«Hasieran erran zuten Baztan osoa udalerri gisa hartuko zutela, gero herrika, gero berriro erran zuten udalerri moduan, eta azkenean gelditu gara herrietan». Mari Jose Iturralde Elizondon bizi da (Nafarroa), eta ederki aski azaldu du Espainiako Gobernuak paseora eta kirola egitera ateratzeko baimena eman zuenetik eskualdean izan duten nahastea: «Irizpidea aldatu dute lau aldiz behintzat». INEren 2019ko datuen arabera, 7.777 biztanle ditu Baztan udalerriak. Udalerria bera, ordea, hamabortz herriz osatua dago—eskualde bat da, funtsean—, eta herri guziak dira 5.000 biztanletik beheitikoak, herriburu funtzioa duen Elizondo barne. Espainiako legea herri bakoitzari edo udalerriari aplikatu, beraz, badago aldea: udalerri gisa hartuta, goizetan eta gauetan soilik ateratzeko baimena lukete herritarrek; herrika antolatuta, ordea, egun osoan. Udalak herrikako banaketa eskatu zuen, eta salatu izan du Espainiako Gobernuko ordezkaritzak ez dituela euren eskariak kontuan hartu. Lau aldiz irizpidea aldatuta, noraezean ibili dira herritarrak, Iturralderen hitzetan: «Egunean berean jakiten genituen aldaketak, eta, orduan, horren arabera egin dugu». Herriak hartu zituzten azkenean erreferentzia gisa, eta, beraz, kirola egun osoan edozein ordutan egin dezakete baztandarrek, baina norbere herritik atera gabe. Detaileak laster lausotu dira, dena den, Nafarroan libre baita orain probintziaren barnean herri batetik bertzera joatea: «Orain ateratzen ahal gara herri batetik bertzera».
Euria goian-behean ari zuen atzo Elizondon, halere, eta jende guti ageri zen goizean zein eguerdian paseoan. Herri barnean erosketak egiten batzuk, aterkia eskuan hartuta. «Ostatuek erran dute maiatzaren 25era arte ez dutela irekiko», dio plazatik oinez doan bikote batek. Ingurura begiratuta, halakoxea da panorama: plaza ondoko karrikako ostatu guziak hetsiak dira, eta terrazako mahai eta aulkiak kanpoan dituzte, baina aulkiak mahaien kontra beheititurik, itxiak diren seinale.
«Gaur ireki nahi genuen, baina aterperik gabeko terraza dugu, eta, eguraldi honekin, ez dugu irekiko», azaldu du Jose Miguel Gonzalez Iribarrenek, Elizondoko Casino ostatuaren jabeak. Eta, hark bezala, hala dute terraza inguruko ostatu gehienek ere: euripean, blai. Gonzalezek argitu du, halere, batzuek erabaki dutela hurrengo fasera arte ez irekitzea. Eguzkiaren arabera eginen du hark: «Asteburuan eguraldi ona egiten badu, irekiko dugu terraza, eta bertzenaz, ez». Ostatu barnean ari da jabea, ireki dezaketenerako azken prestaketak egiten. Horretan pasatu du konfinamendua: «Pintatu dugu, garbiketa orokorra egin, gauzak konpondu...».
Ondoko herrietara joanda, antzekoa da panorama. Baita urrutixeagoko herrietan ere. Erratzun, erraterako, itxiak dira ostatu guziak. Arizkunen, Uxoa osta- tua da salbuespenetako bat: okindegia eta taberna izanik, zabalik izan dute orain arte ere, ogia saltzeko. «Orain ogitartekoak egiten ditugu eramateko, eta gaur konfinamendua aitzin ohikoak ziren bezeroak etorri dira kafea hartzera», azaldu du zerbitzariak. Estalpeko terrazan bortz gizon daude, batzuk kafea hartzen, bertzeak garagardoa edo patxarana: «Hau ospatu behar da!», dio Xabi Aiensak, edalontzi bat eskutan, erdi txantxetan. «Ogia erostera etorri naiz, eta ikusi ditut hauek hemen, eta...». Lagun baten aldamenean dago, bi metroko distantzia errespetatuta, eta zutik: «Bozatekoak gara biok». Konfinamenduan gustura egon dela azaldu du, herri txikietan ez dutela horrenbertze nabaritu: «Landa eremuetan lasaiago gaude, ez da pisu batean bizitzea bezala». Zehaztu du lanari esker alde batera eta bertzera ibili dela, eta ez duela hainbertze sufritu.
Bentak, bezerorik gabe
Erratzu eta Arizkundik harago, Amaiur eskuinean utzi eta Otsondoko lepoa igarota, Dantxarinea dago: benten eremua. Lapurdira, Baxenabarrera edo Zuberoara joateko «irekia» dagoen pasabideetako bat da, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) lotzen dituen Santiago zubiarekin batera gainontzeko bideak itxita daude. Irekia dago Dantxarinekoa, bai, baina arras mugatua: Frantziako eta Espainiako poliziak daude bi aldeetan, eta soilik lanerako mugitu behar direnei uzten diete igarotzen. Bentak bezerorik gabeko eraikin huts erraldoi bilakatu dira horren ondorioz: ateak itxiak dituzte estanko, arropa denda eta jatetxe handiek. «Gure bezeroak Iparraldeko jendea dira», azaldu du zabalik dagoen supermerkatu bakarreko langileak. «Urdazubi eta Zugarramurdiko batzuk etorri dira, baina guti». Zehaztu du 500 langile baino gehiago gelditu direla aldi baterako lan erregulazioan. Muga ireki arteko aldia, bederen.
Koronabirusa
Baztan. Hamabortz herri batean
5.000 biztanletik goitiko udalerria izan arren, ordu mugarik gabe ibiltzea lortu dute azkenean Baztanen. Terrazak eguzkiaren zain daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu