Emakumeak jaietan. Hondarribiko alardea

Bazterkeria oro saihesteko dio Jaurlaritzaren Berdintasun Legeak

Hondarribiko Udalak alardearen antolaketa erakunde pribatu baten esku utzi zuen, lege arazoak saihesteko.Konfiantza handirik ez du Jaizkibelek EAEko Berdintasun Legean

Andreak eta gizonak elkarrekin desfilatzen, iaz, Jaizkibel konpainian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
2014ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Hondarribiko Udalak (Gipuzkoa) urteetan antolatu izan zuen irailaren 8 guztietan herrian egiten duten alardea. Gizonak bakarrik; emakumerik ez. «Gabezia» horri aurre egiteko sortu zen Jaizkibel konpainia: emakumeek alardean parte hartzeko helburuarekin. Jaizkibelek ohartarazi zuen alardeak emakumeak baztertzen zituela, eta ez zuela berdintasuna bermatzen. Alardearen auzia auzibide bihurtu zen orduan, eta epaitegietarako bidea hartu zuen berehala. Bai Hondarribiko eta bai Irungo alardearekin lotuta —Bidasoaldeko hiri horretan antzekoa izan da gatazkaren muina—,hainbat epai garrantzitsu izan dira bidean; mugarriak bidean. Esaterako, 1998an EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen alardea publikoa zela Hondarribiko Udalak antolatzen zuenez, eta legeak udala behartzen zuela berdintasuna oztopatzen duten ekintzak debekatzera. Ondorioz, urte batetik bestera, Hondarribiko Udalak desfilea antolatzeari utzi zion. «Orduan hasi zen Alarde fundazioa alardea antolatzeko urratsak egiten», gogora ekarri du Jaizkibel konpainiako kide Garikoitz Lekuonak. «Ondare publikoa, esku pribatuetan gelditu zen». Abokatua da, eta auzibidearen analisi zuzena egin du igaro urteotan.

Jaizkibelen apustua bide judizialetik jotzea izan zen. Alde batetik, «lege iruzurra» salatu zuten. Deitoratu zuten desfilea antolatzen dutenak aldatu izana, baina alardeak bere hartan zirauela. Lekuonak adierazi du Hondarribiko herritar asko ez direla ohartu alardearen pribatizazioaz, baina nabarmendu du aldaketa handia dela, eta Alarde fundazioak ez diola inori, ezta herritarrei ere, onespenik eskatu hori egin ahal izateko. Bide judizialean beste mugarri bat 2001. urtean heldu zen. Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epai batek onartu zuen bi eskubideren arteko «talka» bat zegoela,—autonomia eskubidea eta berdintasun eskubidea— baina argudiatu zuen, jaia erakunde pribatu batek antolatzen zuenez, hark interpretatu behar zuela zein eskubide gailentzen zen. Epai horren inguruan zedarritzen dute beren jardunbidearen defentsarik irmoena alarde ez-parekidearen aldekoek, legezkoa dela argudiatuz.

Jaurlaritzarekin, penatuta

EAEko Berdintasunaren Legea ere hor dago, 2005ean onetsia. Testuak 25. artikuluan dio erakunde pribatuek leku publikoetan antolaturiko ekintzetan berdintasuna bermatu behar dutela. Lege horretan ez dute konfiantza handirik Jaizkibel konpainian. Lekuonak dio ez dutela ikusten betetzen denik: «Zertarako balio digu berdintasun lege bat indarrean izateak, ez bada erabiltzen?». Bestetik, arazoaz gizarte osoa jabetzea oso garrantzitsua iruditzen zaio: «Ez dakit gizartea iritsi den heldutasun maila horretara, ikustera alardea diskriminatzailea dela». Hala ere, argi du gai politikoa dela, eta hainbat erabaki hartu behar direla. Berandu baino lehen. «Jaurlaritzak eman beharreko lehenengo pausoa izan behar du pankarta beltzak debekatzeak». Horretaz gainera, ez du ulertzen Jaurlaritzak zergatik dioen jaia ulertzeko bi modu daudela, funtsean, andreekiko diskriminazioa baldin badago auziaren muinean.

Bizikidetzan oinarritutako giroa sustatu nahi du Jaizkibelek. Halere, Lekuonak uste du bide judiziala ez dagoela «itxita»; egiten diren arau-hausteak argiak direla dio, eta edonork egin dezakeela irekita dagoen bidea, alarde baztertzaileak EAEko Berdintasun Legea hausten baitu desfilean emakumeei parte hartzen ez utzita. Haatik, ez dute nahi «irtenbide salomoniko» lasterrik; ematen dituzten pausoak finkoak izatea nahi dute. «Lanean jarraituko dugu, baina ez dugu tentsiorik sortu nahi». Urte hauek bereziki gogorrak izan dira, Lekuonaren hitzetan; tentsioa, usuegitan, «jasanezina» izan dela oroitarazi du

Egun, alarde tradizionalaren aldekoak «urduri» daudela pentsatzen du Lekuonak: uste du presioa jasotzen ari direla, eta horregatik mintzo direla «lintxamenduaz», berriki kaleratu duten ohar batean. Bertan salatu dute «zigorgabetasun osoz» hainbat ordezkari politiko —EAEko arartekoa, Emakunde, Gipuzkoako Foru Aldundia, eta EH Bildu hartu dituzte ahotan— gezurretan ari direla alarde ez-parekidea «baztertzailea» dela esanda. Oroitarazi dute beren alardea «guztiz legitimoa» dela Espainiako Auzitegi Gorenaren arabera, eta ez dagoela sexu bazterketarik. Lekuonak gogorarazi du, ordea, EAEko Berdintasunaren Legeak ez duela bereizten erakunde pribatu eta publikoen artean, eta argi zehazten duela espazio publikoetan egindako ekintzetan ezingo dela inolako bazterkeria klaserik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.