Batzarrek arbola astindu du

Hamar urte bete dira Ezkerra koalizioa osatu zela, baina Batzarrek ituna ez berritzea erabaki du. Nafarroako ezker eremua batzeko negoziazioak sustatzea dute xede.

Batzarreren bilkura bat. BATZARRE.
joxerra senar
Iruñea
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 29an hamar urte bete ziren Ezkerra koalizioa osatu zenetik, baina bi urteko ibilbide motza gera dakioke. Azaroan Batzarrek egindako biltzarrean, militantziak erabaki zuen Nafarroako Ezker Batuarekin hitzartutako akordioa ez berritzea. Alderdiak koalizioaren balantze positiboa egiten du, eta legealdia amaitu arte leial jokatzeko asmoa du. Hala ere, Edurne Eginok eta Iñigo Rudik azpimarratu dute ustekabeko erabaki horrek zatiketa baino gehiago indarren arteko batasuna lortu nahi duela. Batzarreko ordezkariek kezka bera dute: «Bananduta ez goaz inora». Bi urte geratzen dira foru eta udal hauteskundeetarako, eta, Ezker Batuarekin ez ezik, akordioa nahi dute Ahal Dugu-rekin eta Equorekin ere. Funtsean, ezkerreko esparru horren arbola astindu dute, eztabaida sustatu nahirik.

2019ko hauteskundeen atarian egin zen saiakera bat elkarrekin joateko, baina ez zen gauzatu. «Hilabete batzuk lehenago hasi ginen, eta ez zen sakoneko lan hori egin, ez zen konfiantza aurretik landu», azaldu du Eginok. Iñigo Rudiren arabera, uste zuten lau urte lehenagoko emaitzak berdintzeko gai izango zirela. «Negoziazioetan analisi txarra egin genuen, eta errotik okertu ginen». Batetik, lau urte lehenagoko emaitzak parekatu zitezkeela uste zuten alderdiek; bestetik, beren interesak lehenetsi zituzten, eta euren inguruko boto emaileen nahia albo batean utziz: «'Hainbat dut, hainbeste balio dut' uste genuen alderdi guztiok, eta huts handia egin genuen. Jendeak nahi zuen elkartzea, eta bakoitzak gure bidetik jo genuen. Horregatik zigorra jaso genuen».

Muturreko handia jaso zuten 2019ko bozetan. Parlamentuan, Ahal Dugu-k zazpi legebiltzarkide zituen, bi bakarrik geratu zitzaizkien; Ezkerrak, berriz, ozta-ozta lortu zuen legebiltzarrean sartzeko behar den %3ko langa, 28 botogatik—. Iruñeko Udalean, indarretako batek ere ez zuen lortu ordezkaritza, eta, PSNren babesari esker, Enrique Maia da alkate.

Txarrean, alde ona

Hain emaitza txarrek badute beren alde ona ere, Batzarreko ordezkarien esanetan. «Indarrak bateratzea ez da aukera bat guretzat, behar bat baizik», azpimarratu du Rudik. Ziur daude gainerako indarren artean antzeko azterketa egiten dela, gainera. «Behar» hori abiapuntu egokia izan daiteke negoziazioei ekiteko. Dena den, bide horri ekin aurretik, indar bakoitzak bere barne prozesua egin behar duela uste dute.

Ahal Dugu-rekin «sintonia ona» dutela nabarmendu dute Batzarreko ordezkariek. Pandemiaren eraginez, ekitaldia atzeratu egin du alderdi moreak, baina azkenean martxoan egingo ditu primarioak. Eduardo Santosek aurreratu du ez dela hautagai izango. Iragan astean BERRIAri emandako elkarrizketan azaldu zuenez, begi onez ikusten dute indarrak bateratzea, gizarteak berak hala aldarrikatzen dielako.

Nafarroako Ezker Batuak «harriduraz» hartu du Batzarreren hautua, baina indarrak biltzearen aldekoak dira. Espainian, IUk martxoaren 26 eta 27an du biltzar federala, eta ondoren prozesua lurraldeetara eramango dute. Nafarroan, Marisa de Simonek koordinatzaile izateari utziko dio.

Datozen bi urteak konfiantza eratzeko baliatu behar dituztela uste du Batzarrek. Parlamentuan zein erakundeetan elkar ezagutzen badute ere, jorratu beharreko bidea diferentea dela uste du Eginok. «Gizartean ez badugu sakontzen eta belaunaldi berrietan eragin ezean, ez dugu zer eginik.».

Batzarre 1987an sortu zen, eta azken bi hamarkadetan koalizioetan eragin du politikan: lehenik, Euskal Herritarrok-en; ondoren, Nafarroa Bain, eta, 2011z geroztik, Ezkerran. «Zubi lana egin behar dugu, norabide batean bultzatu eta iraganera begiratu, etorkizunean zer nahi dugun jakiteko», esan du Rudik. «PSNren eta abertzaleen ezkerrera badago sektore bat, ilusioa galdu zuena 2019an. Berreskuratu behar ditugu».

Eginoren arabera, bateratzeko bidean, gizartearen egungo eta etorkizuneko arazoen diagnostiko bat landu behar dute, eta irtenbidea proposatu: «Bi alorrak jorratzen baditugu, herritarren eskaeratik gertuago egongo gara».

Erakundeetako lana

Ezkerrak zein Ahal Dugu-k 2015etik Nafarroako Gobernua babestu dute —Ahal Dugu-k gobernuan parte hartzen du eta Ezkerrak ere, zeharka, baditu kideak egituretan—. Erakundeetako lanak ezkerrean kontraesanak eragin ditzakeela-eta, Eginok dio garrantzitsuena dela ideologikoki politikak baldintzatzeko gaitasuna izatea, «gobernuan izan zein ez». Haren ustez, azken urteetan indartu den joera bat izan da alderdi anitzen elkar ulertzea nagusitu dela. «Konplexuak dira gauzak eta konplexutasun hori politikara heldu delakoan nago. Erakargarria da, demokrazian sakontzeko ahalmena ematen digulako».

Testuinguru politikoa ere diferentea dela dio Iñigo Rudik, eta bertan ezkerreko esparru horrek zeregin garrantzitsu bat jokatzen duela dio. «Historikoki PSN eskuinarekin joan da, eta zergatik orain ezkerrarekin gobernu alternatibo bat lortu da? Ezker horrek behartu duelako». Rudiren irudiko, sokatira bat dago euren artean, eta horregatik zentzuzkoa da indarrak batzea. «Behartuko dugu gure aldera jotzea eta gure aldeko gobernura joatea». Helburua litzateke «eskuina bakartuta uztea, berriro gobernura hel ez dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.