Baxoaren erreforma salatu dute Ipar Euskal Herriko zenbait lizeotan

Dozenaka irakaslek greba egin dute. Baionan, Cassin lizeoko ikasleen herenek ez dute proba egin

Baionako Cassin lizeoan azterketa oztopatu zuten ikasleek astelehenean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Aste honetan, Ipar Euskal Herriko hainbat lizeotara zabaldu da irakasleen eta ikasleen haserrea. Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak baxoaren erreforma plantan ezarri zuen iaz,eta azterketa berria salatzeko greba eta blokeoak egin dituzte. Leheneko ikasleek pairatuko dute aurten probaren egitura berria.

Orain arte, ikasleek lizeoko azken urte bukaeran pasatzen zuten baxoa, gai nagusi guztiak bi asteko epean eginez. Erreforma berriaren asmoa da baxo garaian ikasleek pairatzen duten «presioa txikitzea»; beraz, azterketak bi urteko jarraipena kontuan hartuko du, garrantzi handiagoa emanez kontrol jarraituari. Lizeoko azken bi urteetan ebaluatuak izanen dira ikasleak hemendik goiti. Lehenean, E3C izena duen azterketa bat pasatu behar dute, eta aste honetan iragan dira Historia, Geografia eta Hizkuntza probak, oztopoak oztopo.

Irakasle eta ikasle batzuek ez dute begi onez ikusten aldaketa hori. Alderantzizkoa gertatzen dela diote erreformaren kontra direnek: ikasleak hilabetez presiopean izan ordez, bi urte horietan zehar direla arranguratuak. Lora Laskano euskara irakaslea da Donibane Garaziko Nafarroa lizeoan, eta uste du azterketa horrek eragin txarra ukan dezakeela ikasleengan. Desadostasuna erakusteko, irakasle multzo bat ikastetxe sarreran egon zen herenegun proba denboran. «Baxoa azken urtean pasatzen zutelarik, hilabete batez presioa jasaten zuten, segur da. Baina ez dut uste baxoa bi urteko epean ebaluatzeak presioa txikituko duenik, alderantziz baizik», esan du Laskanok.

Bestalde, irakasle sindikatuek salatu dute ikastetxe barneko proba denez —eta ez estatu mailakoa, orain arte bezala— ikasleen arteko «parekotasuna» ez dela errespetatua. Baionako Cassin, Angeluko Cantau eta Miarritzeko Malraux lizeoetan (Lapurdi), irakasleek eta ikasleek E3C azterketak oztopatu dituzte horren salatzeko. Astelehenean, Cassin lizeoko ikasleen herenek ez zituzten E3C probak egin, eta ikastetxea partez blokeatzea lortu zuten. Probaren zaintza egin behar zuten berrogei irakasleek, aldiz, greba egin zuten.

Isabelle Royal frantses irakaslea da Cassinen, eta protestaren zergatia azaldu du: «E3C azterketa ez dugu onartzen, joan den urteko baxoaren erreforma onartzen ez dugun bezala». Salatu du antolaketa arazo andana gertatu direla, Hezkuntza Ministerioak «azken momentuan» hartutako erabakiengatik. Harekin bat egin du Cantauko matematika irakasle Romain Duteuilek. Cantauko probak zaintzeko deitua izan zen atzo, baina, zaindari gehienek bezala, grebari ekin zion: «Bi arazo daude. Lehena da erreforma ez dela prest, eta, beraz, ikasle eta irakasleentzako baldintza kaotikoak direla. Eta bigarren arazoak bereziki kezkatzen gaitu: erreforma hau politikoa da, eta zalantzan jartzen du ikasleen arteko parekotasuna. Azterketa lizeoan bertan egiteak ikasleen arteko desorekak sor ditzake, ikastetxearen kokapen geografikoaren eta demografikoaren arabera». Adibide bat eman du Duteuilek: lizeo pribatu batek «ohore» gehiago izanen du lehentasunez urbanizatzeko gune bateko lizeo batek baino. «Horrek notazioaren aldetik arazo bat dakar; nota berak ez du balio bera ukanen ikaslearen lizeoaren arabera. Ikasleen arteko desorekak areagotuko ditu baxo mota berriak», esplikatu du.

Baldintza txarrak

Odei Bidart euskara irakaslea da Cantaun, eta bat egin du grebarekin. Haserre mintzatu da, administrazioak grebari kalte egin nahi izan diolako. Bidart: «Administrazioko langileak bidali dituzte gure ordez probak zaintzera. Zaindari gutxiegi zenez, ikasleek baldintza oso txarretan pasatu dituzte probak. Ikasgeletan hirurogei ikasletik gora sarrarazi dituzte, mahai bakarra zegoen hiru ikaslerentzat...».

Frantziako Estatuan eta Ipar Euskal Herrian orotara 50 ikastetxe baino gehiagotan gertatu dira oztopatze edo blokeatzeak Blanquerren erreformari uko egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.