Parot doktrina bertan behera uzteko erabakia hartu zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2013ko urriaren 21ean. Hala, egun berean, Espainiako Barne eta Justizia ministroak biktimen fundazioko presidentearekin eta AVT Terrorismoen Biktimen Elkartearekin bildu ziren haien kexak eta eskariak entzuteko. Urte bereko udazkenean ere, Espainiako Gobernuak utzi egin zion GALen eta bestelako talde batzuen biktimei diru laguntzak emateari, «ETAkoak edo haren ingurukoak» zirela argudiatuta.
Batzuen kexetatik eta besteen beldurretatik sortu da Delituen Biktimen Estatutuaren lege proiektua, eta abuztuaren 1ean aurkeztu zuten. Badirudi arazorik gabe onartuko dutela Espainiako Gorteek PPren gehiengoarekin, nahiz eta epaile batzuek zalantzak agertu neurriaren konstituzionaltasunaren inguruan. Lege proiektua onartzen bada, zenbait eskumen ekarriko ditu biktimentzat; prozesu judizialean esku hartzeko erremintak eskainiko dizkio, berdin diola kasuan prozesatuta egon edo ez. Funtsean, lege proiektu honen helburu nagusia izan da biktimen elkarteek zuten haserrea baretzea eta haiei alternatibak eskaintzea, prozesu judizialetan «zeresana» izan dezaten. Betiere, epaileak izango du azken hitza.
Biktimen elkarteek hainbatetan eskatutako neurria jasotzen du lege proiektuak: artxibatzeei helegitea jartzeko denbora tartea handitzea. Orain arte, hiru egun zuten biktimek helegitea aurkezteko, delitu bat artxibatu baino lehen. Orain, epea 20 egunetara luzatu da; Espainiako Justizia Ministerioaren ustez, «ezinezkoa» da hain denbora laburrean helegite bat aurkeztea.
Bost urte baino gehiagoko zigorra duten presoei, hau da, ETAkoa izatea leporatzen dieten guztiei, baldintzapean aske geratzea lortzen dutenean edo zigorraren erdia beteta hirugarren gradua ezartzen dietenean, helegitea aurkezteko eskubidea izango dute biktimek. Gainera, «legearen mugen barruan», kalte material eta moralen berreskuratzea ahalbidetuko da.
Helegiteak jartzeaz gain, beste hainbat eskumen ere izango dituzte biktimek. Betiere lege aholkularitza izango dute, eta, hala nahi izanez gero, baita prozesu osoari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea ere, modu ulerterrazean. Presoa baldintzapeanaske geratzen bada, eta haren biktimak hala nahi badu, haren segurtasuna babesteko neurriak ere hartuko dira —lege proiektuak ez du zehazten zeintzuk—. Biktimaren deklarazioa jasotzeko orduan ere, hainbat zehaztapen jasotzen ditu legeak: epaiketak iraun bitartean, ez zaio «beharrezkoa ez den galderarik» egingo, beti pertsona berak elkarrizketatuko du,eta pertsona hori biktimaren sexu berekoa izango da. Identitatea babesteko, debekatua egongo da hedabideetan biktimari buruzko informazio eta argazkiak zabaltzea edo publikatzea.
Genero indarkeriako eta adingabeen kasuak ere jasotzen ditu lege proiektuak. Genero indarkeria kasuetan, erasotzailea aske geratzean, beti abisatuko zaio biktimari, nahiz eta, hark ez eskatu.Espresuki ez abisatzeko esaten badu soilik ez zaio jakinaraziko biktimari. Adingabeak eta urritasunen bat duten pertsonak neurri bereziekin babestuko dira, eta «beharrezkoak ez diren tramiteak saihestuko, kalte handiagorik ez eragiteko».
Neurri horiek zuzeneko eta zeharkako biktimetan eragingo dute. Hau da, zuzeneko biktimak ez ezik, haren ingurukoek ere eskumen berak izango dituzte; esaterako, hildako baten senideek.
Lege erreforma «justizia moderatzailearen»baitan dagoela dio Espainiako Justizia Ministerioak, eta Mariano Rajoy herrialdeko gobernuburuak babesten duen «gizarteratze» politiken barruan kokatzen dute. Azkenik, legean jasotzen denez, prozesua martxan jartzeko, bai biktimaketa bai presoak «ados» egon behar dute; presoak, berriz, «egindako mina» aitortu beharko du.
Tratu ezberdina
Beste biktima batzuk, ordea, ez dira eskumen horien jabe, edo, are okerrago, lehendik zituztenak ukatu egin dizkiete. Espainiako Barne Ministerioak GALen eta bestelako talde batzuen —besteak beste, Batallon Vasco Español taldearen— 46 biktimei laguntzak kentzea berretsi du argudiatuta «ETArekin lotzen dituen nahikofroga» dituztela. Neurri hori hartzeko, Europako Batasuneko biktimen kalte-ordainen hitzarmenera jo du Espainiako Barne Ministerioak. 2012. urte amaiera aldean, Espainiako Estatuko aurrekontu orokorrak aldatu zituzten, eta zehaztu Europako hitzarmena beteko zutela diru laguntzak emateko orduan. Hitzarmenean esaten denez, «kalte-ordaina murritz edo ken daiteke baldin eta biktimak delinkuentzia antolatua erabiltzen badu edo indarkeriazko delituak egiten dituen talde bateko kide bada».
Orain urtebete inguru utzi zion Barne Ministerioak hainbat biktimei laguntza emateari, «ETAren inguruarekin» lotura zutela argudiatuta. Gertatutakoa sakon aztertu, eta Espainiako Gobernuaren erabakia legezkoa den argitzeko, EHUko Kriminologia Institutuari txosten bat egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza eskubideen zuzendaritzak. Maiatzaren 31n atera zen argitara Terrorismoaren biktimen kalte-ordainari buruzko txostena. Han, bost pertsonaren kasuak jasotzen dituzte egileek. Kriminologia institutuko kideen arabera, ez dago haien aurkako «epai irmorik», eta, beraz, biktima horiei «errugabetasun printzipioa» urratu zaie.
Iñigo Lamarca arartekoa ere oso kritiko agertu da Espainiako Gobernuaren erabakiarekin. Esan du ezin direla «biktima batzuk besteengandik bereizi», hala jasotzen duelako Espainiako Konstituzioak eta, bereziki, giza eskubideekin loturiko nazioarteko legediak: «Denek dute justizia izateko eta onartuak izateko eskubidea», azpimarratu du Lamarcak.
Batzuei bai, besteei ez
ETAren biktimak babesteko lege proiektu bat egin du Espainiako Justizia Ministerioak.GALen eta BVEren hainbat biktimari laguntzak «ukatu» dizkiete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu