Ikergazte kongresua antolatzen buru-belarri ibili da Olatz Arbelaitz zuzendaria (Errenteria, Gipuzkoa, 1970) azken hiletan; ilusioz begiratzen dio edizio berriari.
Nola garatu da kongresua 2015. urtean hasi zinetenetik?
Beti kezka puntu batekin antolatzen dugu, baina azkenean ondorioa beti bera da: merezi duela,oso ona delako ikertzaile gazteen komunitatekoen erantzuna, baita haien ikerketa taldeen buru direnena ere.
Zer egoeratan da euskara ikerketaren arloan?
Gaur egungo curriculumean euskaraz egindako argitalpenak gutxi baloratu arren, euskaraz ikertzen duten ikertzaile kopuruak adierazten du neurri batean badagoela sentsibilitate bat horrekiko, eta etorkizunean gauzak aldatzeko bide bat ere badela.
Bultzada bat behar dute euskal ikerlari gazteek?
Batzuetan, euskaraz ikertzea militantzia modu bat bilakatzen da, zure barruko konbentzimendu batengatik egiten duzuna, eta ez benetan baloratzen delako. Hala ere, egia da Ikergaztera joateak beste esparru batzuk ezagutzeko aukera ematen dizula, eta horrekin zure etorkizuneko proiekzioa hobea izan daiteke.
Zer garrantzi dauka ikerlari gazteen lana gizarteratzeak?
Ikerketak ez du beti nazioartean geratu behar, inguruko jendartera ere ekarri beharra dago. Ezagutza eta aldaketa hori inguruan konpartitzeko modu bat ere bada kongresua. Ikusarazi dugu Euskal Herriko hainbat hiritan ikerketa ere badagoela euskaraz.
Olatz Arbelaitz. Ikergazteko zuzendaria
«Batzuetan euskaraz ikertzea militantzia bihurtzen da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu