«Baigorri eta Baztango herritarren topaleku bilakatu genuen. Ez zen bertzerik gabe ospatu, ez genuen inertziaz antolatu». Baztango eta Baigorriko gazteen arteko lankidetza 2022an hasi zen, eta lehen aldikotz iazko buruilean egin zituzten Izpegiko bestak. Gaur arratsaldean aurtengo aldia aurkeztu dute Izpegiko Irigoieneko Bentan. Basaizeak, Baztango Gazte Asanbladak eta Erratzuko gazteek bigarren aldiz antolatu dituzte Izpegiko bestak mugaren presentzia geroz eta handiagoa dela aitortuz: «Herria zatitzeko inposatutako mugak urterik urtera geroz eta gehiago banatzen gaituelako batu ginen. Inposaketari ez diogu inertziaz erantzungo, ez dugu asimilatuko».
Mezu argi batekin heldu da aurtengo aldia. Baigorri eta Baztango gazteek «asimilazioaren kontra» eginen dutela iragarri dute. Hain zuzen, hori baita haien erranetan «XXI. mendean estatu zapaltzaileek Euskal Herria zapaltzeko duten tresnarik boteretsuena». Hainbat erpin ditu zapalkuntzak. Baina, deitoratu dutenez, euskara baztertzen ari da, «izan harremanetan edo kulturaren alorrean», eta erdarak geroz eta leku gehiago hartzen du «euskaraz bizi ziren herrietan». Horrez gain, salatu dute geroz eta gehiago erdal hizkuntzen maila berean ematen dela euskara: «Frantsesa eta gaztelania euskararen maila berean emateak, azken hori sustatzeari utziz, euskararen galera dakar». Ondorioz, «bigarren mailako hizkuntza» bihurtzen da euskara, eta agerian eman dute erreferente propioak ez direla sortzen, ezta ugaritzen ere.
Asimilazioaren bigarren partea errepresioa dela gaineratu dute. «Euskaldunak apaltzeko eguneroko ogia» dela gehitu dute, atxiloketak, neurrigabeko isunak eta kartzela zigorrak gogoan ukanez. Honen harira, Aroztegiko zazpi auzipetuei sostengua eta elkartasuna adierazi diete. Azken urteetan enpresa erraldoiek zabaltzen dituzten proiektuak geroz eta leku gehiago hartzen dutela erran dute, eta horren kontra ere «herriak bere burua defendatzea zilegi bezain beharrezkoa» ikusten dute.
Ondorioz, zapalkuntza horiei kontra egiteko «euskaldunek erne eta borrokan» segitu behar dutela ohartarazi dute. «Sareak, loturak, aliantzak eta egitura propioak» aldarrikatzen dituzte: «Guziengan engaiamendu bat eskatzen du, ezinbertzean egunerokora eraman behar den ariketa izan behar duelako».
Egitaraua
«Mugen gainetik, zubiak eraikitzeko eta saretzeko» eraiki dute aurtengo egitaraua. Buruilaren 20an hasiko dira bestak, Bereko Bentan, Dom Campistronen eta Asisko Urmenetaren marrazki emanaldi batekin. Buruilaren 21erako, berriz, hainbat ekitaldiz josi dute eguna. Goizean, bizikleta eta mendi igatea izanen da Baigorriko plazatik. Ondotik, Porrotxen Irri Kantu eta Jolas emanaldiak, zintzur bustitze alaituak eta herri bazkariak ateak irekiko dizkiete arratsalde eta gau parteko txaranga eta kontzertuei.
Segurtasunaren aldeko apustua ere egin dute gazteek. Autobusak emanen dituzte Baigorritik zein Elizondotik Izpegira joateko: autobusak joan-jinka ibiliko dira 10:00etatik 06:00ak arte. Azkenik, zehaztu dute «besta gune askea» eraiki nahi dutela, eta ez dela «inongo erasorik onartuko». Erasoen kontrako protokoloari esker, «behar diren baliabideak» emanak izanen dira.