Baxoko filosofia proba frantsesez egitera derrigortu dituzte aurten ere

Azterketa ostean elkarretaratzea egin dute, baxoa euskaraz egin dadin aldarrikatzeko. Ikasleek gaitzetsi dute lana «zaildua» zaiela

Zenbait ikasle, Baxoa euskaraz orain! banderola gibelean. GUILLAUME FAUVEAU.
Garazi Aduriz Zuñeda.
Baiona
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Beste behin ere, banderolak eta kamiseta berdeak atera dituzte Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek. Atzo goizean, baxoko filosofia proba pasatu zuten, frantsesez. Baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatzeko parada gisa erabili zuten eguna, lizeo aurrean elkarretaratzea eginez. Bertan, ikasleek adierazi zuten euren «konpromisoa berresten» dutela«euskara mespretxutik ateratzeko» eta «aldarri hauen suak biziraun dezan».

«Maite ez duten azterketa» euskaraz pasatzeko eskubidearen alde, urtero bezala kalera atera ziren ikasleak eta haien sustengatzaileak. Filipe Laskarai lizeoko hezkuntza aholkulari eta Azterketak Euskaraz kolektiboko kideak «anormaltasun» egoera bat deskribatu zuen: «Urtean zehar euskaraz egiten dugun irakaskuntza hori onartua du Frantziako Hezkuntza Ministerioak, baina onarpen hori ez da bururaino eramana». Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakari berria ere elkarretaratzera bertaratu zen. XXI. mendean oraindik horrela ibili behar izatea «ulergaitza» dela eta ikasleen «eskubideak aldarrikatzera» etorri zela adierazi zuen. Haren lehen agerraldia Baionan eginez, «elkarlana ardatz garrantzitsu» gisa azpimarratu zuen: «Elkarrekin egingo dugu bidea».

Proba osteko gogoetak

Baxoko filosofia probaren ondotik bildu ziren ikasleak Baxoa euskaraz orain! pankartaren gibelean. Ikasleak idazlanerako bi aukeretarik zein hartu eta nola garatu zuten komentatzen ari ziren. «Zoriona arrazoimen afera ote da? gaia hautatu dut», azaldu zuen Allande Etxeleku Bernat Etxepare lizeoko ikasleak. Frantsesez idatzi behar izan bazuen ere, azpimarratu zuen beretzat ez dela arazo bat izan, «bi hizkuntzekin aski eroso» sentitzen dela eta. «Hala ere, uste dut hemen denok sentitzen garela erosoago euskararekin; beraz, euskaraz pasatzea hobetsiko nuke».

Maddi Fernandez eta Mikela Dubois ere Bernat Etxepareko ikasleak dira. Bigarren gaia aukeratu zuten idazlanerako: Bakea nahi izatea justizia nahi izatea ote da?. «Nahiko konplikatua» iruditu zitzaion Fernandezi: «Frantsesez pasatu behar izateak gure erosotasunetik ateratzen gaitu; gainera, filosofia ez da gai erraza». Azterketak prestatzeko kurtsoak euskaraz egiten dituztela azaldu zuen Duboisek, baina irakasleak idatzizko ikasgaia frantsesez ematen ziela, «frantsesezko hiztegira usatzeko». «Lana zailtzen digu», gaitzetsi zuen Fernandezek. Duboisen ustez, azterketak frantsesez pasatu behar dituzte Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez baitu onartzen frantsesik gabe bizitzen ahal direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.