Baztango eta Baigorriko gazteen arteko lankidetza 2022an jarri zen martxan. Basaizea Kultur Batasuneko kideak eta Baztango Gazte Asanblada batu ziren, elkarren harremanak «iraunkortzeko konpromisoa» harturik, Oihana Bidartek zehaztu zuenez. Izpegiko lepoko mugaz hausnarketa eramanik, seinaletika aldatzeko ekintza egin zuten urte bereko urtarrilaren 22an. Aurten, berriz, lankidetza beraren karietara, irailaren 23ko Izpegiko bestekin datoz, «elkar ezagutzea suspertzeko proiektu izanik», betiere muga «fisiko» eta «psikologikoa» deuseztatzeko asmoz, Bidartek azpimarratu duenez.
«Besta hau mugan antolatzeak ez du muga horren presentzia berresten, baizik eta mugaren beraren haustearen xedearekin antolatzen ditugu besta hauek», erran zuen Ane Fagoagak, Baztango Gazte Asanbladako kideak asteartean besta iragartzeko egin zuten agerraldian. Euskara hauspotuz batuko diren gazteek buruilaren 22tik ondu dute egitaraua. Ez dira berriak Baigorri eta Baztan ibarreko harremanak. Izan ere, Nafarroa Behereak eta Nafarroa Garaiak kontrabandoaz edan dute historikoki. Buruilaren 22an, garai bateko eta gaurko mugaz gaindiko harremanez hitzaldia egingo dute, eta Jojo Bidart izanen da moderatzaile. Buruilaren 23rako, berriz, hainbat ekitaldiz josi dute egitaraua. Goizean, bizikleta igoera izanen da Baigorriko plazatik. Ondotik, haurren jokoak, zintzur bustitze alaituak eta herri bazkariak ateak irekiko dizkiete arratsalde eta gau parteko txaranga eta kontzertuei.
Aberastasunak aberastasun, Fagoagak gehitu zuen tokiak «bere xarma» duela, eta «sinbolikoa» dela: besta «berezia» bihurtuko du Izpegiko gainak. Bidartek nabarmendu zuen bestaren prestaketan sorturiko harremanak «biziki aberasgarriak» izan direla. Nahiz eta harreman apurrak ukan, Fagoagak uste du Baigorriko beste gazte batzuk ezagutzeko parada izaten ari dela proiektua. «Ilusioz» ari da Bidart bestaren antolaketan, eta Fagoagari «arras naturala» egin zaio ezagutza prozesua.
Segurtasunaren aldeko apustua ere egin dute gazteek. Autobusak emanen dituzte Baigorritik zein Elizondotik Izpegira igotzeko: autobusak joan-jinka ibiliko dira 19:30etik 06:00ak arte. Azkenik, zehaztu dute «besta gune askea» eraiki nahi dutela, eta ez dela «inongo erasorik onartuko». Erasoen kontrako protokoloari esker, «behar diren baliabideak» emanak izanen dira.
Izpegiko Bestak
Baztango eta Baigorriko gazteak batu dira lankidetza iraunkortzeko asmoz
Izpegiko bestak egingo dituzte buruilaren 22an eta 23an, «mugaren» ondorioak deuseztatze aldera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu