Herritarren Segurtasunerako Legearen erreformarako batzorde txostengilea bilduko da gaur Espainiako Kongresuko Barne Gaietarako Batzordean. Mozal legea aldatzearen aldeko taldeek zenbait puntu adostu dituzte, eta horiek txertatuko dituzte txostenean. PSOEk, Unidas Podemosek eta EAJk ez dute baztertzen afera otsailerako onartzea batzordean, Kongresuko osoko bilkurara igarotzeko. Halere, desadostasunak daude bospasei puntutan, eta EH Bilduk eta ERCk ez dute posible ikusten aurrera egitea horietan urratsik egin gabe.
EAJk, EH Bilduk, PSOEk, UPk, ERCk eta JxCk ia urtebete daramate mozal legea erreformatzeko akordio bat lortu nahian. 30 bilera baino gehiago egin dituzte, eta, abenduaren 21ean batzorde txostengilea berriz bildu ostean, urtarrilean bilkurak egiteko baimena eskatu zuten, prozesua bizkortzeko. Halere, oraingoz ez dute testu osoa hartuko lukeen akordio bat ixterik lortu. EH Bilduren ustez, hobekuntza batzuk jaso diren arren, ez dira ukitu legearen artikulu kaltegarrienetako batzuk. Uste du horiek gabe «erreforma light» bat litzatekeela.
Desadostasun handienetako batzuk dira gomazko piloten erabilera eta Espainia hegoaldeko mugetan migratzaileak iritsi ahala kanporatzea galarazteko aldaketak. PSOE erreforma horien aurka dago, baina EH Bilduk «ezinbestekotzat» jo ditu. Koalizioak hala kalifikatu ditu beste zenbait puntu ere: polizia agenteei egindako «errespetu faltak» eta «desobedientzia» arau hauste gisa jasotzen dituzten artikuluak aldatzea, eta segurtasun indarrek leku publikoetan herritarrak miatu eta identifikatzeko kontrolak ezartzearen aurka egitea.
Aurrerapauso batzuk
Sei talde parlamentarioek adostutakoen artean dago arau hausteak sailkatzeko moduan zenbait aldaketa egitea; baita horiek egiteagatik ezarritako zigor ekonomikoak murriztea ere. Gainera, zenbait kasutan isunen ordez jarduera hezigarriak egiteko aukera ezarriko dute. Azaldu dutenez, manifestazioak aurrez iragartzea ere ez da derrigorrezkoa izango.
Espainiako polizia sindikatuen haserrea eragin duten beste zenbait aldaketa ere batuko dira erreformara. Hala nola agenteen egiazkotasun presuntzioa mantentzeko beharrezkoa izango da esandakoa «koherentea, logikoa eta arrazoizkoa» izatea. Gabonen aurretik, berriz, zehaztu zuten segurtasun indarretako kideak grabatzea ez dela arau haustetzat hartuko, salbu grabaketen erabilerak kideen segurtasuna edo polizia operazio bat arriskuan jarri duela «egiaztatzen» denean.
EAJren ustez, batzorde txostengileak aurrera egiteko garaia da. Jeltzaleek uste dute erreformaren aldeko alderdien arteko bilkuretan eman zitezkeen pausoak eman direla, nahiz eta ez duten ituna itxitzat jo. Hala, gaur zenbait aldaketa txertatu arren, litekeena da datozen asteetan beste bilkuraren bat ere egitea, falta diren puntuen inguruan eztabaidatzeko.
Batzordera, 'mozal legean' ituna itxi gabe
Legea erreformatzearen aldeko taldeek urratsak egin dituzte azken asteetan, baina akordiorik ez da puntu korapilatsuenetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu