Sexu abusuak Eliza katolikoan. Biktimak. Gema Varona. Biktimologian aditua

«Batzuek ez dute salatu nahi, eta ulertu egin behar da hori»

Elizan sexu abusuak jasan dituztenei buruzko ikerketak egin ditu Varonak. Haren iritzirako, Elizak erantzukizunez heldu behar dio gaiari, eta biktimei laguntzeko bulego bat abian jarri.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2017ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Biktimak ditu ikergai Gema Varonak (Madril, 1969), eta elizgizonen sexu abusuak pairatu dituztenekin ere aritua da ikerketak egiten. Kriminologiaren Euskal Institutuko kidea da. Orain bi urte argitaratu zuen Elizako sexu abusuei buruzko ikerketa bat. Ez da itxitako lan bat; izatez, abusuak jasan dituztenen lekukotasunak hartzen segitzen dute. Gipuzkoako salaketen ondotik kasu gehiago agertuko direla dio. Testigantzak entzuteko prest daude.

Argitara atera dira sexu abusuen hiru salaketa. Oraindik salatu ez duten biktimentzat zer pisu du kasu horiek ikusteak?

Oro har, sentimendu anbibalenteak dituzte. Batetik, ikusten dute ez direla bakarrak, eta hori oso inportantea da; maiz uste dute beren arazoa dela, eta errua eta lotsa sentitzen dute. Salaketak ikustea ona da, biktima direla ikusarazten dielako. Bestetik, ordea, beste sentimendu bat sor dezake: «Horiek gai izan dira salatzeko, eta ni, ez». Kontu izan behar da horrekin.

Zer eta nola esaten den, alegia.

Ikerketa askok bi aldagai bereizten dituzte: jakinaraztea eta salatzea. Jakinaraztea, norbaiti kontatzea; salatzea, auzitegira jotzea. Biktima askok jakinarazten dituzte kasuak, baina salatu, ez. Arazoa da jakinarazpena jaso duenaren erantzuna askotan ez dela egokia. Zalantzan jartzen da biktima: «Nolatan ez zenuen salatu?», «Nola eutsi diozu hainbeste denbora?», «Ziur zaude?». Ez da intentzio txarrez galdetzen, baina biktimarentzat izugarria da, zalantzan jarri diotelako lehen berak zalantzan zeukana. Norbaitek zerbait kontatzen badigu, ez dugu epaitu edo zalantzan jarri behar.

Salaketa beste urrats bat da.

Batzuek jarri nahiko dute, eta beste batzuek, ez. Eta hori ulertu egin behar da. Genero indarkeriarekin bezala, ezin diogu laguntza eman salaketa jarri duenari soilik. Abusuen biktima gehienek ez dute salatzen. Noiz salatzen da? Adibidez, umeak izatean, edo umeak abusuak jasan zituzten adinera iristean. Esaten dute: «Nola pentsa nezakeen errua nirea zela adin horrekin?». Salatzea erabakitzen dute, eta oso jokabide eskuzabala da: ez dute nahi mendekurik; betebehar etiko bat ikusten dute balizko biktimekin. Hala ere, ardura ez da biktimena: erasotzailearena eta erakundearena da. Laguntza sentitu behar dute biktimek; zinez zaila da salatzea. Gizartearen elkartasuna bilatzen dute, eta beste inori ez gertatzea halakorik.

Izozmendiaren punta da hau? Ikerketetan badago zenbakirik?

Esaten da sexu delituen %90 inguru ez direla salatzen. Adingabeen aurkako abusuetan, oso handia da ezkutuko biktimizazioa. Heldu batek salatzea zaila da, eta adingabeek, zailagoa. Nola salatuko duzu halako errespetagarritasun soziala duen norbait? Zaila da oso. Gainera, hezitzaile bat edo apaiz bat denean erasotzailea, konfiantza espiritualaren traizioa dago. Egoera horretan jarri behar dugu. Erasotzaileek konfiantza bilatzen dute; apaiza miretsi egiten dute ingurukoek, eta erlazio ona du familiarekin. Abusuak hasten dira, eta adingabeak ez daki zer gertatzen den. Posible da prebentzio handiagoa. Ez soilik protokoloak: paperak ez du balio. Kontzientzia hartu behar dute denek, eta ez jarri auzitan biktima.

Kate bat dakar ezkutuko biktimizazioak, gaia ez ikustearena?

