose Antonio Santanok harrera egin zion Irungo alarde parekideari udaletxeko balkoian (desfile baztertzaileari ere bai, ohitura zuen bezala). Urteetako ukazioaren eta mespretxuaren ondoren (behin ere ez zen bildu alarde mistoko juntarekin), beste erremediorik ez zitzaion geratu, Hondarribiko Udalean izandako aldaketak bakarrik utziko baitzuen desfile mistoak baztertzeko estrategian.
Aurten, antzera jardun da Cristina Laborda alkate berria, eta adierazi du «alardea bizitzeko bi moduak» direla «legezkoak». Bada, alarde baztertzaileen legezkotasuna ez ezik, hura babesten duten ordezkari politikoen jarreraren egokitasuna ere auzitan jartzen du EAEko Berdintasun Legeak. Hauxe dio 25. artikuluak: «Euskal administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen eremuan, behar beste neurri hartu behar dituzte, bai sexuan oinarritutako diskriminazio oro saihesteko, bai sustatzeko emakumeek zein gizonek parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua izatea Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan izaten diren kultura jarduera guztietan. [...] Debekatu egiten da gune publikoetan emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duen edo oztopatzen duen kultura jarduerarik antolatzea eta egitea. Euskal administrazio publikoek ezingo dute inolako laguntzarik eman eta haien ordezkariek ezingo dute ordezkari gisa parte hartu sexuan oinarrituta diskriminatzen duen zein emakumeenganako gorrotoa sustatzen duen ezein kultura jardueratan».
«Alardeak ulertzeko bi moduen» diskurtsoak trabarik gabe hedatzen du kontakizun bat, giza eskubideen urraketak ezkutuan uzten dituena, eta horrekin batera, jarrera bat, emakumeen eskubideen eta berdintasunaren urraketekin akritikoa dena.
Jokabide hori, ordea, nabarmen zabaldu da azken urteotan. Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente izanda hasi zen bi alardeetara joaten; modu pertsonalean, hori bai. Eta ahaldun nagusi zela ofizialki hasi zen iaz baztertzaileari eta parekideari harrera egiten, biei errespetua adierazten. Ildo beretik, deigarria izan da igandean Gipuzkoako Batzar Nagusietako X sare sozialeko kontuan emandako mezua: «San Martzial egunean Xabier Ezeizabarrena, Batzar Nagusietako burua Irungo Alardearen eta Alarde Publikoaren etorrerak ikusten». Desfile baztertzaileari eman diote hiriaren izena, hura da Irungo Alardea; aldiz, publiko izenondoa jarri diote mistoari, nahiz eta ez duen udalak antolatzen, alarde parekideko juntak behin eta berriz eskatua dion arren. Eta legitimazio ariketa horretan, hiru argazki: desfile baztertzaileko jenerala lehenengoan, agintariak udaletxeko balkoian bigarrenean, eta alarde parekideko jenerala azkenean.
Gipuzkoako parlamentuak igorri du mezu hori, justu hark eskatuta jaietan berdintasuna sustatzeko gida bat onartu berri duenean aldundiak. Gida horretan, bost konpromiso betetzeko eskatu diete udalei; besteak beste, jaietako ekitaldi guztietan emakumeek eta gizonek aukera berekin parte hartzea sustatzeko, eta emakumeen partaidetza eta parekidetasuna bultzatzeko bide horretan, erakundeak «eredugarri» izatea eta «mezu berdinzaleak» zabaltzea. Zalantzazkoa da bi alardeei harrera eginez aldundiak eta batzar nagusiek bete al dituzten duela bi aste udalei eskatutako konpromisoak.
Izan ere, konponbide prozesurik martxan izan ezean, bi alardeei harrera eta txalo egiteak eta errespetua adierazteak, funtsean eta finean, berekin dakar baztertzaileak eta baztertuak maila berean jartzea, biak zilegi direla adieraztea, eta gatazka bat dela ukatzea. «Alardeak ulertzeko bi modu» esamoldea, honezkero, laburdura bat baino ez da, eufemismo bat, esateko Irunen eta Hondarribian bi desfile egiten direla, horietako batean emakumeek debekatuta dutelako berdintasunez parte hartzea, eta giza eskubideen urraketarik, gatazkarik, arazorik ez dela antzematen hor. Bazterketa instituzionalizatzea lortu dute.