Batzar «atipiko» bat

EAJk VIII. Batzar Nagusia eginen du asteburuan, Barakaldoko BECen. Txosten politikorik ez, baina bi egitasmo berri aurkeztuko dituzte

Mireia Zarate EBBko idazkaria, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maddi Ane Txoperena Iribarren - Iosu Alberdi
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Atipikoa» izanen da EAJren VIII. Batzar Nagusia. Batetik, bi aldiz gibelatu behar izan dutelako, eta bilerarekin batera egin ohi dituzten kargu hautaketak joan den abenduan egin zituztelako. Eta, bertzetik, aitzineko urteetan ez bezala, ez dutelako eztabaidatuko txosten politikorik. Bi egitasmo berri aurkeztuko ditu alderdiak batzarrean: «entzuketa aktiboko prozesu bat» izanen da bata, eta bertzea alderdiarekin harremanetan jartzeko «modu berri bat». Larunbat arratsaldean emanen dituzte bi asmoei buruzko xehetasunak, Mireia Zarate EBB Euskadi Buru Batzarreko idazkariak atzo Bilbon jakinarazi zuenez.

Abian, zurekin leloa jarri diote larunbatean eta igandean Barakaldoko BECen (Bizkaia) eginen duten bilkurari, jeltzaleek adierazi nahi baitute «Euskadi zutik eta martxan» dagoela, eta baita EAJ bera ere. Elkartzeko eta gizartearekin eztabaidatzeko baliatu nahi dute parada, halaber, eta horrekin lotuta daude aurkeztuko dituzten bi «tresna» berriak. Zaratek jakinarazi duenez, hain zuzen, «euskal gizarte osoarekin konektatu, komunikatu eta kolaboratzea» izanen dute xedea: «Berriro ere konektatu nahi dugu, gure ibilbidea definitzeko eta pandemiak utzi digun mundu berri honi begira gure jarduera politikoa diseinatzeko».

9:30ean hasiko dute batzarra, larunbatean, eta, txosten politikoaren faltan, «barne eztabaida» eta diagnostiko bat plazaratuko dituzte: «Agiri hori izango da abiapuntua. Oinarria sendo eta landua eramango du EAJk, eta herritarrek hobetu ahal izango dute», erran zuen atzo Zaratek. 16:30ean aurkeztuko dituzte egitasmo berriak, ondotik.

Igandean, berriz, ekitaldi politikoa eginen dute: Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eta Egi gazte erakundeko kide batek hartuko dute hitza, eta Zaratek aitzinatu du gazteek «zeregin esanguratsua» izanen dutela. EAJko militante eta «lagunei» bilerara joateko deia egin diete: «BECeko ateak eta EAJrenak zabal-zabalik egongo dira topaketa honetan gurekin egon nahi dutenentzat. Zain izango gaituzue, segurtasun neurriak betez eta ilusioz beterik». Idazkariak jakinarazi du osasun protokolo «guztiak» beteko dituztela bilkuran.

EAJk 2016an egin zuenVII. Batzar Nagusia, Iruñean, eta VIII. batzarra 2020ko uztailean egin behar zuen, baina bi aldiz gibelatu behar izan dute: lehenbizikoz, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeengatik, eta, bigarrenez, koronabirusaren pandemiagatik. EAJko kargu nagusiak diren EBBko presidentea eta bertze zortzi burukideak 2020ko abenduan hautatu zituzten, Aberri Batzar batean: han erabaki zuten Ortuzar EBBko presidente izanen zela bertze lau urtez.

Madrilen, aurrera

Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestuko dituzten alderdien multzora batu zen atzo EAJ, bertzalde, proiektuaren lehen tituluen aldeko botoa emanda. Era berean, gaur proiektua bere osotasunean babestea ere espero dute, PSOE, Unidas Podemos, EH Bildu, ERC, PDeCAT, Mas Pais, Compromis, Nueva Canarias eta Kantabriako Alderdi Erregionalistarekin batera. Halere, Aitor Esteban bozeramaileak esan du ez dituztela negoziazioak amaitutzat jo, eta elkarrizketekin jarraituko dutela Senatuan ere. Haren hitzetan, jeltzaleak «kezkatzen» dituzten hainbat gai daude finkatzeko; hala nola AHTa hiriburuetan sartzeko bideen ingurukoak. «Izapidea amaitu arte, trebetasuna erabili behar», azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.