Polemika handitzen ari da Frantzian, Bayrou Betharramgo gertakariez jakinean zela agertu ondotik

François Bayrouk Parisko Asanblean adierazi du «inoiz» ez zuela ukan Betharramgo abusuen berri, nahiz eta 'Mediapart'-ek kontrakoa dioten informazioak atera. Michel Betharramgo ikasle ohi eta biktima lapurtarrak egia ateratzea nahi du.

François Bayrou, Frantziako Asanblean, gaur. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Francois Bayrou. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Iñaki Etxeleku.
2025eko otsailaren 13a
12:30
Entzun

«Inoiz ez dut ukan [Betharramgo (Biarno) ikastetxeko] bortizkerien berri, are gutiago sexu bortizkerien berri». François Bayrou Frantziako lehen ministro eta Paueko (Okzitania) alkateak erran zituen hitz horiek, asteartean, Frantziako Asanblea Nazionaleko ahozko saioan Paul Vannier Frantzia Intsumisoko diputatuak (Val d'Oise, Frantzia) galdera egin ziolarik. Mediapart aldizkariak atera berri dituen adierazpen eta dokumentuek erakusten zuten Bayrou 1990eko hamarralditik jakinean zela ikastetxe katoliko hartako gertakariez. Besteak beste, bere garaian bi ikasle ohik jarri salaketak jakinak zirelako Bayrou Frantziako Hezkuntza ministro zelarik. Hain zuzen, Mediapart-ek orduko prentsa artikuluak oroitarazi ditu, orduan Bayrou Hezkuntza ministroak Betharramgo ikastetxe katolikoari bere sustengua erakutsi baitzion salaketen aurrean.

Bayrouren astearteko erranek haserrea piztu dute Frantziako ezkerreko diputatu askoren artean. Atzo bertan, zenbait diputatuk berriro ere galdera egin zioten Bayrouri, egia erran zezan. Berretsi zuen «garai hartan» ez zuela «inoiz» bortizkeria horien berri izan. Ñabardura bat gehitu zien bezperako esanei, «garai hartan» hitzarekin. Izan ere, Mediapart-ek atera du iaz Betharramgo biktima batek Bayrouri idatzi ziola. Horrez gain, Colette Capdeviellek, Iñaki Etxanizek eta Peio Dufauk, Ipar Euskal Herriko hiru diputatuek Bayrouri gutuna idatzi diote «egia» erran dezala eskatzeko.

Betharramgo biktimek ere Bayrouren jarrera salatu dute. Atzo, biktimen sustengu talde bateko hamar bat lagunek ekintza bat egin zuten Betharramgo ikastetxearen aurrean, pankartekin, Bayrouk gezurra dioela salatzeko.

Paueko prokuradorearen aurrera 112 biktimek ekarri dute salaketa. Horietako batek, Hendaiako (Lapurdi) Michelek, lekukotasuna eman zion BERRIAri joan den ekainean. Gaur, Bayrouren inguruko polemikaren aitzinean, justiziak egin behar duen bidean jarri du lehentasuna. Bayrouren ukazioak honela ulertu ditu: «Barne gatazka baduke, den aitaren eta politikariaren artean. Aita bezala oso zaila izan behar da onartzea halako gauzak gertatu direla». Horrek «ukatzera» ekarri duketela dio. Bizkitartean, lehen ministro izanik beste jokamolde bat ukan behar lukeela uste du Michelek: «Ukaziotik atera behar luke, eta eginahalak egin gertatu dena argitzeko; hainbat urtean Betharramen izan diren biktima guztiengan pentsatu behar luke, lehenik».

Baina Bayrouren afera berdin zaiola erran du Michelek. «Ez nuke nahi Betharramgo afera Bayrou afera bilaka dadin. Garrantzitsuena, enetzat, orain, justizia egina izan dadin da». Paueko prokuradoreak jakinarazi du 112 biktimen lekukotasun bilketa bukatua dela eta eskuratuak dituela. «Justiziaren lana biziki inportantea izanen da. Espero dut prokuradoreak behar duelarik bere lana eginen duela», aitortu du Michelek. «Biktima kopurua ikusita, lan erraldoia da, baina araiz egia aterako da».

Joan den abenduaren 12an joan zen jendarmeriara Michel lekukotasunaren ematera. Azpimarratu du oso molde profesionalean galdekatu dituztela, eta horretarako trebatu bi jendarmeek zaindua sentitu dela. «Bi emakume ziren, kaleko jantzitan eta ez uniformetan. Hiru ordu iraun zuen, eta oso sakon, urrun joan gara. Informazio asko atera da. Galdera oso zehatzak zituzten, eta ikaragarriko lana egiten dute. Harritu nau egiten duten lan serioak eta duten alde humanoak». Horregatik, Michelek ez du dudarik goiz ala berant auzibidea irekiko duela auzitegiak.

Michelek aitortu du une gogorrak direla. Afera prentsan aipatua den aldi oro barneak inarrosten zaizkio, eta haurrean jasandakoaren «trauma» berpizten bezala da. «Nire buru osasuna zaintzen dut orain. Ehortzi genituen gauza asko berriz jalgitzen dira, eta, psikologia mailan, saiatzen gara ziklo negatibo batean ez erortzen», aitortu duenez.

Mirande epailea

Bayrou «garai hartan» ere jakinean zela erakusten duten dokumentuak argitaratu ditu aldizkariak, baita adierazpenak ere. Azkena, atzo gauean plazaratu duen elkarrizketa, 1990eko hamarkadan Paueko instrukzio epaile zen Christian Mirande magistratu erretiratuarena. Mirandek, gainera, zenbait ikerketa egin zituen 1998an Betharramgo ikastetxeburu Karrikart apaizaren inguruan, bi ikasle ohik sexu bortxaketagatik salatu baitzuten.

Elkarrizketan, Mirande epaileak ez du ulertzen zeragatik Bayrouk dena ukatzen duen gaur egun. Mirandek Mediapart-i erran dioenez, Bayrou haren ikustera etorri zen Betharramgo ikastetxe horretan semea eskolatua zuelako: «Egoerak kezkatzen zuen, jakinez tokiko komunikabideek informazioak zabaldu zituztela, nabarmenki». Mirandek dio argiki erran ziola Bayrouri Karrikart apaizaren aurkako salaketak zinezkoak eta funtsatuak zirela. Bayrouren aste honetako ukatzeak «defentsa sistema» gisa interpretatu ditu Mirandek. «Hain segur beldur da ikastetxea babestu baitu bertan gertatu gaiztakerien gainetik. Geroztik, beste lekukotasunak agertu dira, gainera, besteak beste garai hartako irakasle batena». Irakasle horrek jakinarazi du garai hartan berean Bayrou abisatu zuela ikastetxeko bortizkeriei buruz.

Bayrou senar-emazteen haur batzuk Notre-Dame de Betharram ikastetxe katoliko horretan ibili dira ikasle, eta Elisabeth Bayrou emazteak katixima eskolak eman ditu bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.