Bai. Ikerketak egitea zailtzen du, eta, hori egin ezean, ez dago tratamendu programarik. Aitzakiatarako bidea ere jartzen du: «Arazoa hain handia ez denez, zertarako jarri dirua prebentzioan eta ikerketan?». Ezkutuko biktimizazio hori handitu egiten da inork pausoa eman ezean. Ziur nago oraingo kasuak salaketa gehiago ekarriko dituela. Beti izan da horrela.

Preskripzioaren gaia hor dago...

Kontua da nola egin, bai. Ukituak direnean, hiru-bost urtera preskribatzen da. Horrek esan nahi du ez dela justizia egin behar? Errudunaren zigorraren araberakoa da justizia, eta okerra da hori: biktima gehienei ez zaie hori interesatzen, baizik eta berriro ez dezala delitua egin eta erakundea kargu egin dadila. Kezka konprometitua izan dezala. Leihoak irekitzea esan nahi du horrek. Ez dut ulertzen oraindik nola pentsatzen duten isilik geratzea erakundearen ospearentzat kaltegarri izango delakoan. 2017an gaude, eta herritarrek ez dute hori onartzen.

Zer iritzi daukazu Elizak eman duen erantzunari buruz?

Oso ondo iruditu zitzaidan [Jose Ignacio Munilla] gotzainaren agerraldia; galdera da ez ote zuen lehenago atera behar, edo biktimak irten direlako atera den. Biktimei dei egitea egokia izan zen, baina animatzea ez da aski. Zerbitzu bat balego, fiskaltzarekin lankidetza... Genero indarkeriarekin bezala da: «salatu, salatu», eta gero zer baliabide daude laguntzeko? Ikusi beharko da nolako lankidetza dagoen fiskaltzarekin; beste batzuetan, nagi aritu da Eliza, edo ez dizkio agiri guztiak eman estatuari. Elizak baditu bere prozesuak, baina, askatasun erlijiosoa duen estatu batean, ez da aski. Halere, biktima askori Elizaren prozedura axola zaie, ez auzitegietako prozedura.

Elizako kuriak ez ezik, eliztarrek ere beste aldera begiratu dute?

Mallorcan [Herrialde Katalanak] gertatu da oraintsu: salaketa bat jarri, eta biktimen aurka agertu herritarrak. Badugu beste kasu bat, non eskatzen den komunitate bat berriz fundatzeko, sortzailea abusatzailea zelako. Zera erantzun dute: «Hainbeste urte igarota, zertarako?». Kasua iraungita dago, baina biktimek ez dute nahi erasotzailearen argazkia eredugarri agertzea. Begira dagoenaren figura asko aztertzen dugu. Hori uztartu behar da, gainera, errugabetasun ustekizunarekin. Nola babestu? Salaketa faltsuak gutxiengoa dira: urteak joanda salatzen dute, eta zer zentzu du? Baina igual ez da esaten zen bezala...

Eta nola uztartu bi alde horiek?

Errugabetasun ustekizuna egon behar da, baina biktimaren aldeko ustekizuna ere bai. Salaketa jartzen badu, babestu egin behar da, eta lagundu. Ez dela zehazki hark zioen bezala? Esaten da hobe dela errudun bat kalean egotea errugabe bat kartzelan egotea baino. Bada, hobe da hain biktima ez den bat lagundua egotea, biktima bat laguntzarik gabe uztea baino.

Nolako neurriak hartu behar dira abusatzaileekin? Elizak lekuz aldatu ditu maiz. Egokia da hori?

Misioetara bidaltzen zituzten. Horregatik ere erantzukizuna egon behar da: hemengo biktimengatik ezer egin ez, eta, gainera, beste leku batera bidali, agian adingabeengana. Barkamena eskatu behar da. Eliz zuzenbideko zigorra jarri dute Donostiako kasuan, baina biktimen erreparazioa? Batetik, ekonomikoa, prozesu psikologiko bat behar izan badute eta poltsikotik pagatu badute —hala da maiz—. Bestetik, sinbolikoa: epe luzera, biktimek nahi badute, aukera egon behar da aurrez aurreko leheneratzaile baterako, non erasotzaileak barkamena eskatuko duen, eta erreparatzen saiatu.

Justizia leheneratzailea, beraz.

Beste herrialde batzuetan ikusi dugu funtzionatzen duela. Biktimak ez badu pertsona horrekin egon nahi, Elizarekin egon beharko luke. Era pertsonalizatuan. Biktima gehienek nahi dute Elizako ordezkariek barkamena eskatzea. Halako prozesuak badira Irlandan, adibidez. Lehen pauso modura, Elizak arreta zentro bat sortu behar du, profesional espezializatu eta independenteekin, sinesgarritasuna edukitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.