Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak batxilergoko curriculuma aldatu du. Heldu den ikasturtetik aurrera, Erlijioa irakasgaia edo haren ordezkoa, bietako bat, derrigor ikasi beharrekoa izango dute batxilergoko ikasleek. Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpen bat betez, neurri hori hartu du Jaurlaritzak. Orain artean, eskola publikoek eguneko ikastorduen amaieran pilatzen zituzten, normalean, Erlijioko orduak; hautazkoa zenez, trukean beste irakasgairik hartu beharrik ere ez zuten ikasleek. EHIGE, BIHE eta Sarean guraso elkarteek «erabateko desadostasuna» agertu dute neurri horiekin.
Erlijioa aukeratuko ez duten ikasleek derrigorrezko izango dute, beraz, ordezko irakasgaia egitea. Guraso elkarteek gogorarazi dute ikasleen %2,7k baino ez dutela eskatu Erlijioa ematea batxilergoan: «Ez dago ez familia ezta ikasleen eskaerarik ere aldaketa hori egiteko». Erlijioaren ordezko irakasgaiak, gainera, curriculumarekin propio lotutako gaiak eta gaitasunak lantzeko ez duela balio erantsi dute. Eta Jaurlaritzari oharra egin diote: aldaketa egiteko, bi milioi euro gorde beharko ditu Jaurlaritzak, «murrizketa inportanteak izango direnean hainbat arlotan».
Guraso elkarteek salatu dute, halaber, erlijio irakasleek beste irakasgai batzuk emateko aukera ere izango dutela. «Beste irakasleekiko bidegabea iruditzen zaigu, ez baitute sarbide prozesu bera».
Eskola publiko laiko baten alde egiten jarraituko dutela berretsi dute EHIGEk, BIHEk eta Sarean guraso elkarteek: «Eskola publikoarentzat, inposizio b at da erlijioa curriculumeko irakasgai moduan sartzea».
Batxilergoko curriculumetik Erlijioa kentzea nahi dute guraso elkarteek
Laikotasunaren alde egiteko eskatu dute; curriculuma aldatu du Eusko Jaurlaritzak, heldu den ikasturterako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu