Ikasleen hizkuntza eskubideak errespetatzearen alde elkartu dira Ipar Euskal Herriko hiru sareetako irakasleak. Irakaskuntza publikoko, pribatu giristinoko eta Seaskako ehun bat irakaslek Frantziako Hezkuntza ministerioari dei egin diote «euskararen erabilerari oztopoak jartzeari utzi eta haren erabileraren aukera bermatzera».
Ekainean, baxoko ahozko handiko proba euskaraz pasatzeko parada eskaini zieten hainbat ikasleri. Ahobizi txapa jantzita agertu ziren epaimahaira, hala nahi zuten ikasleek euskaraz egin zezaketela jakin zezaten. «Urrats praktiko» horri esker «hamarnaka ikasle» aritu ahal izan ziren euskaraz irakasleen hitzetan, izan ahozkoaren parte batean edo zonbait kasutan baita proba osoan ere.
Ikasle eta irakasleen aldetik «nahikari argi bat» bada alde horretatik urratsak egiteko. Parisi dei egin diote ahozko handian ez ezik idatzizko filosofia azterketan, berezitasunen azterketetan eta beste edozeinetan ere euskaraz aritzeko posibilitatea bermatu dezan. «Zentzuzkoa den eta babes zabala duen eskari batez ari gara; jarrera hertsi eta ezkorrak alde batera uzteko tenorea da», adierazi dute. Ekainean egin zuten desobedientzia ekintzak frogatu du, haien iritziz, «nehor trabatu gabe, euskararen presentzia normalizatzen ahal dela». Euskaraz aritzeko aukera hori nahi duten ikasle guziei eskaini behar zaiela baieztatu dute.
Ministro berria Parisen
Larunbatean izendatu zuen Frantziako gobernu berria Michel Barnier lehen ministroak. Hala, Anne Genetet izanen da Hezkuntza ministro berria. Medikuntza ikasketak egin ondotik, medikuntza arloko kazetaritzan berezitu zen, eta gobernuz kanpoko hainbat erakundetan ere lan egin izan du Singapurren. Ez du hezkuntza arloan esperientzia berezirik.
2017an egin zuen salto politika arlora, Errepublika Martxan alderdiko diputatu hautatu zutenean. 2021eko apirilean, talde horretako 61 diputatuk Molac legearen kontrako helegitea jarri zuten Frantziako Konstituzio Kontseiluan. Sinatzaileen artean zen Genetet.