Save the Children erakundeko Espainiako presidente berria da Pilar Kaltzada (Donostia, 1970).Ongi ezagutzen du erakundea: patronatuko kide izan da 2016tik, eta azken hiru urteetan presidenteorde gisa jardun du. «Ilusio eta gogo handiz» heldu dio ardurari, eta erronkatzat hartu du haurreientzunak izateko eta parte hartzeko eskubidea bermatzea.
Lan handia dago oraindik egiteko haurren eskubideen defentsan?
Azken urteetan aurrerapauso handiak eman dira, bereziki lege esparruan. Gero eta ikusgarriago dira egoerarik latzenetan bizi diren haurrak, baina oraindik asko dago egiteko, bai mundu zabalean, bai gurean; hemen ere baditugulako onartezinak diren baina konponbidea duten egoerak. Gure helburua da bereziki egoera zaurgarrienean dauden haurren eskubideen defentsan lan egitea, horiek identifikatu eta emendatzeko proposamenak eginez.
Zeintzuk izango dira zure lehentasunak hemendik aurrera?
Oso testuinguru konplexuan sartzen ari gara, non, interes politikoak tarteko, bizitza erabat polarizatzen eta oinarrizko eskubideak ukatzen ari diren. Justizia sozialean atzera egiteko arriskua dugu, eta oinarrizko eskubideen defentsan indarra egin beharko dugu, baita haurren eskubideen defentsan ere. Hauteskunde kanpaina batean sartu gara, eta eskatu nahi dugu botoa ematerik ez dutenen izenean botoa emateko; guk parte hartu behar dugu adingabeen ahotsa entzungo dela bermatzeko.
Uste ustel asko dago haurren inguruan: adibidez, familien jabetza direla, eta ez dutela eskubiderik izango adinez nagusi izan arte. Kolektibizatu egin behar da haurren eskubideen defentsa?
Zalantzarik gabe. Legalki eta formalki, aitortuta dago eskubideak dituztela, baina, kulturalki, ez dugu urrats hori egin. Oso zabalduta dago umeak jabetza pribatuko zerbait direla, eta adinez nagusi direnean iritsiko direla eskubide osoen jabe izatera, bilakatuko direla erabateko subjektu. Eta ez da horrela, inondik inora. Jaiotzen diren momentutik beren eskubideen jabe dira, eta eskubide horiek aitortu behar zaizkie hasieratik bertatik. Ikuspegi hori aldatzen ez dugun bitartean eta ohartzen ez garen bitartean eskubideak dituzten pertsonak direla, oso zaila izango da esku hartzea.
Umeen eskubideen urraketak ikusezinagoak dira?
Legeak dio biolentzia egoeren aurrean haurren babeserako berme guztiak eskaini behar direla. Baina zer gertatzen da gero? Jolas eremu batean ikusten baldin badugu guraso batek ipurdiko bat ematen diola ume bati, garrantzia kentzen diogu, tontakeria bat dela uste dugu. Pentsa gizonezko batek muturreko bat ematen diola kalean emakume bati, zein bestelako erreakzio izango genukeen! Umeen kasuan, ulerkorragoak gara, gatozelako kultura batetik zeinak esaten digun etxe bakoitzean erabakitzen direla arau horiek. Haurren eskubideen defentsa kolektibizatzen ez badugu, giza eskubideen defentsa kolektibizatu dugun bezala, askoz ere zailagoa egingo zaigu horrelako egoerak lehengoratzea.
Adingabeei egindako bi sexu abusutatik bat familia barruan gertatzen da. Errealitate lazgarri horri buruz gutxi dakigu oraindik.
Gero eta gehiago dakigu, eta oraindik oso gutxi dakigu. Sexu indarkeria, orokorrean, ezkutuko gaia da gure gizartean, eta are gehiago haurren kontrako sexu indarkeria. Hori hala da haurraren beraren gertuko inguruetan gertatzen delako. Muturreko babesgabetasun egoera bat da, sexu indarkeriaren erantzuleak haurraren beraren jagole diren pertsonak direlako. Haurraren beraren defentsaren egitekoa aitortua duten pertsonak dira erasotzaileak. Perbertsio ikaragarria da hori.
Ezagutzen diren kasuak icebergaren punta dira?
Gero eta kasu gehiago salatzen diren arren, gertatzen denaren erpintxo bat besterik ez dira. Sexu indarkeria pairatzen duen haurrak kasu gehienetan ez du gaitasunik salaketarekin aurrera egiteko, eta beste heldu batzuen esku utzi behar du prozesu hori, horrek esan nahi duen guztiarekin. Haurrei oso aldapa gora jartzen zaie prozesu guztia.
