Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek iragarri dutenez, utzi egin dute festa egun horren antolaketaren ardura. Argudiatu dute denbora luzez aritu direla lan horretan, eta ziklo bat ixteko garaia dela sentitzen dutela. Urte horietan jaso duten boluntarioen laguntza eskertu dute; «urte anitz izan dira, arras politak eta aberatsak», agerraldi batean irakurri duten oharrean diotenez. Baina jada iaz uztailean aurreratu zutena gerta liteke aurten, jaiaren 60. urteurrenean: «Hurrengo urteko Baztandarren Biltzarra kolokan dela erran dezakegu, bai», berretsi zuen orduan Alvaro Garde antolatzaileak.
Oharrean azaldu dutenez, ez dago baztandarrak biltzen dituen egun hori antolatzeko lekukoa hartzeko inor, oraingoz. Orain arteko antolatzaileek aurreratu dute inork Elkartearen gidaritza hartzen badu, pozteaz gain, laguntzeko prest daudela «aholkuak emanez, bidelagun lana egiteko».
2020an eta 2021ean pandemiagatik bertan behera geratu ostean, 2022ko uztailaren 17an ospatu zen azken aldiz Baztandarren Biltzarra. Ohi bezala, orgen desfilea eta 1.600 lagunentzako bazkaria izan ziren ekitaldi nagusiak, baina jada orduan iragarri zuten antolatzaileek lekukoa ematearen beharra, ez delako egun horretako lana soilik; esan zuten elkarteak jende berria behar duela festa antolatzen segitzeko.
«Dozena bat pertsona gaude elkartean, eta gehienak, aspalditik; laguntza behar dugu. Ez bestaren egunean aritzeko laguntza: elkarteak bazkideak behar ditu, urte osorako konpromisoa hartuko dutenak», esan zuten uztailean agerraldi batean.
1963an antolatu zen lehen aldiz Baztandarren Biltzarra, eta Naiara Elola antolakuntzako kideak Nafarroako Hitza-ri uztailean adierazi zionez, pena litzateke galtzea. «Pena litzateke, patrozinatu gabeko besta eredu bat galduko genukeelako. Kontzientzia hartu beharko genuke, eta denok ale txiki bat jarri, ospatzen jarraitu ahal izateko», azaldu zuen orduan.
Duela 60 urte lehen aldiz ospatu zutenetik, zenbait oztopo gainditu eta zenbait garai zail pasatu ditu Baztandarren Biltzarrak. Frankismoaren mugak gainditu behar izan zituzten antolatzaileek, hasieran. Baztandarren Biltzarra elkarteak 1976tik du besta egun horren ardura. 1986an, hain zuzen, ospakizunak bertan behera uztea erabaki zuten, euskal presoen alde antolatutako kalejiran Guardia Zibilak zenbait pertsona atxilotu zituelako. Antolatzaileek erabaki zuten aurrera ez jarraitzea.
1990eko hamarkadan ere zaila izan zen bidea. 1997an besta ez antolatzea erabaki zuen elkarteak. Laguntzarik eza utzi nahi izan zuten agerian, eta herritarrei erakutsi zer galtzen ahal zuten, auzolanari segida ematen ez bazioten. Antzekoa izan zen egoera, 2017. urtean. Urte hartako abenduan agerraldia egin zuten Baztandarren Biltzarra elkarteko kideek, hedabideen aurrean, eta ultimatuma eman zuten: «Kideak ez baditugu lortzen, jaia bertan behera geldituko da». Azken unean salbatu zuten hurrengo urteko besta.
Elkarteko kideen deiak jaso zuen herritarren erantzuna, eta aurrera egin zuten; pandemiak, berriz ere, bertan behera utzi arte. Osasun krisiak eragindako etenaldia ere gainditu zuen Baztandarren Biltzarrak iaz. Ikusteko dago, ordea, 60. urteurreneko besta izango den.