Bayrouk dauka giltza

Justizia ministro izendatu dute Frantziako gobernu berrian. Modem alderdiko presidenteak anitzetan eragin du euskal gaietan. Askok dute harremana harekin

François Bayrou, atzo, Justizia ministro izendatu berri, Parisko Eliseora iritsi zenean. IAN LANGSDON / EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2017ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Osatu dute Frantziako gobernu berria. Edouard Philippe lehen ministroaren gidaritzapean, 11 gizon eta 11 emakume ariko dira. Gobernu parekidea zenbakien ikuspegitik, baina ministerio pisuzkoenak gizonen esku gelditu dira. Alderdien aldetik ere, aniztasuna irudikatu nahi izan du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, lau alderditako politikariak batu baititu —PSko lau, LRko eta Modemeko hiruna, eta PRGko bi—; gainerakoek ez dute orain arte ardura politikorik izan. Euskal Herritik begiratuta, François Bayrou (Borderes, Okzitania, 1951) Modemeko presidentearen figurak sortu du interesik handiena: Justizia ministro izendatu dute. Bayrouk lotura handia du Euskal Herriarekin, eta sarri eragin du hemengo gaietan.

Kasurako, 1994an, Hezkuntza ministro zenean, ikastolekin elkarte kontratua izenpetu zuen. «Ikastola, calandreta, diwan...; hizkuntza gutxituak irakastendituzten egiturak eskola gisa kontsideratzea ekarri zuen. Ez ginenez publikoak, pribatuen zakuan sartu gintuzten, eskola konfesionalekin batera, nahiz eta gu laikoak izan», dio Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Bayrouk zabaldu zuen ate horri esker, irakasleak Hezkunde Nazionaleko langile bilakatu ziren ofizialki. Hala ere, Gorostiagak nabarmendu du geroztik ez dela aitzinamendurik izan. «Behin-behineko estatutu bat izan beharra zen, baina iraunkortu da. Postuak Parisen negoziatzen dira, eta gu estatutu berezi horri lotuak gara, jakinez ez dagokigula bat ere». Dena den, haren iritziz, erran liteke Bayrouk hizkuntza gutxituekiko «sentsibilitate» bat baduela.

«Ikastoletakoa izan da gurekiko Bayrouk izan duen ekintza baikor nagusia. Baina gainerakoa, gainerako guzia, biziki ezkorra da», Jakes Abeberri militante abertzale historikoaren arabera. «Gizon politiko gisa, izan Frantzian ala maila lokalean, nahiko genituen aitzinamendu guzien kontra agertu da, kasik sistematikoki». Hala, euskal departamenduaren kontra «sutsu» aritu izan dela oroitarazi du Abeberrik. Martine Bisauta Batera-ko kidearen iritziz, baina, «garaiak aldatu dira», eta Euskal Elkargoa sortzean Justizia ministro berriak «harriduraz» hartu zuela ohartarazi du, Biarnon gisa bereko egitura bat behar zela esanez.

Aietekoa, «garrantzitsua»

Euskal gatazkarekin ere izan du loturarik Bayrouk. Ikuspegi «humanista» batetik, «esku kolpe» batzuk eman izan dituela azaldu du Abeberrik, euskal presoei eta haien familiei «laguntza txiki» batzuk ekarrita. Baina 2000. urte inguruan ETAren agiri batean haren izena agertu ondotik, bizkartzainen babespean ezarri zuten.

2006an, ETAren su-etenaren harira Le Journal egunkarian egin zioten elkarrizketan, Frantzia gatazkaren konponbidean engaiatzea baztertu zuen, ez zuelako Espainiako «errealitate bera», baina adierazi zuen Frantziako eta Europako alderdiek «arreta baikorra» jarri behar ziotela bake prozesuari. 2011ko Aieteko Nazioarteko Konferentziaren ondotik ere egin zituen adierazpenak, haren «garrantzia» goretsiz. «Frantziako eta Espainiako gobernuek jarduera armatua uzteko ETAren engaiamendua entzun eta balioztatu behar dute», adierazi zuen.

Geografikoki zein politikoki, Euskal Herriarekin lotura handiak dituen politikari bat da. Hala, Modemeko eta zentro eskuineko politikari eta hautetsi andanaren bidez harengana iristeko aukerak egon litezke. Horien artean dira Michel Veunac Miarritzeko auzapeza eta Didier Borotra auzapez ohia, eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria. Guziek gatazkaren ondorioen konponbidearen aldeko jarrerak hartu dituzte orain arte, bi gobernuei urratsak egiteko eskatuta.

Kazeta.eus agerkariari egindako adierazpenetan, Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako departamenduko presidenteak asmoa erakutsi du Bayrourekin izanen duen lehen bilkuran presoen gaia ateratzeko. «Errepublikanoa da. Humanista eta sentsibilitate handiko pertsona da. Badakit entzungo nauela. Ondoren, estatu arrazoia dago». Ateak ireki litezke; Bayrouk dauka giltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.