Barnahus eredua zertan da lagungarria?
Eredu horrek haurra bera jartzen du sistemaren erdian, eta gainerako eragileak behartzen ditu haurrarekiko harreman hori aldatzera. Umeen aurkako sexu indarkerian zeresana eta zeregina duten eragile guztien egitekoa aldatzen du. Sistema judizialak edo hezkuntza sistemak haurrarengana egiten du jauzi, eta ez alderantziz, eta, horrela, birbiktimazioa saihestu eta benetako osaketa prozesu integrala bultzatzen da. Eusko Jaurlaritzak eredu hori garatzeko ardura hartu du, eta espero dugu laster ikusi ahal izatea martxan.
Emakumeen aurkako indarkeriarekin egiten den bezala, haurren eta nerabeen kasuan ere prebentzio lan handia egin beharko litzateke?
Dudarik gabe. Gai hau oso ezezaguna da oraindik askorentzat, bereziki ezkutuan egon delako; hitz egiten ez dena, aipatzen ez dena, ez delako existitzen. Eta egoera hori izan da, hain zuzen ere, erasotzaileen paradisua. Haurrek eurek salaketa prozesu guztia egitea eskatzen duen gizarte batean bizi gara, baina gizarte modura ez ditugu batere laguntzen. Ez diegu erreferentzia nahikorik eskaintzen ikus dezaten gertatzen zaien hori ez dela onargarria. Haurren jabetza pribatuaren kontzeptua honen atzean dago: haurrak familia du erreferentzia gune nagusi, eta hala behar du, familia zaintzailea eta eskubide bermeduna baldin bada. Baina hori ez da beti horrela, eta gure gizarteari kostatu egiten zaio hori ulertzea. Beti esaten da familia dela haurraren ingurune onena. Baina beti ez da horrela. Datuek erakusten dute kasu batzuetan familia bera dela umearen infernua, nahiz eta kostatzen zaigun hori ikustea.
Adin goiztiarretan hezkuntza afektibo-sexuala eskaintzea gakoa da sexu indarkeria kasuak detektatzeko?
Oso bitarteko gutxi eskaintzen dugu arazoa konpontzeko. Hezkuntza orekatzailea da: hau da, etxetik norberak dakarrena ez bada positiboa, orekatu egiten du, eta positiboa bada, indartu egiten du. Beste bide batzuetatik ere sozializatzen dira haurrak, eta oso eskura dauzkate, esaterako, pornografia kontsumitzeko bitartekoak. 7-8 urterekin hasten dira. Guk ematen ez diegun sozializazio patroi hori erabat desitxuratuta jasotzen dute, oreka guztia erabat zartatzen duen beste testuinguru bat eskura dutelako. Erabaki behar dugu nola hezi behar ditugun haurrak. Feminismoaren ekarpenetatik asko ikas dezakegu; izan ere, haurren eskubideak auzi politikoa eta kolektiboa ere badira.
Espainiako Gobernuak Haurrak eta Nerabeak Babesteko Legea onartu zuen 2021ean. Zer aurrerabide ekarri ditu?
Save the Childrenen helburuen artean dago eragitea. Oinarrizkoak diren aldaketak eragin behar ditugu, eta legeak dira horretarako dike eraginkorrenak. Legeak tresnak ematen dizkigu gauzak aldatzeko. Esaterako, legean jasota dago Haurren Eskubideen Defentsoria modukoak eratzea. Eskoletan eta kirol erakundeetan, berriz, profesionalak trebatzen ari dira, eta eskubideen urraketak bideratzeko bitartekoak jartzen ari dira. Egia da anbizio handiagoarekin heldu beharko geniokeela auziari, baina pauso handiak eman direla aitortu behar da.
Eusko Jaurlaritzaren Haurren eta Nerabeen lege proiektuaren arabera, adingabeak eskubideen titular izatera pasatuko dira. Haurrak entzunak izateko eskubideari atea zabalduko zaio?
Haurrak entzunak izateko eskubidea oinarrizkoa da —Haurren Eskubideen Kartan jasota dago—, baina eskubide hori da, parte hartze eskubidearekin batera, mundu osoan modu sistematikoan urratzen den eskubidea. Hauteskundeak egongo dira aurki, eta adingabeak direnek ez dute botorik emango, nahiz eta beraien bizitzarekin zerikusi zuzena duten makina bat gairen inguruan erabakiko den. Haurrek, eskubideen subjektu eta titularrak izateaz gain, badute bere bizitza nolakoa izatea nahi duten erabakitzeko gaitasuna. Aldiz, gizarte helduzentrikoa da gurea, adingabeak baztertzen ditugulako.
Zer aldatu behar da, hortaz?
Gizartea bera. Sistema judizialak haurren entzunak izateko eskubide hori txertatuko badu, aldatu egin beharko da. Eta beste horrenbeste hezkuntza ekosisteman. Nola? Haurrek parte hartuta, proposamenak eginda, eragile izanik erabaki horietan gardentasunez parte hartzeko. Parte hartze sistemak askoz ere irekiagoak, malguagoak eta egokituagoak behar dugu, haurrek benetan gizartean parte hartzeko eskubide hori egikaritu ahal izateko.
Zer aurpegi du pobreziak XXI. mendean?
Gero eta arazo larriagoa da. Pobreziaren adierazle guztietan atzera egiten ari gara. Desberdintasunak eta pobrezia elkarrekin doaz. Krisiak bata bestearen atzetik kateatu ditugu, eta eragin dute bizitza kalitateak atzera egitea, nabarmen. Pobreziaren indizean, haurrena beti dago puntu batzuk gorago, eta horrek esan nahi duhaurra izatea pobrezian erortzeko arrisku faktore bat dela.
Euskal Herrian, zein da egoera?
Gabezia handiak dituzten haurrak ditugu, bereziki guraso bakarreko familietan. Guraso bakarra esaten dut, baina ama bakarreko familiak esan beharko nuke. Pobreziaren feminizazioa eta haur pobrezia oso lotuta daudelako. Hori da gure argazkia. Etxebizitza baldintza oso eskasetan, eta, kasu batzuetan, bizigarri ez diren baldintzetan bizi diren haurrak daude: berogailua jartzeko zailtasunak dituztenak, espaziorik ez dutenak etxeko lanak egiteko, baliabide materialen falta nabarmena dutenak... Baliabide materialak izanda ere, gizarte sarerik ez duten haurrak ere pobreziaren kontzeptu zabal horretan sartu behar ditugu, eta gurean asko dira. Gero eta gehiago, gainera, gizarte sareak erabat pobretzen ari direlako.
Zer esan nahi duzu?
Uda dator, eta udako ahazturaldia deitzen diogun hori gertatzeko arrisku handia dago, hau da, makina bat haurrek sarerik gabe egin beharko diote aurre udako tarte honi, eskolak itxita daudelako, eta eskolak ematen dien guztia galdu egiten dutelako, ez bakarrik hezkuntza arloko garapena egiteko, baizik eta otorduak, lagunekin egoteko aukera, aisialdia... Multifaktoriala da. Kostatu egiten zaigu ikustea, beharbada haur pobreziaren oso irudi zaharkitua daukagulako. Haur pobrezia esan, eta irudikatzen dugu garai bateko haur eskale haiek, ortozik, zikinak... Halako pobrezia guk, begi hutsez, oso nekez ikusten dugu, baina berogailua ezin piztea pobrezia da, eguneroko otorduak ez izatea pobrezia da, otordu horiek izanda ere osasungarri ez diren elikadura patroietan hezi behar izatea pobrezia da, eta baita testu libururik ez izatea eta inguruak eskaintzen dituen aukerak ezin baliatzea ere. Hori dena gurean ere badago.
Ba al dago loturarik pobreziaren eta eskola porrotaren artean?
Bai. Datu guztiek erakusten digutena da segregazioak inpaktu handiak dituela, ez dituelako bermatzen eskolak berez gizarte eta justizia orekatzaile gisa jokatu behar duen rola. Eskola emaitzetan ikusten da gizartearen egitura zein den, oso nabarmen. Horregatik uste dugu sistema publikoen lehentasuna izan behar duelaegoera zaurgarrienetan dauden haurren eskubideak bermatzeak.
EAEko Hezkuntza Lege proiektuak segregazioa amaitzeko bideak jasotzen ditu. Aski dira?
Lege honek tresnak jartzen ditu eskola justizia orekatzailea izan dadin. Egungo segregazio datuak onartezinak dira, eta hezkuntza eragileek eta legearen tramitazioan parte hartzen ari diren guztiek ausardiaz jokatu behar dute egoera zaurgarrienean dauden haurrak lehenesteko. Save the Childrenek egindako ekarpen asko testuan txertatu dira, eta segregazioa emendatzeko pausoak adostasunez emango diren itxaropena dugu. Beste kontu bat da neurri horiek denak benetan garatuko diren.
Pilar Kaltzada. Save the Childreneko presidentea
«Batzuetan, familia umearen infernua da»
Kaltzadaren iritziz, adingabeei egindako sexu abusuak oraindik «ezkutuko» gai bat dira, eta ezagutzen diren kasuak, «erpin» bat baino ez. Umeen eskubideak «auzi politikoa» direla dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu